Arrauna. Kontxako Bandera. Jon Elortegi. Urdaibaiko arraunlaria

«Azkeneko Kontxa irabazi dut aurten arraunlari modura»

Seigarren aldiz irabazi zuen Kontxako Bandera herenegun: bi Castrorekin eta azken laurak Urdaibairekin. Deustuan ariko da entrenatzaile hurrengo sasoian.

Jon Elortegi ?behean, ezkerretik lehena?, herenegun, leher eginda. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Behar da talde guztietan arraunlari beterano bat, traineru barrutik taldea gobernatuko duena. Urdaibain lasaitasuna ezartzen duenetako bat da Jon Elortegi (Barrika, Bizkaia, 1977). «Oso talde urduria gara», onartu dio BERRIAri, atzo lanetik irten berritan izandako solasaldian. Gustura joan zen beharrera, bezperan Kontxako Bandera irabazi eta gero.

Seigarren Kontxako Bandera irabazi zenuen igandean. Ez dira bat edo bi.

Zaharrak ere bagarela esan nahi du horrek [barrez]. Urte askoan joan eta joan, sei irabazi ditut azkenean.

Zer esan nahi du ia 39 urterekin oraindik ere Kontxan garaile izateak?

Gazteen beharra dugula zaharrok taldean, hori esan nahi du. Oso nahasketa ona daukagu Urdaibain, arraunlari gazteak eta zaharrak gaude, eta oso emaitza onak ari da ematen.

Beti esan izan da nahasketa hori dela eraginkorrena, ezta?

Hala da, bai. Azkeneko bi denboraldietan arraunlari gazteek lortu dute gurekin Kontxa irabaztea, eta asmatu egin du Jonek horiek taldera ekartzen [Jon Salsamendi entrenatzailea].

Gazteek zer ekarri dute taldera?

Batetik, freskotasuna; eta, bestetik, guk, beteranook, lo ez hartzea. Pentsa, igandean, Zulaika eta Ruiz, bi arraunlari handi, kanpoan geratu ziren.

Nolako talde puska daukazuen ere erakusten du horrek.

Bai. Bi beteranoez gain, Basterretxea arraunlari handia ere kanpoan geratu da bi igandeetan. Hirurak izango lirateke titularrak beste edozein taldetan, baina gurean sekulako maila dago. Behar da horrelako talde ona, nahi bada garaipen handiak lortu.

Igandeko estropada aztertzen hasita, traineruan sufrituko zenuten, jakina, baina kanpotik eman zenuten itxura izan zen estropada kontrolpean eraman zenutela une askotan. Hala izan zen?

Ezezkoan nago. Batez ere, kanporako luzean, zirenak eta ez zirenak jo behar izan genituen estropadari eusteko. Bagenekien Aquarium parean arazoak izango genituela errebotean zetorren olatuarekin. Hondarribiak gerra handia eman zigun kanporako luzean. Barrurakoan, aldiz, haizea kontra genuen, eta bagenekien baldintza horiekin Hondarribia baino indartsuagoak garela. Santa Klara uhartea pasatu arte, ez nuen ziurtzat jo bandera gurea zela.

Nolako sentipena da ziurtasun hori?

Gozatu egin nuen. Arnasa hartu, eta indarrak ere bai azkeneko minutuei ekiteko, eta aurrera. Lasaitasun handia eman zigun. Oso urduri etorri ginen bueltakoan, txarra zegoen arraunerako. Batzuk elkar animatzen, besteak ontziaren nibelaz kezkatuta; tentsio uneak izan genituen barruan. Uhartetik aurrera lasaitu ginen, konturatu ginelako bandera gurea zela.

Kontxako estropadak duen garrantziagatik oihu gehiago egoten dira traineru barruan beste edozein estropadatan baino?

Bai, bai. Hiruzpalau segundo aurretik jarri ginenean, traineru barruan piztu egin zen jendea, eta tentsioa ateratzen hasi zen.

Jakin egin beharko da, bada, une horietan arraunketari eusten, ezta?

Jakina, hori da. Baina ondo gabiltza arraunean aurten, eta oso ondo barneratuta daukagu nola egin behar dugun arraunean. Nahiz eta urduri egon, ez genuen arraunketa galdu.

Beteranoen lana ere izaten da denak arraunketari eusten jarraitzea?

Bai. Okerrik ezin da egon une horietan, eta beteranoen ardura da taldekideek burua ez galtzea.

Behin bakarrik jarri zen Hondarribia zuen aurretik, Puntetako inguruan, eta bi segundorena izan zen aldea. Zer esan zizuen orduan Gorka Aranberri patroiak?

Ez zigun esan bi segundo atzetik ginela, baina bai atzetik ginela. Kanpora joateko olatuak lagundu egiten zuen, eta Hondarribiak aldea atera zigun. Guri ere etorri zitzaigun olatua, une egokienean, eta segituan berdindu genuen lehia.

Lehen aipatu duzu Urdaibai aurten oso ondo ari dela arraunean. Aurreko urteekin alderatuz gero, zenbateko hobekuntza izan da?

Urte osoan ibili gara iaz baino hobeto arraunean. Aurreko urtean baino hamar bat segundo bizkorrago gabiltza, eta uztailean, nahiz eta Hondarribiak estropada asko irabazi zituen San Miguel ligan, gu gainean ginen, oso segundo gutxira. Burugogorrak gara, eta horrek ere lagundu zigun uztailean gure lekuan egoten, abuztuan eta orain, irailean, kolpea emateko.

Nola lortzen du hain talde onak arraunketa hobetzea?

Dena da pixka bat: fisikoa, teknika, traineru barruko neurriak, burua... Baina guztiaren aurretik Jonen [Salsamendi] lana jarriko nuke. Oso ondo eramaten ari da taldea, eta ez gara errazak, hark dioen bezala «zaldi basatiak» garelako, oso urduriak. Ondo kudeatu gaitu, eta lortu du nahi zuen bezala arraun egitea.

Hirugarren aldiz jarraian irabazi du Urdaibaik Kontxako Bandera, eta hiruretan Salsamendi bera entrenatzaile. Esan duzu taldea kudeatzen erabakigarria izan dela. Beste arloetan ere bai?

Bai. Teknikoki ere oso ona da, eta arlo psikologikoan lortu du hainbeste garaipen garrantzitsu dituzten arraunlariak gosearekin jarrai dezaten gehiago irabazi nahian.

Asteburuan amaituko da San Miguel liga, eta lehen postuan zaudete, Hondarribia bi puntu atzetik duzuela. Zuek zarete faboritoak?

Hondarribia minduta etorriko da Bermeora, eta gogorra izango da larunbateko estropada hori.

Igandean Portugaleten amaituko dela ikusita, eremu bihurri eta baldarrean, komeni Bermeon Hondarribiari beste pare bat puntu sartzea, ezta?

Gure asmoa da Bermeon irabaztea, eta ea punturen bat gehiago sartzen diogun Hondarribiari, Portugaleten, txarrenera jota ere, hirugarren izateko aukera gordeta edukitzeko, behintzat.

Urdaibai hau hautsi egingo da denboraldi amaieran beteranoei dagokienez?

Hautsi ez da egingo. Arraunlari gazteak etorri dira azkenaldian, eta, beteranoetan hiruzpalauk utzi arren, beste arraunlari batzuk etortzeko prest egongo dira Bermeora.

Zu zeu Deustura omen zoaz entrenatzaile lanetan hastera. Hala da?

Egia da, baina Bermeon lan asko daukat egiteko asteburuan, eta horretan daukat burua.

Hasitako leku berean amaituko da elkarrizketa, Kontxako garaipenaren inguruan. Seiko multzoan, denak dira bereziak?

Bai, Kontxakoa handiena delako. Liga irabazteak meritu handiagoa dauka, asteburuero ibili behar duzulako ondo; Kontxan, bi asteburu bakarrik dira. Baina bereziena da, ez dago dudarik. Arraunlari modura irabazten dudan azkenekoa izango da aurtengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.