Baikoko pilotaria

Iñaki Artola: «Badaezpada, bertso bat eramango dut prestatua»

Lau urteren ostean sailkatu da berriro Artola final baterako. Ez zuen jokatu aurrekoa, buruz burukoa, min hartu baitzuen. Baina ez du uste pilotak ezer zor zionik. «Esaldi oso itsusia da hori. Nik bai, zor diot pixka bat pilotari».

Iñaki Artola. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Artola. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
Alegia
2025eko martxoaren 24a
12:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Elkarrizketak egin eta egin dabil Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994) Alegiako Intxurre Kultur Kirol Elkartearen egoitzan. Ordu asko sartzen ditu bertan, pilota klubean laguntzen. Jon Mariezkurrena ere badabil gaur elkartean, baina hark bukatu ditu lanak, eta badoa etxera. Eskua berokiaren patrikan sartu, eta ez du topatu autoaren giltza. Larritu egin da une batez. Artolarengana gerturatu da, eta eskua sartu dio patrikan. Hantxe topatu du giltza. Barrez hasi dira biak. Ez dira ados geratu nork hartu duen berea ez den berokia. 

Finala jokatuko duzu. Zer sentitzen duzu?

Poz eta ilusio handia. Txapelketa honetan ez dut behin ere presio handirik sentitu. Finalera iritsita, denok bizi nahi genuen festara iritsi naizela sentitzen dut. Hau ez dit jada inork kenduko. Horretaz ere gozatzen jakin behar da.

Lasaitua sentitu duzu berriro final batera iritsita?

Ez, eta, agian, horregatik iritsi naiz finalera, ez dudalako sentitu hori lortzeko presioa. 20 urterekin jokatu nuen lehen aldiz binakakoa, eta finalerdira iritsi nintzen [Jon Ander Albisurekin aritu zen]. Hurrengo urtean beste horrenbeste egin nuen [Albisurekin aritu zen berriro]. Finalerdiak jokatu bai, baina gero ez nintzen iritsi finalera; bai, ordea, inguruko beste pilotari asko. Presioa sentitu izan dut, baina urteekin askatu egin naiz horretatik. Gure esku dagoenean jarri behar da fokua, eta gure esku dagoena da lana egitea borroka horretan ibiltzeko, eta gure onena ematea txapelketa guztietan; hau da, txartelak erosi behar ditugu. Gero tokatzen den edo ez? Faktore asko daude. Eta, oraingoan, tokatu da, tokatu egin behar zuelako.

Jende asko poztu da zuregatik. Mezu asko jaso dituzu?

Bai, eta jendeak hau irakurriko duela aprobetxatu nahi dut esateko mezuren bat idatzi didan jendeak ez duela hori egiten nire erantzuna jasotzeko esperantzan. Zorion eta animo mezu pila jaso ditut, eta asko eskertzen ditut. Oso inguru pilotazalean bizi naiz, eta horrek bi alde ditu: ona, oso babestua sentitzen naizela; txarra, aldiz, haien animoak presio bilaka daitezkeela, haiei poz bat eman nahi diezulako. Hori ere landu dugu, eta azkenaldian gehiago bizi dut animo eta babes hori segitzeko indar eta bultzada bezala. Txapelketa honetan ez dut horrenbesteko beharrik izan, baina garai batzuetan bultzada horrek asko lagundu dit. Haiek ere bide honen parte dira.

Norekin gogoratzen zara oraintxe?

Jende askorekin, baina batez ere, Garbiñerekin eta Jose Inaziorekin. Biak oso pilotazaleak ziren, eta biak ni finalerako sailkatu aurretik hil ziren.

«Txapelketa honetan ez dut behin ere presio handirik sentitu. Agian, horregatik iritsi naiz finalera»

Etxerako bidaiak ez zuen batere antzik izango 2021ean buruz buruko finalerako sailkatu zinen aldiarekin. Orduko hartan, anaia eta biok joan zineten autoan, triste, lesionatu egin zinelako.

Justizia poetikoa deitzen zaio horri. Frontoi berean sailkatu naiz final baterako, eta berriro finalerdia irabazita. Arantza ateratzeko modurik onena da.

Asko gogoratu zara 2021ean jokatu ez zenuen final harekin?

Ez, eta uste dut egoerak eskatzen duela hura ez aipatzea. Neronek aipatu izan dut askotan «arantza» hitza ordukoaz gogoratzean, baina, benetan, ez dut sentitzen arantzarik horrekin. Oso gogorra izan zen, baina aldi berean, nahiz eta finala ez jokatu, lan ona egin izanaren eta final batera iritsi izanaren satisfazioa nuen. Esan eta esan ari gara hau dela nire lehen finala, baina, niretzat, bigarrena da. Hau da, arantza aterata neukan, eta ez nuen honen beharrik. Iritsi da, oso ondo, baina iritsi ez balitz ez nuke arantzarik izango, berriro lortu dudalako finalerako lehian aritzea; hori da garrantzitsuena, ez finalera iristea edo ez.

