Italiako Giroa hasi aurretik, sailkapen nagusiagatik lehiatzeko asmoa adierazi zuten Movistar taldeko bi taldeburuek: Ion Izagirrek eta Beñat Intxaustik. Lehen astea betetzerako, baina, 23 minututik gorako atzerapena zuen bizkaitarrak. Helburu nagusia baztertuta, B plana jarri behar martxan: etapak irabazteko borrokatzea. Eta B planak berehala izan du etekina. Intxaustik lehen postuan gurutzatu zuen atzo Campitello Mateseko helmuga, Giroko zortzigarren etapan. Hogei segundora iritsi zen Mikel Landa (Astana), lan bikaina eginda.
«Italiako Giroan bi besoak altxatzeko sentsazioa biziberritu nahi dut», aitortu zion Intxaustik BERRIAri Italiara joan aurretik. Esan eta egin. Bigarren etapa garaipena du lasterketan; 2013an irabazi zuen aurrenekoz. Atzokoan ere ihesaldi bati esker irabazi zuen, eta azken erasoa jotzeko unea itxaroten jakin zuen.
60. kilometroan sortu zen eguneko ihesaldia. Bakar lanean saiatu zen Steven Kruijswijk (Lotto), eta atzetik abiatu zen 11 txirrindulariko tropeltxoa. Talde horretan zegoen Intxausti. Lottokoaren bila, aurrera jotzeko erabakia hartu zuten Carlos Betancurrek (Ag2r) eta Kristof Vandewallek (Trek). Azken mendatera iritsi bidean, minutu eta minutu erdi arteko abantaila zuten.
Campitello Matesen amaitu zen etapa, mendate ez bereziki gogorra, baina bai luzea. Helmugatik zazpi kilometrora abiatu zen hiru iheslarien bila Intxausti, Sebastien Reichenbachekin (IAM) batera. Betancur eta Vandewalle berehala atzean utzi, eta Kruijswijk harrapatu ondoren jo zuen azken erasoa. Bakarrik egin zituen azken hiru kilometro eta erdiak.
Sailkapen nagusirako lehian, bitartean, Astanak jarri zuen erritmoa, eta Fabio Aruk jo zuen erasoa. Arazorik gabe erantzun zioten Alberto Contadorrek (Tinkoff), Richie Portek (Sky) eta Rigoberto Uranek (Ettix). Oilarrek igoera elkar zaintzen egingo zutenez, aurrera egiteko baimena eman zioten Landari. Gogoz ekin zion ehiza lanari, baina ez zuen Intxausti harrapatu. Halere, sasoi betea erakutsi zuen arabarrak, eta bosgarren kokatu da sailkapenean.
Giroko mendiko lehen egunaren ondoren, etapa ehiztarientzako ibilbide aproposa dute txirrindulariek gaurkoan. Beneventon hasi eta San Giorgio del Sannion bukatu bitartean, 215 kilometro beteko ditu tropelak biharko atseden egunaren aurretik. Lehen mailako mendate bat eta bigarren mailako bi igo behar dituzte; horietako azkena, helmugatik hamabi kilometrora, %8ko batez besteko aldaparekin azken bost kilometroetan.
B planak badu bere alde ona
Beñat Intxaustik irabazi du Italiako Giroko etapa, eta Mikel Landa izan da bigarren.Alberto Contadorrek eroso eutsi die erasoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu