Azpitik goiti begiratzeko

Miarritzek eta Baionak ibilbide desberdina egin dute Top14aren hastapenean: batek, goitik behera egin du, eta besteak, behetik gora. Biak, halere, suspertu beharrean dira, behealdean baitaude.

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Top14ko lehen 11 jardunaldiak jokatu direlarik, ez dira egoerarik onenean Miarritze eta Baiona. Sailkapenari behako bat emanez, argi ikusten da bi euskal taldeak gora begiratzeko baino gehiago, behera begiratzeko moduan daudela. Top 14ko lehen erdia bururatzekotan direlarik, bi taldeek pausoa aldatu nahi dute.

1. Baionarenhastapen txarra

Baionak anbizioarekin hasi nahi zuen sasoi berria. Iragan sasoia beltza izan zen, eta Christian Lanta eta Christophe Deylaud entrenatzaile berriak ekarri ondotik, proiektu berri batean sartu nahi zuten zuri-urdinek. Zaleek esperantza zuten entrenatzaile berriek aurreko denboraldiko fitxaketa handiei zukua ateratzen asmatuko zutela. Lehen partidak jokatu ondotik, baina, Joe Rokocoko, Mike Phillips edo Cedric Heymansek ez dute dakiten moduan jokatu oraino.

Sasoi hastapena bereziki txarra izan zen Baionarentzat. Lehen sei partidetatik bost galdu zituen, eta azken postuetan egon zen, luzaz. Hastapen txar horrek taldea berriz tentsioan eman zuen, eta jokalariek presiopean jokatu zuten sasoi hastapena. Horren adierazle da Miarritzeren aurkako derbiaren atarian Alain Afflelou presidenteak Heymans eta Phillips zigortu izana.

2. Miarritzeren hastapen biribila

Baionak ez bezala, Miarritzek jende anitz ezustean harrapatu zuen bere sasoi hastapen ederrarekin. Dudak ez ziren guti Top14a hasi aitzinetik, Aguilerako taldeak bere bi jokalari nagusiak gabe jokatu behar izan baitzuen: Dimitri Yachvili eta Imanol Hariñordoki. Baina haien falta ez zuen asko nabaritu Miarritzek, eta lehen lau partidak jarraian irabazi zituen. Benoit Guyot, Wenceslas Lauret edo Raphael Lakafia gazteak bikain aritu dira, eta Miarritzek kritika oso onak jaso ditu.

3. Derbia, mugarri

Bi taldeak erabat egoera desberdinean iritsi ziren orain aste batzuk jokatutako euskal derbira. Miarritze sasoi betean zegoen, derbiaren atarian etxetik kanpo bi partida galdu arren —Castres eta Racingen aurka—. Baiona, ordea, krisi betean zegoen, bost aldiz jarraian galduta. Inork ez zuen zentimo bakar bat ere Baionaren alde jokatuko, baina gauzak nola diren, Baionak irabazi zuen derbia (15-16).

Usu gertatzen den bezala, derbia mugarri izan da bi taldeentzat. Baionarrek Aguileran hasi zuten susperraldia, eta Agen eta Bordeleren aurka irabazi zuten jarraian. Miarritzek, ordea, bere bolada txarrarekin jarraitu du; Baionakoaren ondotik, beste hiru partida jarraian galdu zituen. Sasoi hastapenean bi taldeak elkarrengandik biziki urrun egon arren —Miarritze lehen postuetan eta Baiona azkenekotan—, pixkanaka bi euskal taldeak hurbildu egin dira elkarrengana. Azaroaren 10eko partiden atarian, puntu bakarraren aldea zegoen Baiona eta Miarritzeren artean. Sasoi honetan bi taldeen artean izan den alderik txikiena.

Gauzak, baina, pixka bat aldatu dira, joan zen jardunaldian Miarritzek etxean Perpinyari irabazi ziolako, eta Baiona Grenoblen galtzaile aterako zelako. Top14ak atseden hartu duen honetan, lau punturen aldea dago Miarritze eta Baionaren artean.

4. Miarriztarrak Europari begira

Miarritze paradoxa batean dago. Top14an, sailkapeneko erdiko postuetan dago. Jaitsiera postuekiko segurtasun tartea dauka—zortzi puntu ateratzen dizkio Ageni, jaisteko postuetako lehenari—, baina Heineken Kopako postuetatik urrun, Grenoble seigarren sailkatuak sei puntu ateratzen dizkiolako. Perpinyaren aurka irabazita martxa zuzendu arren, azken bolada ez du oso ona izan. Hala ere, helburua gora begira ezartzea da, eta lehen sei postuetan sartzea. Horretarako, aldeko egutegia izanen du. Hurrengo astean, ez jaisteko borrokan dagoen Bordele jasoko du. Ondoren, gaizki dabiltzan Paris eta Mont de Marsanen zelaietan ariko da. Puntuak lortzeko aukerak dira horiek, Heineken Kopako borrokan bete-betean sartzeko.

Europako lehiaketa nagusian, bestalde, bizirik dago Miarritze. Gaizki hasi zuen arrunt, Harlequinsen zelaian astindua jasota. Porrotaz gain, Londresko taldeari erasoko puntua eman zion Miarritzek. Multzoko lehen postua lortzea oso zail izanen du orain. Alta, bigarren postuan bukatzeko aukera du. Ibilbide ona eginez gero, multzoetako bigarren sailkatu onenen artean sartzen ahalko da, eta horrela final-laurdenetarako sailkatu.

5. Baionarrak, konfiantza bila

Baionari dagokionez, azken hilabete eta erdiak esperantzarako tartea ireki du. Derbia irabazi ondoren, itxura hobea ematen ari da. Ageni eta Bordeleri irabazi dio, eta jaitsiera postuetatik atera da. Top14ko azken partidan ere, etxetik kanpo Grenobleren aurka galdu arren, itxura ona eman zuen. Pixkana, Deylaud eta Lantaren joko sistema plantan ezartzen ari dira jokalariak, eta taldeak partida hobeak jokatu ditu.Hala ere, hobekuntza horrekin jarraitzeko lanak izanen ditu. Hurrengo partidetan, aurkari zailak egokitu zaizkio. Clermont eta Montpellierrera joan beharko du lehenik. Ondotik, etxean Mont de Marsan jasoko du, eta Parisen zelaira joanen da. Lehen bi partidak zailak badira ere, hurrengo bietan emaitza onak lortu beharko ditu, sailkapenean gora egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.