Azkeneko tantoa

Amaia Gorostizaren edo German Albistegiren zerrenda, edo John Sager: Eibarreko akziodunek lehen aldiz aukeratuko dituzte gaur kontseilariak, Astelenan

Aitor Manterola Garate.
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Eibar egun historikotik egun historikora dabil Lehen Mailara igo zenetik 2014ko udaberrian. Orain arte, zelaian kokatu izan dira, baina gaurkoa bulegoetako kontua da: hauteskundeak egitera doa lehen aldiz kluba. Astelena pilotalekuan dute hitzordua akziodunek, 19:00etatik aurrera, ezohiko batzar hau egiteko, eta gai zerrendan administrazio kontseilu berria aukeratzea besterik ez dago.

Hamahiru kidek osatzen dute kontseilua, eta leku horiek beteko dituzten pertsonak hautatzea dagokie 11.136 akziodunei, 46.200 akzioen jabeei. Bi zerrenda oso daude: batetik, egungo presidentearena, Amaia Gorostizarena; bestetik, German Albistegirena, egungo kontseiluko kidea hori ere; eta, azkenik, John Sager AEBetako akziodunak bere izenarekin bakarrik osatu duena dago.

Azkeneko emaitza bi modutakoa izan daiteke: gerta daiteke aukeratutako hamahiru kontseilariak zerrenda berekoak izatea, edo gerta daiteke bi edo hiru zerrendetako kideek osatua izatea. Azkenekoa gertatzen bada, esana dauka Gorostizak bere zerrendakoak ez direla kontseiluko kide izango. Dena dela, BERRIAk jakin ahal izan duenez, Gorostizaren hautagaitzan lasai daude, irabazi egingo dutela ziurtzat jotzen baitute, akzio gehien duten akziodunak beren aldekoak direla jakitun baitaude.

Eztabaida asko izan da kanpainan Gorostizaren eta Albistegiren zerrenden artean, eta elkarri egindako akusazioak ez dira falta izan. Albistegirenek leporatu dio egungo presidenteari klubean duen agintea erabili duela emaitza bere aldekoa izateko, baliabideak-eta baliatuz, eta, jakina, ukatu egin du halakorik Gorostizak. Hark atzo bertan salatu zuen «emakume objektu» gisa hartu dutela Albistegiren zerrendakoek, eta azken horiek ukatu egin dute hala izan dela. Kanpaina ia guztietan izaten diren eztabaidak diren edo ez denborak esango du, baina emaitzak baldintza dezake hori. Izan ere, Sagerrek prozesu guztia auzitara eramango ote duen zabalduta dago, ustezko irregulartasunagatik.

Bistan da bi hautagai indartsuenen arteko eztabaida ez dela bakarrik hauteskundeekin loturikoa. Aspalditik dator, nahiz eta biak egungo kontseiluan kide izan. Hauteskundeetara heltzeko, kontseilu honen agintaldia dago muinean. Alex Aranzabal hasi zen presidente gisa, baina denak ez ziren haren aldekoak, eta duela urtebete, kluba eta agintea uztea erabaki zuen. Aranzabalen aldekoetako bat zen Albistegi; kontrarioak Gorostizaren inguruko kideak. Horrela bizi izan dira denbora luzez kontseiluaren barruan, eta orain arte erdi isilean gordetakoak kanpainan hasi dira zabaltzen. Hauteskundeak amaitzean itzaltzen bada sua, gaitz erdi. Albistegik atzo bertan berretsi zion BERRIAri lehen esandakoa: «Galtzen badugu, emaitza onartu, eta Eibarren zale bat gehiago izango naiz».

Programa ezberdinak

Gorostizak eta Albistegik ez dute bat egin, jakina, hauteskunde programako gai askotan, eta ezberdintasun handienetakoa Kirol Hiriarena izan da. Presidentearen eskaintzan, ez da zehazten Eibarren egingo den edo ez, nahiz eta oso zabaldua egon kanpoan egiteko asmoa dutela. Albistegik kontrakoa agindu du: Eibarren egingo dutela, eta badituela pare bat leku obra handi hori egiteko.

Kirol arloan, lehen taldearen helburuak jartzeko orduan dauzkate ezberdintasunak: Albistegik dio sailkapenaren erdialdean egonkortu nahi dutela, eta, horretarako, taldea osatzeko diru kopurua handitzea proposatu du. Gorostizak ez du helbururik zehaztu, eta Lehen Mailan sendotu eta egonkortzea aipatu ditu helburu gisa, horretarako diru konturik esan edo agindu gabe.

Presidenteak klubeko lanari eskaini behar dion denborak eta moduak ere ekarri du eztabaidarik bien artean. Gorostizak agindu du orain arte bezala jarraituko duela, bere lanean [enpresaria da] eta klubetik ezer kobratu gabe. Albistegi, aldiz, prest dago lana uzteko [unibertsitateko irakaslea da], klubean buru-belarri murgiltzeko, egun lanean irabazten duen soldata bera jasota. Gaur gauean askatuko da korapiloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.