Egunkarien faltan, sakelako telefonoko bilatzailetik albisteak irakurtzen esnatu da eguna, kafea hoztu eta usaina galdu duen arte. Pareko eraikinaren etxe aurreko leihoek sakelako telefonoen pantailak dirudite. Urtean bitan bada ere, lehenago garbitzen dira etxeko leihoak, ganbarari hautsa kendu baino. Salbuespenak salbuespen, besteek lehen kolpean ikusiko duten hori gehiago zaindu izan da. Baita futbol taldeek ere, Realaren webguneko futbol taldeen azpi-menuan lehen taldea eta emakumeak bereizten dituen arren. Hona etorri diren zaleentzat, ordea, zein izango da lehen taldea? Hirugarren pertsona plurala erabiliko al dute emakumeen taldeaz ari direnean? Irabazi dute ala irabazi dugu? «Irabazi dugu», ziurrenik. Baina galdu?
Espainia plaza, 10:00ak. Gaur jokatuko dena Espainiako Kopako finala da: Bartzelona - Reala. Txapelketa monarkikoa. Erreginarena, zehazki. Ikusten diren zaleetatik zenbat izango dira espainiarrak? Zenbat monarkikoak? 2019an, Realak irabazi zuen finala. Letizia Espainiako erreginak eman zion kopa Sandra Ramajo Realeko kapitain ohiari. Ordutik, ez da final gehiagotan izan eta kasik partidaren pronostikoa bezainbeste entzuten da erreginaren ingurukoa, egongo den ala ez. «Aurten etorriko dela esan dute».
GIF edo meme bihurtu ohi den argazkia da eguneko lehena. Familia bat. Ametako bat txuri-urdinez, beste biak gorri eta urdin. Hirurak elkarrekin Romaredarantz bidea egiten. 2-1. Atzetik Orioko lagun kuadrilla bat, ardi beltza Bartzelonaren elastikoarekin. 1-4. Familia bat, 1-2. Maria Leonen kamiseta lagun batek, Nerea Eizagirrerena besteak. 1-1. «Emaitza hori primeran legoke»
11:30ak. Zaila da Pilarreko plaza betetzea, 24.000 metro koadro baititu; bi futbol zelairen zabalera eta zortziren luzera. Azkenekoz, hemen, Voxen mitin bat zegoen. Militante baino espainiar bandera gehiago zeuden. Paparrean jarrita batzuk, arropan brodatuta besteak, eta airean beste hainbeste. Gaur kamiseta zuri-urdinak ikusten dira, bandera eta ikurrinaren bat edo beste. Ez da marea bat, baina badira 5.000 tanta. Giroa epel dago, baina ez da epelkeriarik. «Aupa neskak!», eta irribarre konplizeak tarteka. Eguzkiak leun goxatzen du. Zertarako, baina, are fanatismo gehiago?
«Zaragozak jokatuko du, ala?», gizon batek emazteari. Fanatismoak, nork bereak. Eta aldamenean eseri zaizkigu, fanak nola, beren ikuskerei ipurdian zulorik ikusten ez eta gainontzekoei hutsak bakarrik ikusten dizkieten hiru lagun. Zaplaztekoak banatu dituzte nonahi. Baina emakumeen futboleko hainbat errealitatek ere eman dizkiete zaplaztekoak: nola jokalari bat ama izan daitekeen, eta haren bikotekidea emakumea, Bartzelonako emakumeen taldeak gizonezkoenak baino kaudimen handiagoa duela… Belarriak gorritu zaizkie, baina, hala ere, ez dute ahoa itxi.
Kontrasteak kontraste, egunak aurrera egin ahala, jendartea homogeneizatuz joan da. Ez dago look aniztasunik. Nerabezaroan lagunartean nola, hala daude zale guztiak, ia berdin jantzita. Zapatilak, galtza bakeroak eta kamiseta marraduna. Kuadrilla egun binario bat dirudi. Giroa ere, antzerakoa: multzoak inoiz baino identifikatuago egon arren, beste kuadrillakoekin sekula baino gehiago hitz egiten eta nahasten da. «Zuek hurrengo astekoa irabazi, eta guk gaurkoa!» Soinez soin dabiltza parez pare egongo diren bi taldeen zaleak. Estadio kanpoan elkarrekin «Visca Catalunya!» eta «Gora Euskal Herria!» oihuka. Gutxitan ikusi daiteke (pentsa futbolaren testuinguruan) emakume talde bat mikrofonoa eta bozgorailua eskuetan, Palestinaren bandera soinean, zaletu taldearen koru zuzendari. Gero, haur bati utzi diote mikrofonoa. Keinuak.
Bat etorri dira Espainiako ereserkia jarri dutenean ere. Txistu egin dute guztiek. Epaileak ere bai, partidari hasiera emateko. «Ea irabazten dugun!». Inor gutxi joan zen Granadara eta etorri da Zaragozara Reala kopa altxatzen ikustera; eta, ia guztiak, taldea animatzera. Badago aldea, ezta?