Barrea ez diote kendu behintzat. «Txilekoa foiletoi bat izan da, eta gauza oso serioa bada ere, barrea irteten zait. Baina, tira, ezin dut ezkutatu egoera oso larria dela». Juanjo Orozek (Iruñea, 1980) ez dio ziririk sartu nahi bere buruari, eta etxekoen eta ingurukoen babesa goratu du etengabe.
Pasatu al zaizu haserrea?
Amorrua da gehien dudana. Urtea nola edo hala pasatzeko borrokatu naiz, eta orain, hau. Lortu dut, eta lehiatzen hasteko garaia hasten denean... ez dizute aukera ematen. Egiari zor, Txilera joan ginen arte dena ondo zihoan.
Azken egunotan asko hitz egingo zenuen Urtasun eta Bizkarrarekin.
Watsapp multzoa dugu, ekinbideen berri izateko eta. Lehen egunetan harrigarria zen, foiletoi gero eta luzeagoa, albisteak, albisteak... Baina, tira, penak elkarrekin banatuta hobeto pasatzen dira.
Foiletoi diozu?
Kontatu izan balidate ez nuen sinetsiko. Txilera joan ginen, eta dena ondo zegoen. Taldeko langileak oso jende ona ziren, baina jabea... 'Juan Pablo, ez naizela bazkaltzera eta afaltzera gonbida nazazun etorri, lehiatzera etorri naiz. Emadazu bizikleta, dortsala, eta errepidera', esaten nion. Gauza susmagarriak ikusten nituen, baina ez nuen halakorik espero. Gero, gezurren bat harrapatzen genionean, dirua UCIko lizentziarekin batera iritsiko zela esaten zigun. Eta behin lizentzia lortuta, Txiletik etortzekoa zen, hegazkin barrutik argazkia bidali eta guzti egin zigun. Baina aireportura ez zen iritsi...
Hasieran dena serioa zela zirudien.
Bagenekien ez gindoazela talde garrantzitsu batera, baina gutxieneko berme batzuekin gindoazela pentsatzen genuen. Kontratuek gure aholkularien galbahea pasatu zuten, babesleenek ere bai, notarioaren zigilua zuten... Profesionaltasun handiz egin zuen.
Notarioa tarteko?
Zigilua benetakoa zen, baina notario horrek erretiroa hartua zuen. Paperak denak zuzenak ziren, UCIren bermea, babesleen kontratuak... Ez ginen guztiarekin jabetu Txilera joan arte. Gu lehiatzera gindoazen, eta bizikletak noiz iritsiko ziren galdetzean, beti 'bihar' esaten zigun, eta bihar ez zen inoiz iristen. Gauza arraroak ikusita, lizentziaren aitzakia jarri zigun, eta sinesten duzu sinetsi nahi duzulako.
Baina babesleak ba omen zeuden. Hori da iruzurra.
Kontratu batzuk faltsuak ziren, baina ez guztiak
Taldea aurrera atera al daiteke?
Bai, kudeaketa Espainiako jende multzo batek du orain, jende serioak, baina dirua jarri behar duenak kale egiten badu... Egitasmo honek nahiko oihartzun izan zuen Txilen, eta han daude, salbatzen saiatzen, baina errealistak izan behar dugu, oso zaila baita. UCIk epe bat ematen dizu, baina motza da, astebete gehiago izango dugu.
Zenbat diru litzateke? 300.000 euro inguru zabaldu da?
Hasieran diru sarrera handia behar duzu egitasmoa martxan jartzeko, baina gehiago ez baduzu lortzen, bi hilabetean diru hori gasta dezakezu.
Materiala bazenuten.
Bai, bizikletak, arropa... urtarrilaren 4az geroztik Madrilgo aireportuan daude. Gure asmoa San Luiseko Tourrean (Argentina) parte hartzea zen, baina dena ordaindu arte, logikoa denez, hornitzaileek ez zuten ezer bidali.
Ezkorra al zara?
Ni ez naiz inoiz ezkorra izan, baina errealista naiz. Txirrindulari izateko itxaropena ez dut galtzen; ohetik altxatu, eta 'lortu behar dut' pentsatzen dut. Baina badakit Pino Roadekin egoera zaila dela, eta laster erabakiren bat hartzeko garaia iritsiko dela.
Euskaltel, hau... Txirrindularitza oso gaizki dago.
Eta bizitza ere bai! Lagun taldean denok dugu lan egoera larrian dagoen norbait. Txirrindularitzan orain ikusiko da zer-nolako egitasmoa zen Euskaltel, eta zer zulo betetzen zuen.
Badago konponbiderik otsailean? Ateak jotzen hasi zara?
Tira... jendeari txirrindulari serioa naizela erakusten saiatu behar dut, ea zerbait lortzen dudan. Eta ez badut lortzen, behintzat ez da izango tematu ez naizelako.
Hutsune gutxi egongo dira orain...
Horretan gaude, baina zaila da. Pazientzia behar dut. Azaroan hutsune gutxi bazeuden, otsailean... saiatu beharra daukat. Nik profesional sumatzen dut neure burua, eta oraindik maila onean lehiatzeko gai naizela badakit. Orain, aukera falta zait.
Bihar entrenatzera joango zara? Ez duzu amore emateko tentaziorik?
Bai, gaur ere joan naiz. Niretzat oso garrantzitsua da etxekoen babesa, garai honetan are gehiago, eta ez dut gezurrik esango, zalantzak izan ditut, eta haiei esker jarraitzen dut lanean. Baina, bestalde, pentsatzen duzu, 'negu ona egin dut, eta honen erruz bi egunera utziko dut? Bada ez'. Bizikletan nengoela jakin nuen albistea, askotan igotzen dudan mendate batean, eta hartu nuen beroaldiarekin, inoiz baino bizkorrago igo nuen.
Juanjo Oroz. Txirrindularia
«Badakit laster erabakiren bat hartzeko garaia iritsiko dela»
34 urte betetzear dago, baina lehiatzen jarraitu nahi du. Euskaltelen desagerpenak eta Txileko iruzurrak ez diote zapuztu ilusioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu