Oraina beltza da Nafarroako eskubaloiarentzat. Itxakok iragarri zuen, lehendabizi, hurrengo sasoian ezin izanen dela Txapeldunen Ligan lehiatu, horretarako dirurik ez duelako. Orain, San Antoniok hartu du Asobal ligari uko egiteko erabakia. Arrazoia bera da. Lehiaketan parte hartu ahal izateko baliabide ekonomikorik ez du taldeak. Babeslerik gabe gelditu da San Antonio, eta, ondorioz, duela 56 urte sortu zenetik, bigarrenez egin behar izan dio uko maila nagusian aritzeari.
«Ez nuen berri hau eman behar izatea espero, baina egin beharko dut». Hitz horiekin hasi zuen San Antonioko presidente Doroteo Vicentek, atzo, taldeak Asobal ligan ez aritzeko hartu duen erabakia azaltzeko agerraldia. San Antonioko zuzendari Jose Mari Herasekin batera agertu zen Vicente. Hunkituta mintzatu zen presidentea, eta malkoei eusteko lanak izan zituen. Zuzendaritzako kideek egindako ahalegina azpimarratu, eta egoerari ahalik eta ondoen aurre egiten saiatu direla gaineratu zuen.
«Aukera guztiak agortu nahi izan ditugu, erabakia hartu baino lehen. Babesle bat bazegoen, baina atzera egitea erabaki du, eta, ondorioz, Asobal ligari ezezkoa eman bertze biderik ez dugu». Taldeak mailari eutsi ahal izateko 220.000-250.000 euro inguru behar zituela azaldu zuen, baina kopuru hori lortzerik ez dutela izan.
San Antonioko zuzendaritzako kideen erabakiak, noski, eragin zuzena du, batetik, orain arte talde nagusiko kide izan diren jokalariengan; eta, bertzetik, taldeko gainerako kirol arloetan. Jokalariei dagokienez, «bertze edozein taldera joateko erabateko askatasuna» dutela erran zuen Vicentek.
Onartu zuen erabakia atzeratu izanak taldea bilatzeko lana zailduko diela jokalari horietako gehienei, eta «laguntzeko prest» agertu zen. «Lehentasuna da zor diegun dirua ahalik eta azkarren ordaintzea». Ekainean bukatu zen sasoiko eta aurreko denboraldiko hainbat soldata zor dizkie taldeak jokalariei. Haietako batek, Alberto Agirrezabalagak, Asobal ligan ez jarraitzeko erabakiak «ezustean» harrapatu dituela aitortu zuen atzo, taldeak erabakiaren berri eman eta gero.
Datorren sasoirako entrenatzailea ere bazuen San Antoniok. Uztailaren 5ean sinatu zuen Iñaki Aniz nafarrak taldearekin. Babeslerik gabe, ordea, kontratua ezerezean gelditu da.
Taldeko gainerako arloei buruz, erabakia bazkideek dutela azpimarratu zuen San Antonioko presidenteak. Espainiako Lehen Mailan —hirugarren maila—aritzen den eskubaloi taldea badu elkarteak, adibidez. «Asmoa talde horri eustea da, baina hitza bazkideek izanen dute». Batzarra eginen du taldeak laster.
Oraina beltza da, eta etorkizunari buruz ere esperantza handirik ez du Vicentek. Ez oraingoz, behintzat. «Egungo krisi egoerak ez du batere laguntzen». Hala ere, aurrera egiteko lan eginen dutela erran du San Antonioko presidenteak. «Duela hemeretzi urte egin bezala».
Babeslerik gabe, Asobal ligari uko egin behar izan dio San Antoniok
Jokalariei oraindik ere zor dien dirua «lehenbailehen» ordaintzeko asmoa agertu du klubak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu