SELEKZIOA

Babes handia izan dute Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin dioten euskal pilotariek

«Zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna» aldarrikatu dute, eta dei zabala egin dute «urratsak egiteko euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko».

Selekzioa. JULEN ETXEBERRIA
Berriki Frantzia eta Espainiarekin aritzeari uko egin dioten pilotarietako ordezkaritza bat, 'Ez Frantzia, ez Espainia. Gurea Euskal Herrikoa da!' dioen pankartari eusten, eta, haien atzean, babesa ematera joandakoak, gaur, Hendaiako Beltzenia frontoian.
Julen Etxeberria.
HENDAIA
2024ko ekainaren 29a
13:09
Entzun

Esanahi handiko ekintza batek esanahi handiko irudikapena behar zuen. Eta halakoxea izan da gaurko irudia Hendaiako (Lapurdi) Daniel Ugarte Beltzenia pilotalekuan, esanahi handikoa eta indartsua: Berriki Frantziarekin eta Espainiarekin aritzeari uko egin dioten pilotarietako ordezkaritza bat Ez Frantzia ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da! zioen pankarta bati eutsita, eta bi dantzari haiei agurra dantzatzen.

Ez dira bakarrik egon, inondik inora ere. Babes handia izan dute haien atzean. Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak deituta, hainbat eta hainbat lagun egon dira Beltzenian. Pilotariei babesa ematera joan dira, baita euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egitera ere. Haien artean egon dira aurretik Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin dioten hainbat pilotari eta pilotari ohi. 50 bat dira jada Euskal Herrikoa ez den selekzio batekin aritzeari uko egin diotenak. Horiek guztiak Ofizialtasuna zioen pankarta baten inguruan bildu dira.    

Bi pilotari aritu dira bozeramaile: Amaia Larralde hendaiarra eta Ekhi Ziarrusta dimoztarra. Ez da hala moduz egindako aukeraketa bat. Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin berri dioten pilotarietako bat da Larralde. Ziarrusta, berriz, aspaldi erabaki bera hartu zuten pilotarietako bat da. Bost puntuko komunikatua irakurri dute biek.

Lehenbizi, egungo egoera azaldu dute. «Gaur egun, gure herriari, Euskal Herriari, ez zaio aitortzen selekzio propioa izateko duen eskubide kolektiboa. Horren ondorioz, oro har, euskal pilotariok nazioarteko txapelketa ofizialetan ezin dugu parte hartu Euskal Herriko selekzioarekin, eta, gainera, federazioen diziplina dela-eta, txapelketa horietan parte hartzekotan, Euskal Herriak bereak sentitzen ez dituen koloreekin egin beharko genuke; hau da, Espainia eta Frantzia ordezkatuz».

Jarraian, euren nahia eta aldarrikapena zehaztu dituzte. «Guk, euskal pilotariak garenez, gure nazioaren koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugula aitortzen dugu. Beraz, Euskal Herriko selekzioak nazioartean eta txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubide kolektiboan eta indibidualean oinarrituta, zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu».

Hala, haien erabakiaren berri eman dute. «Gu ez gara ez frantziarrak, ez espainiarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik. Ondorioz, ekarpen pertsonal gisa aipatu bi selekzio horiei uko egitea erabaki dugula jakinarazten dizuegu».

Eskerrak eman dizkiete «erabakia errespetatu eta babesa ematera» bertaratu diren guztiei. «Harro sentitzen gara zuen presentziarekin», esan diete.

Deia ere egin dute. «Dei zabala egiten diogu hemendik pilota elkarte, federazio, pilotari, epaile eta euskal pilota maite duen orori elkarlanean egin ditzagun urratsak euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko».

«Gora Euskal Herriko euskal pilota selekzioa!» oihukatuz amaitu dute hitzaldia. Txalo zaparrada jo dute guztiek jarraian, eta Ikusi Mendizaleak kanta abestu dute elkarrekin.

Federazioen «trabak»

Egitasmoaren antolatzaileak «oso pozik» azaldu dira «ofizialtasunaren aldeko sua berriro pizteagatik», nahiz eta azaldu duten azken egunetan Euskadiko, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko pilota federazioek «trabak» jarri dizkietela ekitaldia egiteko. «Pentsatzen genuen jendea etorriko zela, baina azken egunetan oztopo batzuk izan ditugu, gehienbat federazioen aldetik. Euskadikoak eta harekin batera Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko federazioek esan digute gure gaia ez zutela sostengatzen, oztopo bat izan gintezkeelako Euskadikoa Nazioartekoan onartzeko bidean. Batez ere, Iparraldekoak jarri ditu oztopoak, ezetzaz harago, klub guztietara bere erantzun ezkorra zabaldu baitu. Helburua, pentsatzen dut, guri kalte egitea zela, baina gaur borobil atera zaigu. Oso pozik gaude, eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu etorri diren guztiei», adierazi du Mikel Larraldek.

Martxelo Toledok, berriz, esan du «oso baikorrak» direla. «Jendeak erantzun du, baina hemen ez da ezer bukatzen, baizik eta hasi egiten da. Aspaldiko borroka bat da hau. 1990ean Kuban jokatutako Munduko Txapelketan desfilean izan zen euskal selekzioa, baina orduz geroztik ez da ezer egin. Baina hainbat urtetako borroka horrek emango du fruitua, eta, horretarako, inplikazioa eskatzen dugu, instituzioena, pilota federazioena, elkarteena, eta alderdi politikoena, azken finean, arazoa ez delako juridikoa, politikoa baizik. Borrokatzen jarraitu behar dugu. Borrokatzen bagara, epe laburrean lor dezakegu ametsa».

EH Bilduk eta EH Baik, berriz, babesa eta elkartasuna adierazi diete pilotariei, eta bat egin dute euren aldarrikapenekin, uste baitute «Euskal Herria nazioa dela eta eskubidea duela nazioarteko lehiaketa guztietan bere selekzioarekin ordezkatua izateko». EH Bilduk eta EH Baik konpromisoa hartu dute «arlo guztietan lan egiten jarraitzeko, euskal herritarren ametsa egia bihurtzeko eta Euskal Herriko kirol selekzioak nazioarteko lehiaketetan ofizialki lehiatzea lortzeko». 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.