Bere usaiako moldean, derbi atariko kazetarien galderei freskotasunez ihardetsi die Julien Puricellik (Grenoble, Frantzia, 1981). Hala ere, ahalik eta gutxien erran du Baionak erabiliko duen taktikari buruz. Ez dio aurkariari arrastorik eman nahi.
Beldurraren derbia ote da etzikoa?
Gisa horretan ez hartzen saiatuko gara. Gure egoera ez da oso ona, orain hamabost egun etxean galdu genuelako —Racingen aurka, 16-19—. Oraindik ez gaude hondamen egoera batean, ordea. Galdu arren, ez genuen hain partida txarra jokatu Racingen aurka, eta Toulonen emaitza polita lortu genuen. Bilakaera egon da gure jokoan, eta hori ona da. Lanean segitzen dugu, guztia zalantzan jarri gabe. Partida hau etxean jokatu beharreko edozein partida bezala hartu nahi dugu: irabazteko betebeharrarekin.
Hala ere, derbiak testuinguru berezia du. Eragiten dizue jokalarioi?
Etxean jokatu beharreko beste edozein partida bezala hartzen dugu. Egia da derbia irabazteak gainsari psikologiko bat duela, bolada on baten hastapena izan daitekeelako. Serio jokatuko dugu, irabazteko asmoz, eta motibazio plus txiki horrekin.
Azken urteetan ikusi da derbiaren garaileak bolada onarekin jarraitzen duela eta galtzailea krisian sartzen dela. Nola esplikatzen duzu hori?
Egia erran, ez dakit sobera zergatik gertatzen den. Irabazi ondoren, halako sentimendu bat barneratzen zaigu. Taldekideengan konfiantza handiagoa daukagu. Aski bitxia da, bai.
Zaleengan sortzen duen zirrararengatik ote da?
Beharbada, bai, baina atariko astean ahalik eta gehien saihesten ditugu zaleekiko kontaktuak. Bakartuta egoten gara, eta giro hori ez dugu sumatzen.
Urteen poderioz, euskal derbia ez al da normalizatu?
Nire seigarren sasoia da Baionan, eta jagoitik derbi batzuk jokatuak ditut. Bilakaera bat sumatu dut. Orain urte batzuk, jokalarien mugimenduak ez ziren hain handiak, eta taldean zeudenak aspalditik ari ziren Baionarentzat. Horrek beste xarma bat ematen zion. Gaur egun, urtero mugimendu anitz dago, eta atzerritik ere geroz eta jokalari gehiago heldu da. Beste modu batez bizi dute horiek derbia.Zaleek beti pasio handiz bizi dute, eta agian egiazko derbia bi hirien artekoa da, bi kluben artekoa baino.
Partida hau ez duzue, hala ere, beste edozein bezala prestatzen, ezta?
Noski ezetz. Prestaketan derbiaren berezitasunaz jabetzen gara. Presioa txikitzen entseatzen gara. Kontzentrazioa handiagoa da lanean, jokalariek badakigu ilusio handia egiten diela zaleei partida haur irabazteak. Partida handien atarikoen zaporea dauka prestaketak.
Aspaldiko partez lehen aldiz, Baiona da irabazteko faboritoa. Egoera horrek zerbait aldatzen al du zuen prestaketan?
Hedabideak irakurtzen badituzu, bi taldeak oso gaizki behar dugu egon! 13. egonda sailkapenean —azken aurreko postua—, ezin dugu gure burua faboritotzat hartu.Jakin badakigu Miarritze egoera txarrean dagoela, etxean hiru aldiz galdu duelako eta azkena doalako. Iragan sasoian, gu egoera berdinean geunden, eta Agileran irabazi egin genuen (15-16). Badakigu nola prestatu genuen partida, eta badakigu egoera horretan irabaztea posible dela. Ederki abisatuta gaude.
Iragan sasoian jokatu zenuten partida beltza izan zen oso (6-6). Arantza hori kentzeko gogoz zaudete?
Atsekabe handia eragin zigun partida hark. Bi taldeak ez ginen gelditu konforme emandako mailarekin. Presioak gaina hartu zion jokoari, eta ez genuen gauza handirik erakutsi. Aurtengoan telebistak uko egin dio partida emititzeari, eta neurri handi batean iragan sasoiko azken derbiarengatik izan da.
Nola irabazten da derbi bat? Borrokari esker?
Azkeneko derbia partida mota desberdinak izan dira. Guk irabazi izan dugularik, emaitza tinkoekin izan da, baina egon dira garaipen errazagoak ere. Bi taldeak berdin motibaturik aterako gara, beraz, zoriak, xehetasun jakin batek... erabaki dezakete gisa horretako partida bat.
Bi taldeen jokoa aztertuz, agian Miarritzeri irabazteko gehiago komeni zaizue gibelean jokatzea, abiadura eta erritmoa bizituz?
[Pentsakor]. Izan daiteke gako bat... Egin beharko diren gauza batzuk badaude, eta gutxiago egin beharrekoak ere. Oreka bilatzean datza gakoa. Gehiegi jokatuta kontra-erasoak eta zigor kolpeak bil ditzakegu. Gutxiegi jokatuta, berriz, partida itxiegia izan daiteke. Hala ere, gure estrategiari buruz ez dizut txintik ere erranen [barrez].
Zalantzan dago Dimitri Yachvili jokatzeko moduan egongo den ala ez, azken partidan kolpea jaso baitzuen begian. Horrek gauza anitz aldatuko ditu?
Yachvili jokalari handia da, eta bizkarreko handia litzateke Miarritzerentzat berak ez jokatzea. Hala ere, albiste horrek ez gaitu sobera kezkatzen, larunbatean berak jokatuko balu bezala prestatzen ari gara partida.
Errugbia. Baiona-Miarritze derbia. Julien Puricelli. Baionako jokalaria
«Badakigu azkenak joanda derbi bat irabaztea zer den; jakinaren gainean gaude»
Miarritzerekin mesfidati dago Julien Puricelli. Ez du nahi faborito gisa agertu nahi. Derbiaren inguruko presiotik ihes egiten saiatzen da, eta zuhur azaldu da larunbaterako gakoak emateko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu