Atepean izan da Julen Lopetegi artista handia. Baina erasora jo du orain. «Badakit zuetako batzuek larrutu eta zatika moztu nahi nauzuela, gezurrak elikatu nahi dituzuela, baina Porto ez dago hain gaizki. Liderrarengandik bi puntura gaude». Puntu bat aurretik zegoen, ordea, bi egun atzera. Portugalgo Sportingek 2, Portok 0. Horra asteasuarraren azken-aurreko kolpea. Larunbat iluntzekoa. Jaso bezala, prentsaurrean eman zuelako azkena, bertaratu ziren kazetariei begira-begira. «Bidea ez da samurra, eta ez daukagu laguntza bakar bat ere. Bakar bat ere ez. Komunikabideak ezkor daude nirekin eta klubarekin, baina hori ezin dugu kontrolatu. Ziur nago liga irabaziko dugula».
Ez da giro Porton. Baietz baina ezetz, zaleek ongietorri apala egin zioten Lopetegiri duela urte eta erdi, eta titulu eske hasi zaizkio jada. Lehorretik joan zen aurreko denboraldia: Benficak irabazi zuen Portugalgo Liga, 34. aldiz, eta 27 dauzka Portok. Joan den abenduaren 9an, berriz, Chelseak Txapeldunen Ligatik kanpo utzi zuen. Europa Ligan dauka orain erronka polita, baina nekatu dira zaleak. Txapeldunen Ligatik kanpo geratu eta Londresetik bueltan, liskar handi samarra izan zuen Portoko ehun bat zalerekin, eta polizien babesean egin behar izan zuen autobusera arteko bidea.
Pray for Lopetegui. «Otoitz egin Lopetegiren alde». Etxekoekin nahikoa ez eta, joan den larunbatean, 2-0ekoak hauspotuta, harmailetan pankarta handi bat zabaldu zuten Sportingeko zaleek. Slimaniren bi golei esker, 38 punturekin lidergoan jarri da Sporting, 36 dauzka Portok, eta 34 Benficak, azken bi denboraldietako nagusiak. 16. jardunaldiko partida jokatuko du bihar Portok, etxean, Rio Ave zazpigarren sailkatuaren aurka. Azken zazpi partidetatik sei irabazi arren, ikusi egin beharko da asteasuarrari zer-nolako harrera egingo dioten.
Lan zailak betidanik
Entrenatzaile lanerako gaztea izanagatik —49 urte dauzka—, zailduta dago Lopetegi. Luis Mari Arkonada izan zuen parean Realera iritsi zenean; Real Madril B-ra eman zuen jauzia gero, eta Las Palmasen egin zuen azken denboraldia; Bartzelonan eta Espainiako selekzioan Andoni Zubizarretaren itzalari ihes egin ezinik ibili zen luzaroan... Logroñesen hartu zuen gozatu handia, 1991tik 1994ra, izan zitekeenaren zati handi bat eskainita.
Baina gozamenetik gutxi eskaini dio, orain artean, Portugalgo esperientziak. Jose Mourinhoren aginduetara goia jo ondoren, titulurik eskuratu gabe geratu zen Porto 2013-2014 sasoian, eta norabidea aldatzea erabaki zuten agintariek. Ilusioa nahi zuten zaleek, eta horregatik ez zuten ulertu nazioartean batere eskarmenturik ez zeukan entrenatzailea fitxatzea. Onean, hainbestean eutsi diote konfiantzari; baina, txarrean, leherketa eragin du Sportingen aurkako porrot mingarriak.
Babes faltan, ezagunen berotan eraiki zuen asteasuarrak egitura berria. Andres Fernandez, Cristian Tello, Jose Angel, Ivan Marcano, Adrian Lopez, Oliver Torres... —Alberto Bueno ere fitxatu zuen joan den denboraldian—. Gertutik ezagutzen zituen jokalari horiei fitxaketa gazteak gehitu zizkion gipuzkoarrak, Daniel Opare, Bruno Martins Indi, Evandro, Andre Castro, Marat Izmailov eta Yacine Brahimi kasu. Baina izenak, etorkizuna eta pazientzia ahaztuta, titulu eske ari dira etxeko zaleak.
Bitxia bada ere, hilabete gutxi atzera etsairik handienetakoa zena bihurtu zaio Lopetegiri babeslerik sutsuena. Joan den denboraldian, Benfica-Porto ligako partidan, Jorge Jesus Benficako entrenatzaileak «Lotopegui» deitu zion asteasuarrari, eta berriz halakorik esanez gero muturrekoa emango ziola erantzun zion gipuzkoarrak. Liskar giroa sortu zuen ika-mika hark, baina, Benficatik Portugalgo Sportingera jauzia eginda, Jorge Jesusek larunbatean hitz goxoak izan zituen Lopetegirentzat. «Kalitate handiko entrenatzailea da. Liderra da izatez, eta txapelketa ona egiten ari da». Hitzak hitz, kinka larrian dago Portoko entrenatzailea, eta emaitza onek soilik bideratuko dute bideraezina dirudien norabidea. Bihartik hasita.
Julen Lopetegi
Azkenetan dagoenaren azken erasoa
Portugalgo Sportingek larunbatean 2-0 mendean hartu eta lidergoa galduta, kazetarien aurrean lehertu egin zen Portoko entrenatzailea. Biharko ligako partidaren atarian, kinka larrian dago asteasuarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu