Joseba Llorente. Realeko jokalaria

«Badakit ez dudala hutsik egingo jokatzea tokatzen zaidanean»

Denboraldiko aurreneko minutuak izan zituen Athleticen aurka, eta, hemendik aurrera gehiago ez baditu, entrenatzailearen erabakiz izango da, ez beste ezergatik, aurrelariak sasoi betean ikusten baitu bere burua.

Donostia
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Seguru eta baikor dago. Hasitako Gose da Llorente (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979), futbol gosez egon ere. Denbora gehiegi daramalako lesioari buruzko azalpenak ematen, berdeguneko hizkeratik urrun. Ziur da gorputzari buelta eman diola.

Derbiko porrotaren ostean luze egin al zaizu etena?

Zarauzko lagunartekoak entrenamenduen erritmoa hausteko balio izan zigun sikiera. Maiztasunez jokatzen ari ez garenontzat laurogeita hamar minutuz lehiatzea garrantzitsua da. Ongi etorri zitzaigun. Asteburua noiz iritsiko irrikaz nago orain.

Zer sentitu zenuen berdegunea usaintzean berriz ere?

Poztasuna. Denbora asko daramat zelaietatik kanpo, luze egiten da. Igandero nahi izaten dugu parte hartu, barruan egon… Entrenamenduak lehiarekin ez daukalako zerikusirik. Lan eta lan ibili naiz hilabeteetan, eta deialdian nire izena ikusi nuenean poz handia hartu nuen.

Motibazio ziztada moduko bat izan al da zuretzat? Zenbaterainoko premia zenuen?

Fisikoki edo teknikoki nahiko parean gaude taldekide guztiak. Buruak, ordea, behar bezala funtzionatzen duenean, motibatuta zaudenean, deialdian sartzean, entrenatzaileak zurekin bi hitz egitean neurketari begira… Horrek bultzada handia eman ohi dizu. Izan ditudan atsekabeak direla eta, ahalik eta hotzenen mantentzen ahalegindu naiz, arreta entrenamenduetan jartzen.

Aurreneko neurketan zerrendatik kanpo geratzea izan al zen ipurdiko handiena?

Bai. Kolpea izan zen. Hilabete asko dira, jo eta su, lanean lesioa atzean uzteko. Gainera, uste baino hobeto ikusi nuen neure burua eguneroko saioetan. Sasoi betean ez, baina bai maila onean. Horregatik Gijonera ez abiatu izana gogorra egin zitzaidan. Ondorengo tragoak ere ez dira samurragoak, nahiz eta gerta dakizukeen susmoa hartu diozun.

Zelaiko arrastoa zeharkatzetik gero eta gertuago ikusten al duzu zeure burua?

Nire jokatzeko era ezagutzen ari da entrenatzailea, eta horrek mesede egingo dit ziur. Azken boladan inoiz baino hobeto ari naiz, gozatzen. Ezin dut gehiago eman. Zarauzko lagunartekotik gozo-gozo atera nintzen.

Jokalari ez sentitze hori da prozesuaren gogorrena?

Goraino iristean konturatzen zara ezin duzula esan zer polita den hau guztia. Hori baino serioagoa da futbola. Urratsa egin genuenok kirola maite dugulako da, lehian hazi egiten garelako. Horregatik, deialdietatik kanpo geratzean dena falta zaizu. Hori bai, ezinezkoa zait itxura txarra ematea halako egoera baten aurrean. Zer pentsatuko ote dute, gero, gu baino 10 urte gazteago direnek? Jarraibide aproposa ginateke orduan!

Diziplinaz ari zara?

Bai. Eta errespetuaz. Nirekiko errespetu handia erakutsi dute jokatu izan dudanean, eta nik beste hainbeste zor diet orain taldekideei. Nire haserreak, zaputzaldiak edo desadostasunak izango ditut, baina inoiz ez Zubieta barruan. Beste aldarte batean etorri behar duzu entrenatzera.

Diziplinaz ari garelarik, ez al da galdu neurri batean?

Begiratu umeen artean zer gertatzen den. Hanka tartetik pasatu diola baloia batek edo nik zer dakit zer eratara egiten duen izkin besteak, eta uste dute horrek balio duela, sekulako jokalariak izango direla horregatik. Futbola beste gauza bat da, ordea. Realean ezin dugu diziplinarik gal, hori gabe ez gara ezer izango eta.

Entrenatzaileak eman al dizu azalpenik?

Ez dit dei egin ez nauelako bete-betean ikusi. Beti hitz egiten da zer edo zer, baina ni ez naiz inor azalpen eskean aritzeko. Eman zidan, halere, harremana egokia da, eta espero dut hala segitzea.

Joseba Llorente lehiarik gabe itzalita al dago?

Lehiaketak ematen dizun zera hori hartzen ahalegintzen ari naiz, gero eta gogorrago entrenatzen. Lagunartekorik bada, barruan duzun guztia atera, eta partida osoan korrika egin. Gustura sentitu zaitez gutxienez zeure buruarekin. Jokatzeko txanda iristean prest egon behar duzu, %100 emateko gai izango zarelakoan, eta inoiz ez erdizka. Asetuta joan nintzen etxera Zarauztik. Badakit ez dudala hutsik egingo jokatzea tokatzen zaidanean.

Zenbaterainoko beharra duzu futbolaz soilik hitz egiteko, eta ez zure osasunaz?

Nekatzen nauen kontua da. Egunero kontu berberaz bueltaka ibili beharra ere ez da atsegina. Kontua da sarri-sarri idazten dela ez nagoela sasoiko edo bizkarreko arazoak galarazten didala hau eta beste egiten; horren inguruan galdetzen didala mundu guztiak. 31 urte dauzkat eta badakit zertarako gai naizen, zer eman dezakedan. Ez nago kezkatuta, ezta gutxiagorik ere. Esaten diren gauza guztien aurrean gogorra behar duzu izan. Kontratuan izenpetu duzu.

Bereziki mindu zaituen komentariorik ba al da?

Harmailetan geratu izanaren hamaika azalpen entzun ditut. Hauek bazter batean utzi behar dira, eta kasurik ez egin. Gehiegi gustatzen zait futbola, hau La Noria bat bihurtzeko.

Lesioagatik gehien indartzea kosta zaizuna hanka izan al da?

Bai. Nerbio ziatikoak zartakoa hartu zuenez, indargabe nabaritzen nuen zangoa denboraldi aurre hasieran, baloia jotzerakoan ahul. Aspaldiko kontuak dira, zorionez.

Carles Puyolek onartu du futbola uztekotan izan dela lesioarekin gorriak ikusi eta gero. Mutur horretaraino iritsi al zara zu?

Lehenago ere momentu txarrak igarotakoa naiz. Horren latzak inoiz ez ,ordea. Ez dut sekula amore eman, eta orain Realera bueltatzea lortu dudanean are eta gutxiago. Halako egoerak gainditzean indartsuago sentitzen zara. Lehenago aipatu ditugun komentarioek ere zirikatu egiten naute, nerbioa pizten zait.

Zure ibilbidea samurra izan ez den errezelorik ba al duzu?

Jokatzen amaitu arren liga hasierak ez dira inoiz errazak izan niretzat. Ziur naiz golak sartuko ditudala aurrerantzean ere.

Jokalari moduan zer-nolako garapena izan duzu?

Teknika batik bat asko hobetu dut. Ez naiz ari buruz buruko jokaldiez edo izkin egiteaz. Baizik eta area barruan nagoenean lehen ukituan jokatzeaz, gutxi-gorabehera pentsatu dudan tokian kokatzeaz baloia. Bizkarrez jokatu, zabaldu alde batera edo bestera, buruz errematatzen jakin… bederatzi batek hori behar du. Area barruan egon behar zara, min egiteko eremuan.

Gerlaritzat definituko zenuke zeure burua?

Ez. Hori bakarrik izan banu, ez nuke inoiz Vila-real talde teknikoan jokatuko, maila onean, gainera.

Norengan ipini duzu zuk arreta?

Eibarren hasi nintzenean Samuel Eto'oren garairik onenak ikusi nituen. Gola, amorrua, indarra… soberan zituen. Ikustekoa zen nola presionatzen zituen aurkariak, zer-nolako lana egiten zuen eta gero gainera 25 gol sartu.

Nola ikusi duzu taldea?

Jokatzeko era ezberdina izanagatik, ez pentsa hainbesterainokoa izan denik aldaketa. Asko ari gara ukitzen baloia zelai erdian, horretara ohituta ez gaudenean. Horregatik behar dugu denbora. Hartzen ari gara. Teknika aldetik maila handiko jokalariak ditugu taldean, baina hori ez da dena, lana ere egin beharra dago. Ezin dezakezu goizetik gauera aldatu. Ez dut uste entrenatzaileak hori egin duenik.

Multzoa bigunegia al da?

Ez zait iruditzen. Jokalari oso gazteak ditugunez, ikusiko duzu nola zenbat eta partida gehiago jokatu, makilkada gehiago hartu orduan eta gogorragoak izango diren, nola esnatuko diren. Hanka gehiagotan sartuko dute, tximetatik tira behar bada tirako dute… guri egiten dizkigutenetatik ikasiko dute. Hortik bigunak izatera aldea dago.

Zakurkeria falta da, hortaz.

Ez zait hitz hori gustatzen. Badirudi zikina izan behar duzula. Beste zerbaitez ari naiz. Esaterako, zure lanean fuerte izatea, baloia behar bezala lehiatzea, falta bat dagoenean baloiaren atzean jartzea bizkarrez…. Futbola ez da zenbat kilometro pila egiten dituen horrek partidako, edo nik zer dakit zenbateko baloi jabetza duen. Partidak irabaztean datza jokoa. Guk ez dakigu atzean zain egoten, gogor defendituz. Beste era bateko taldea gara. Gora joatekoa arerioaren bila, indartsu presionatuz, estutuz… batez ere, Anoetan.

Zure azken hitza esan ez duzulakoan zaude, bizi-bizi?

Bai, zalantzarik gabe. Onik eta osorik nago, oso bizi, eta urte asko geratzen zaizkit oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.