Jendearen ustez, pilotak final bat zor zizun. Zuk, ordea, ez duzu hori uste.

Ulertzen dut final hura jokatu ez nuenez jendea poztu egin dela berriro final batean nagoelako. Ni neu konturatzen naiz ez dudala zorte onik izan lesioekin, eta horrek kalte egin didala. Baina esaldi hori, pilotak final bat zor didala, oso itsusia da. Nola zor didala? Alderantziz bai: nik bai, zor diot pixka bat pilotari. Adibidez, gaur pilota eskolako bilera dugu hemen, eta haien artean ni naiz bakarra pilotatik bizi dena, pilotari esker gauza polit pila bat bizi dituena: tartean, final hau jokatzea. Horixe bakarrik falta zait niri, esatea pilotak zerbait zor didala.

Iñaki Artolari haren bertso ikasleek egindako bertsoa.
Orain finala jokatuko duzu, baina duela bi urte ordezko lanak egiten ari zinen Promozio Mailako binakakoan.

Aldatu dira gauzak, bai. Garai horrek asko gogortu ninduen; esperientzia indartsua izan zen. Beti gorenean dabilenak senti dezake galtzeko asko duela, eta nik une horretan nire tokia galdua nuen. Horrek, askotan, askatzeko balio du. Horrelakoak behar izaten ditugu astotik jaisteko. Nik orduan sentitu nuen lehen mailan edo Promoziokoan aritu, jarduna bera dela, baita pozak eta tristurak ere, eta beste gauza batzuk baloratzen hasi behar nuela, eta ez hainbeste emaitzak. Hori bizi eta gero, hobeto jakin dut baloratzen berriro maila handiko partidak jokatzea. Asko ikasi nuen garai hartan.

Iaz, sekulako binakakoa jokatu zenuen; sasoi betean aritu zinen. Baina finalerdietan geratu zinen kanpoan. Oraingoan, ordea, osasun arazo dezente izan dituzu, eta ez dituzu jokatu bost partida. Hala ere, finalean zaude.

Bitxia da, bai. Horregatik diot norberarengan izan behar dugula fokua; zuk bakarrik dakizu zer txapelketa egin duzun hobea, zein kostatu zaizun asko eta zein ez. Adibidez, aurreko binakakoa nire txapelketa onenetako bat izan zen. Oraingoa baino hobea izan zen? Ez dakit. Txapelketa guztiak ezberdinak dira: bikoteak ezberdinak dira, baita bikotean jokatu beharreko rola ere. Baina Mariezkurrenarekin jokatu nuen aurreko txapelketarekin alderatuta [2018-2019ko denboraldian], antzeko mailan gaude, baina bikote sendoagoa gara, esperientziari esker. Erabaki onak hartu ditugu: adibidez, zer partida jokatu eta zein ez, eta neurketa garrantzitsuen aurretik nerbioak nola kudeatu. Aurreko aldi hartan galdutako partidek zerbaitetarako balio izan dute. Jokatu ez bagenitu, agian, ez genuen final hau jokatuko.

Zuk behetik gora egin duzu.

Bai, beheragotik ezin nintzelako hasi, lesionatuta nengoelako. Pazientzia handia behar izan dut, eta sinetsi azken fasera iristen baginen denbora alde izango nuela. Faktore batzuk alde izan ditugu: jokatu ez nituen lehen lau partidetatik bi atera zituen Jonek aurrera ordezkoekin, eta, kanporaketan, lehen aukeran sailkatu ginen. Horri esker, gero eta hobeto aritu naiz. Fisioterapeutak txantxetan esaten zidan finalerako ondo jarriko ninduela. Barre egiten genuen horren kontura, eta, begira, finalean nago.

«Bi partidak galdu ditugu haien aurka [Ezkurdiaren eta Rezustaren aurka], eta hori ez da kasualitatea. Oso aurkari gogorrak dira»

Mariezkurrenak eutsi dio bikoteari?

Bai. Nik behetik gora egin dut. Jon, ordea, hasieratik aritu da oso ondo. Sekulako txapelketa egin du.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Gogorra izango da. Josebak [Ezkurdiak] eta Beñatek [Rezustak] egundoko txapelketa egin dute, baina finalean hutsetik hasiko gara. Aukera bera dugu irabazteko, baina hau ligaxka bat balitz, haiek aurretik joango lirateke: bi egun txar kenduta, oso indartsu eta seguru aritu dira beti. Guk bi partidak galdu ditugu haien aurka, eta hori ez da kasualitatea. Azkenekoan txukun aritu ginen, baina ez zuen balio izan. Oso aurkari gogorrak dira.

Hasi zara bertsoa pentsatzen, irabaziko bazenu ere?

[Barrez hasi da]. Saiatzen zara halakoetan ez pentsatzen, baina eguna oso luzea da, eta bi aste asko dira. Badaezpada, bertso bat eramango dut prestatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.