Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Azkeneko zentimetroan

Joaquim Rodriguezek eskura eduki du etapa garaipena, baina azken pedalkadak eman ez eta Alejandro Valverdek irabazi du ArratenAlberto Contadorrek erakutsi du Espainiako Vueltaren bila doala, sei aldiz jo baitu erasoa

Azkeneko zentimetroan.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Pilota partidak ez dira irabazten 22. tantora heldu arte, futbol norgehiagokak ere ez arauzko 90 minutuak bete arte, eta etapak are gutxiago azken pedalkada eman arte. Galde diezaiotela, bestela, Joaquim Rodriguezi (Katuxa). Ederra egin zuen atzo Arrateko gainean, Espainiako Vueltako hirugarren etapan. Dena alde zeukala sartu zen azkeneko bihurgunean, eta ia ezinezkoa zitzaion garaipenak ihes egitea. Helmugako marra gainditu eta bizikleta geratzeko leku gutxi izango zuela eta, ordea, ez zituen eman azken bi pedalkadak, ondoren min hartzeko beldurrez. Eta garesti atera zitzaion erabakia. Oso garesti ere, azkeneko zentimetroan aurrea hartu baitzion Alejandro Valverdek (Movistar). Helmugako argazkiak garbi erakutsi zuen nor izan zen irabazlea, eta podiumean maillot gorria jantzi zuen Valverdek, merezita.

Arratek berea eman zuen beste behin: ikuskizun aparta. Ez zen espero aurrez halako eraso festarik, baina usteak erdiak ustel bihurtu ziren. Alberto Contador (Saxo Bank) izan zen horren errudun nagusia. Bat ez, bi ez, hiru ez... Sei eraso jo zituen bata bestearen atzetik Arraten gora. Amorru biziz aritu zen espainiarra, barruan zituen arantza guztiak kanporatzeko asmoz. Valverde bera, Purito eta Chistopher Froome (Sky) soilik izan ziren hari jarraitzeko gai. Azken hori larri antzean ibili zen, baina onenekin sartu zen helmugan.

Anton eta Intxausti, bikain

Mendatearen beheko aldetik hasi zen Contador jo eta su. Tropelak abiadura ikaragarria ekarri zuen aurretik, iheslariak ere uste baino lehenago jan baitzituen —Markel Irizar (RadioShack) luzaro ibili zen aurrean, baina alferrik—. Contador izan zen tropela hankaz gora jarri zuena. Lehen erritmo aldaketak zatitu egin zuen talde handia, eta ondorengo erasoek zer esanik ez. Alde apur bat lortzen zuten lau onenek tropelarekiko, baina Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) buru zela, hamar bat txirrindularik bat egiten zuten aurrekoekin. Antonen lana biribila izan zen, goraipatzekoa. Contadorren bosgarren erasoari ere euskaldunak erantzun zion, atzetik aurrera eginda. Eta erantzun bakarrik ez, taldeari tiraka ere jarri zen momentu batean. Fresko zegoen, eroso, baina ezustean harrapatu zuen espainiarraren seigarren erritmo aldaketak.

Izan ere, ziztu bizian abiatu zen aurrera Saxo Bankeko txirrindularia. Ordura arteko erasorik bortitzena jo zuen, eta, aurrekoetan bezala, Purito, Valverde eta Froomek jarraitu zioten. Sky taldekoak sufritu egin zuen, baina azkenean hirugarren postuan helmugaratu zen. Zaila da atzoko etapatik ondorio garbiak ateratzea, baina Contador gose dago, eta gainontzekoek ez diote utziko nahi bezala asetzen. Anton bera izango da horietako bat. Helmugan sei segundo galdu zituen arren, ongi dago.

Baita Beñat Intxausti bera ere (Movistar). Antonen taldearekin batera sartu zen helmugan, eta bigarren dago sailkapen nagusian. Kontuan eduki beharko da Intxaustiren lana.

Gaur, Barakaldotik Valdezkaraiko bidea egingo du tropelak. Berriz ere gain batean amaituko da etapa, eta faborito nagusiek mugitzeko aukera izango dute. Zer ikusirik ez da faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.