Zirkuituak asko nekatzen du; gorputza baino gehiago, burua: makina bat bidaia egiten ditugu, oso bakartia da, eta egun txar gehiago daude onak baino. Hala ere, merezi du». Lara Arruabarrena tenislariaren hitzak dira (Tolosa, Gipuzkoa, 1992). Melbournendago (Australia); astelehenean hasiko da Australiako Irekia, denboraldiko lehen Grand Slam torneoa, eta bertan aritzeko atariko kanporaketak jokatu behar ditu.
Atzo jokatu behar zuen lehena, baina, Australiako suteek airean eragindako kutsaduraren ondorioz, antolatzaileek hainbat partida atzeratu zituzten, tartean Arruabarrenarena. «Nik ez dut sumatu, baina jendeak dio erre usaina dagoela. Espero dut baldintza onetan jokatzea».
Ondo bidean, gaur ariko da estreinakoz, Indy De Vroome herbeheretarraren aurka. «Ez dut ezagutzen, baina ni baino atzerago dago WTAren sailkapenean [152. da Arruabarrena, 207. De Vroome]». Kanporaketa hori eta beste bi pasatu beharko ditu astelehenetik aurrera onenekin lehiatu ahal izateko. Horregatik, «partidaz partida» jo nahi du, bere buruari luzerako xedeak jarri gabe. «Entrenatu dudana atera dadila nahi dut, egin dudan lanak isla izan dezan. Bide onean nagoela ikusi nahi dut, irabazi edo galdu».
Zirkuituaren egunerokoa eramaten «zaila eta gogorra» dela aitortu izanagatik ere, Arruabarrena bakarrik ibili zen 2019 ia osoan, inolako laguntzarik gabe. Gauzak oso argi izan behar izan dira erabaki hori hartzeko, baina berak bazituen; «arriskuan» zegoen. «Urte hasieran konturatu nintzen ez nintzela gozatzen ari. Itota sentitzen nintzen, bai pistan, baita pistatik kanpo ere. Aldaketa bat behar nuen, egiten nuenarekin berriz ere gozatzeko. Bestela, erreta amaituko nuen, tenisa gorrotatzen. Horregatik erabaki nuen nire kasa ibiltzea denbora batean, lasaiago, presio gutxiagorekin».
Bakarrik arituta ez zuen lortu emaitza aipagarririk. Irailean torneo bat irabazi zuen Seulen, Tatiana Maria alemaniarrarekin bikotean, eta hori izan zen tolosarraren garaipen bakarra denboraldi osoan. Gainera, aldakan izandako lesio batek Roland Garrosen eta Wimbledonen jokatzea eragotzi zion. Horren ondorioz, behera egin zuen sailkapenean, eta aurreneko ehun tenislarietatik kanpo geratu zen —52. postua du sailkapenik onena, 2017koa—. Ez zen kezkatu, helburua lortua baitzuen: «Nahi nuena lortu nuen: berriz ere tenisean jokatuz gozatzea».
Hori lortuta, laguntza bilatu zuen. «Bakarrik aritzea behin-behinekoa zen. Oso argi nuen berriro lantalde baten laguntza behar nuela. Bakarrik egonda, oso zaila da ordena mantentzea, gauza asko baitaude egiteko. Norbait behar nuen ondoan, konfiantzan izan dezakedan norbait». Argi zuen ere nor nahi zuen ondoan. Bi entrenatzaile zituen begiz jota: Lourdes Dominguez galiziarra eta Ana Alcazar espainiarra, biak tenislari ohiak. «Gustatzen zitzaidan nola egiten zuten lan eta nolako pertsonak ziren. Gogo handia nuen haiekin entrenatzeko». Laguntza eskatu, eta baiezkoa jaso zuen.
«Urte asko ditut aurretik»
Ia bi hilabete daramatza haiekin lanean, eta jada sumatu du aldea, baita hobekuntza ere. «Barrutik baino askoz hobeto ikusten da dena kanpotik. Errazagoa da hobetzeko dauden gauzak antzematea. Asko laguntzen didate, bai entrenamenduak, baita partidak prestatzeko orduan ere. Ordena bati jarraitzea ahalbidetzen didate, eta oso ondo moldatzen gara. Ulertu egiten naute, eta badakite zer nahi dudan; oso pozik nago haiekin lanean».
Hirurek adostuta, «aldaketa asko» egin dituzte prestaketan. «Ezingo nituzke bizpahiru nabarmendu. Makina bat dira. Onerako zein txarrerako, asko dut hobetzeko». Izan ere, «ziur» dago ez duela «goia jo». «Inoiz ez dut eman nire ustez eman dezakedan guztia, baina borrokan jarraitzen dut hori lortu ahal izateko. Ilusio hori badut. Uste dut gorago egon naitekeela».
Zertan egin du huts? Zer gabezia ditu? Ez du erantzun zehatzik. «Aldi bakoitzean zerbait falta izan zait jauzia eman ahal izateko: eskarmentua batzuetan, patxada besteetan, jokoa beste batzuetan, eta neure buruann konfiantza izatea besteetan».
Baina ez du itxaropena galdu, eta adinari erreparatu dio baieztapen hori indartzeko. «Egun, zirkuituko tenislariak geroago iristen dira heldutasunera; zenbat eta urte gehiago eraman, orduan eta hobeto jokatzen dute. Gehiago zaintzen dira ere, eta, horri esker, gero eta kirol ibilbide luzeagoak egiten dituzte. Nik 27 urte ditut, eta beteranoa naiz gaztea baino gehiago. Baina pentsatu nahi dut oraindik urte askoan jokatuko dudala tenisean».
Serena Williams da Arruabarrenak egungo tenislarien ibilbide luzeez esandakoaren adibiderik argiena. 39 urte betetzear dago estatubatuarra, eta bete-betean lehiatzen da, baita titulu nagusiak irabazten ere. Tolosarrak, halere, barre egin du Serenaren adibidea entzutean. «Ez dut ikusten neure burua adin horrekin jokatzen».
Babestu, hobetzeko asmoz
Hilabete askoan bakarrik aritu eta gero, entrenatzailerik gabe, Lourdes Dominguez eta Ana Alcazar teknikarien laguntza du orain Lara Arruabarrenak. «Hobeto» ari dela dio, eta hori pistan islatu nahi du gaurtik aurrera, Australiako Irekiko atarikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu