Sailkapenean pare-parean zirela heldu dira Athletic eta Reala derbira, eta zelaian ere agerikoa izan da bien arteko berdintasuna. Egoera horretan, ordea, gehien asmatu duenarentzat izan da saria: zuri-gorriek bi aldiz lortu dute baloia sareetara bidaltzea, eta behin ere ez txuri-urdinek. Ane Azkona izan da eguneko heroia, bi golen egilea. 21.000 ikusle baino gehiago izan dira San Mameseko harmailetan.
Hamar garaipen, bi berdinketa eta sei porrot. Egoera horretan heldu dira Athletic eta Reala gaurko partidara, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borroka betean. Orain, hiru punturen aldea dute bizkaitarrek.
Norgehiagokari hobeto ekin dio etxeko taldeak. Bisitarien area ingurura asko gerturatu dira, baina gol aukera argienak Realak sortu ditu. Nanclares atezainak, ordea, birritan zapuztu ditu Amaiur Sarriegiren eta Nerea Eizagirreren asmoak.

Goi mailan ezin izaten da asko barkatu: Pinedok jokaldi bikaina egin du hegaletik, eta bere erdiraketa bultza soilik egin behar izan du Azkonak lehen gola egiteko. Bigarrena ere gertu izan du Athleticek minutu batzuk geroago. Azkonak buruz egin du errematea, Arrulak gelditu du baloia, eta aldaratzea, bakar-bakarrik zegoela, ez du sareetara bidali Amezagak.
Bigarren zatian baloi jabetza gehiago izan du Realak, eta lehen minutuetan pare bat gol aukera on ere bai buruz. Bisitariak ondoen zeudenean heldu da, ordea, bigarrena: Claudia Fernandezen erdiraketa bat aldentzen ez du asmatu defentsak, eta adi ibili da Azkona bigarrena egiteko.
Realak gol bat edo beste egiteko adina arrisku sortu du, baina ezin izan du bat bera ere sartu gaur. Athleticek buruz burukoa irabazi dio aurkari zuzen bati, eta sailkapen nagusian hirugarren postuan da; Reala, bosgarren.