Arrauna. Kontxako bandera. Haizea Fernandez. Kontxako epaimahaiko presidentea

«Babes handiagoa eman behar zaie Kontxan ari diren neskei»

Tostetan lehenengo eta epaile lanetan gero, arraunari lotuta bizi izan da eta bizi da Haizea Fernandez. Onartu du berezia dela Kontxa.

Ainhoa Irazu
Donostia
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Haizea Fernandez egiatarra daKontxako banderako epaimahaiko presidentea (Donostia, 1985). Duela bi urte hasi zen zeregin horretan estropadetako ekitaldirik garrantzitsuenetakoan. Horrez gain, Gipuzkoako Arraun Federazioko Epaileen Kolegioko presidentea ere bada; kargu hori izan duen lehen emakumezkoa, hain zuzen ere. Arrauna maite du, eta ausardiaz hasi zen gizonezkoak nagusi diren esparru horretan. Bere egitekoan eroso eta ondo sentitzen da garai batean arraunlaria izandako gaztea.

Familiatik datorkizu arraunarekiko zaletasuna. Zeintzuk dira zure lehen oroitzapenak?

Aitarengandik datorkit zaletasuna. Arraunlaria izandakoa da, eta arraun munduan jarraitzen du. Lehen oroitzapenak ez ditut oso argi, baina txikitako argazkietan ume-kotxean azaltzen naiz, bateletan, estropadetan…

Zergatik erabaki zenuen esparru horretan sartzea?

Arraunlaria izandakoa naiz, eta uste dut mundu hori ezagutzen duen edonori zaila egiten zaiola hortik guztiz aldentzea. Arrauna utzi eta gero, berriro izan nuen bueltatzeko gogoa, baina lehiaketek ez ninduten erakartzen. Arrauna gertutik jarraitzeko aukera bat epaile gisa aritzea zen, edo probatzea, behintzat.

Bide luzea egina duzu esparru horretan. Ibilbideaz bi hitz eskatuz gero?

Epaileekin joaten hasi nintzen haien lana ezagutzeko. Udan hasi nintzen, eta neguan serioago hartu nuen, gustuko izan nuelako. Ligetako araudiak ikasten hasi, eta eskaintza izan nuen federaziotik lanean hasteko. Epaile ona izateko araudiak ikasi behar dira. Hala ere, hor garrantzitsua da bakoitzaren izaera, gauzak argi edukitzea eta ahalik eta ondoen epaitzea. Nik ez dut etenik hartu; urtero aritu naiz epaile lanetan.

Nolakoa da zure lan egutegia?

Kontxa bukatutakoan, etenaldia egin ohi dugu. Azaroan, aulki mugikorreko estropadekin hasi ohi gara. Gabonen ondoren, bestea dator: batelak, trainerillak, traineruak… Udan, berriz, TKE liga, Euskotren liga, Euskadiko Txapelketa, KAE1, KAE2, Gipuzkoako Txapelketa...

Zuen ardura da estropadaren zuzendaritza, kontrol teknikoa eta zigorrak erabakitzea. Zurea da azken hitza. Kontra egin al dizute inoiz emakumea izateagatik?

Bi gauza bereiziko nituzke: alde batetik, estropada bakoitzeko presidentea izatea eta, bestetik, kolektiboaren presidentea izatea. Lehiaketatik kanpoko erabakiak denon artean erabakitzen ditugu, lasai. Estropadetan, berriz, aurre egiten didate. Zigor bat jartzen duzunean, normalean, hasieran aurre egiten dizute, hasieran inori ez baitzaizkio gustatzen zigorrak. Emakume izateagatik aurre egiten didaten? Ez dut uste; zigorra izan ohi da ika-mikaren eragilea. Orain arte ez dut arazorik izan, baina egia da ez dudala erabaki potolorik hartu behar izan. Errespetua irabazita dudala uste dut. Ez naiz sentitu gutxietsia emakume izateagatik.

Zure lekuan eroso sentitzen zarela diozu. Nola lortzen da hori urte luzez emakumeentzat debekatutako esparru batean?

Garrantzitsuak dira norberaren jarrera eta izaera. Nik abantaila dut horretan, txikitatik hau dena oso ondo ezagutzen dudalako. Banekien non sartzen nintzen; nire hitza zapaltzen utzi gabe, konfiantza eman behar nien mundu honetan dabiltzanei. Errespetua funtsezkoa da, eta horrek esan nahi du besteen tokian jartzea eta haiei gure rolean jartzeko aukera ematea. Denekin harreman lagunkoia izan behar duzu haien errespetua lortzeko.

Erakundeek urratsak egin dituzte Kontxako banderako epaimahaian eta Federazioko Epaileen Zuzendaritzan emakumeen presentzia bermatzeko. Beharrezkoak dira halako neurriak berdintasuna sustatzeko?

Ez lukete beharrezkoak izan behar; aldaketak naturala izan beharko luke. Gero eta neska gehiago daude mundu honetan, nahiz eta oraindik gutxi izan; are gutxiago epaileen kolektiboan. Gipuzkoan bi baino ez gara. Hala ere, ez dut uste kargua emakumea izateagatik eman didatenik; merituekin irabazi dut tokia.

Zein irizpide jarraitzen dituzu epaitzeko garaian?

Oso garrantzitsua da arauak garbi izatea eta inguruan dabiltzanei konfiantza ematea, baina ez dezatela zure hitza zapaldu. Erabakiak hartzerakoan, normala da batzuei gustatzea eta beste batzuei ez. Azalpenak eman behar dituzu, normal-normal.

Zorrotza zara?

Saiatzen naiz. Gure lana lehiaketa bateko partaide guztiak egoera eta baldintza beretan aritzea da.

Zer sentitzen duzu Kontxako banderan jardutean?

Kontxak sortzen dit buruhauste gehien. Hilabete batzuk lehenago hasten naiz prestatzen epaileoi dagokigun lana. Tentsioarekin, edozein erabakik kalteak eta onurak sor ditzakeelako. Arraunlarientzat ere urteko unerik garrantzitsuenetakoa da. Tentsioa alde batera utzita, donostiarrontzat eta arrauna maite dugunontzat Kontxa da gauzarik politena; handia da hori gertutik bizitzea.

Bosgarren aldiz ari dira emakumeak aurten. Nola ikusi dituzu?

Galiziarrei buruzko zalantzak zeuden. Gipuzkoan, ligan ikusi da bakoitzaren maila. Espero nuena gertatu da: Zumaia, San Juan, Hibaika eta Galizia (Mecos) sailkatu dira, eta uste dut zumaiarrek etxeratuko dutela bandera, 11 segundoren abantaila dute-eta. Bestalde, polita da ikustea gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaiola emakumeen estropadari. Jendea hasi da haiek ikustera joaten. Hala ere, babes handiagoa eman behar zaiela uste dut.

Gizonezkoen estropadan, gauzak ez daude hain argi.

Ez dago argi, ez. Gainera, plaza zaila da Kontxa, ziaboga batekoa. Bi luze oso luzeak ditu, eta faktore asko daude: haizea, kale zozketa, eguraldia… Horrez gain, aldeak ez dira hain handiak. Kontxan edozer gauza gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.