Kike Sola. Osasunako jokalaria

«Badakigu momentu zailetan behar bezala lehiatzen»

Sailkapeneko azken postuan da Osasuna, eta orain arte ez du itxura onik eman. Horregatik, Kike Solak uste du taldeari egin zaizkion kritikak «bidezkoak» direla. Hala ere, baikor da aurrelaria, eta badu itxaropena hutsak zuzendu eta gora egingo dutela.

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Iragan sasoian ez zuen batere jokatu Kike Solak (Cascante, Nafarroa, 1986), lesio baten ondorioz, eta sasoi honetan kosta egingo zaio Joseba Llorenteri postua kentzea. Hargatik, Jose Luis Mendilibarrek eman dion lehen aukeran gol dotorea egin zuen Solak, eta hamaikakoan jarraitzea da orain bere helburua. Denboraldi hasiera kaskarraren ondotik Levanteren aurka irabaztearen garrantzia azpimarratu du.

Ez zenuen hamaikakoan hasi sasoia, baina jokatu duzun lehen aldian gola sartu duzu. Nola zaude orain?

Oso ondo, pozik. Belaunean ebakuntza egin zidaten iaz, eta horrek kezka apur bat eragiten zidan, baina denboraldi-aurrean bertan ikusi nuen belaunak ez zidala galaraziko nire jokoa egitea, eta oso pozik nago, sasoi betean.

Taldearen egoerak baldintzatuko du zure poza, dena dela.

Gezurrik esaterik ez dugu. Azken postuan gaude, eta suspertu egin behar dugu. Levanteren aurkakoa ez da final bat, final baten ostean ez baita beste aukerarik izaten, baina guretzat oso partida garrantzitsua da. Zaleen babesarekin irabaziko dugula sinetsita nago. Partida iristeko irrikaz gaude. Halere, larritasunik ez dugu. Iragan sasoian izan ezik, aurreko urte guztietan mailari eusteko borrokan izan gara beti, eta ez dut esango horretara ohituta gaudenik, baina badakigu une zailetan behar bezala lehiatzen.

Romaredan galdu ondoren, barkamena eskatu zenien zaleei.

Bai, noski, sare sozialak horretarako daude, eta barkamena eskatu beharra sentitu nuen, ez baikenuen gure maila eman Zaragozan. Halere, barkamena eskatzeko erarik onena igandean irabaztea da. Zaleei poz hori eman nahi diegu.

Denboraldia oker hasi duzue, baina egoera ez da hain larria. Gauzak bere onetik atera dira?

Ez dut uste. Azken postuan gaude, eta badakigu gaizki hasitaokerrak zuzentzea gero eta zailagoa dela. Halere, sasoia hasi besterik ez da egin. Levanteren aurka irabaziz gero, joera aldatuko dugu. Hori da asmoa.

Mallorcari sartu zenion golak hiru puntuak ziurtatu izan balitu, ez zen jendea hain ezkor egongo orain.

Mallorcari irabazi izan bagenio, lasaiago egongo ginen Zaragozako partidaren ostean, ziur. Baina tamalez, markagailuan aurrea hartu ostean atzean sartu ginen nahi gabe, eta azkenean berdintzearekin konformatu behar izan genuen. Konfiantza da gakoa, eta partidak irabazita lortzen da hori.

Aitona pozik utziko zenuen, gutxienez.

87 urte betetzen zituen egunean sartu nuen gola, eta baneukan gola hari eskaintzeko gogoa, bai. Gustura geratu nintzen.

Aitonak ederki sufrituko zuen iragan sasoian, iloba jokatu ezinda ikusita.

Bai, noski, niretzat bezala, nire senideentzat ere sasoi zaila izan zen. Hori ahaztuta dago, halere.Futbolaz gozatu egin nahi dut, eta taldeari lagundu.

Mendilibarren lehen sasoian, ezinbestekoak izan ziren zure golak mailari eusteko. Maila hura berreskuratuko al duzu?

Hori da nire asmoa, eta horretarako ari naiz lanean. Entrenamenduetan barruak husten ari naiz. Jokalari garrantzitsua izan nahi dut Osasunan, golak egin eta taldeari laguntzeko.

Valladoliden Joseba Llorentek eman ziona Osasunan zuk eman ahal zeniola esan zuen Mendilibarrek orduan. Orain, Llorente eta zu zaudete talde berean.

Postu guztietan lehia izatea gauza garrantzitsua eta komenigarria da. Langile ikaragarria da Llorente, eta borroka egiteaz gain, golegilea dela ere erakutsi du. Nino eta Manu ere ahazterik ez dago, dena dela.

Llorentek eta zuk elkarrekin jokatzerik ez daukazuela dirudi. Zuk zer uste duzu?

Seguru nago elkarrekin ere ondo jokatuko genukeela, baina entrenatzaile bakoitzak bere ohiturak ditu, eta badirudi Mendilibarrek nahiago duela aurrelari peto baten atzean punta-erdi bat jartzea. Entrenatzaileak esandakoa ahal bezain ondoen egiteko gaude gu.

Levantek aurkari aproposa dirudi izenez, baina beldurrik eragiten al du azken denboraldietako bere joerak?

Levante talde txikia dela esaterik ez dago. Argi dago Europan lehiatzen ari den talde batek errespetua merezi duela, eta ez dugula partida samurra izango. Jokalari bikainak ditu Levantek, eta emaitza ederrak ari da lortzen.

Norbait azpimarratuko zenuke?

Jose Javier Barkero, Numantzian taldekide izan nuena. Jokalari ikusgarria iruditzen zait. Harena bezalako ezker oin gutxi daude Espainiako Ligan, eta erne ibili beharko dugu. Ea ez duen egunik onena, min asko egin baitezake geldikako jokaldietan. Martins ere fitxatu berri dute, egundoko abiadura daukan futbolari bat. Jokalari aproposa izan daiteke iragan sasoian Konek kontraerasoetan egiten zien lana egiteko.

Hasieratik ariko zara berriro?

Ez dakit; ni prest nago, baina entrenatzaileak du azken hitza.

Gaia aldatuz. Nafarroako alderdi politiko gehienek Osasunak Ogasunari zor diona lehenbailehen ordaintzeko eskatu dute. Gauza horiek eraginik ba al dute jokalariengan?

Niregan, behintzat, ez. Nik nire lanean jartzen dut arreta guztia, eta nire lana da ondo entrenatzen eta entrenatzaileak aukera emandakoan ondo jokatzen ahalegintzea. Dena konpontzea nahi dut, noski, klubak dituen baino zailtasun gehiago ez izatea. Baina gai horiek arrotzak dira niretzat. Osasunaren etorkizunerako, igandeko partida irabaztea garrantzitsuagoa da, nire ustez.

Krisiak klubei ere eragiten diela argi dago. Garai latzetarako prest?

Pribilegiatuak gara gu, baina argi dago krisiak denei eragiten digula futbolarioi, enpresariei edo funtzionarioei adina. Lehen Mailan errazago estaliko ditugu arazo ekonomikoak, dena dela, eta hori da talde honetako jokalarion helburua: Osasunak Lehen Mailan jarraitzea.

Kontratu berriak negoziatzeko orduan ere garai ekonomiko zailak nabarituko dituzue.

Bai, noski. Nik orain bizpahiru urte luzatu nuen kontratua, eta orduan ez zen hainbeste nabaritzen krisia. Hori bai, berriz kontratua luzatzeko eskaintza egiten badidate, argi dago ahalegin bat egin beharko dudala beste taldekide askok dagoeneko egin duten bezala. Denok dugu egokitu beharra egoera berri honetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.