Azkenean jokatu dira triatloiko jardunaldiak Parisko Olinpiar Jokoetan. Harrabotsa piztu du azken astean Sena ibaiaren egoerak, eta hainbat buruhauste eman dizkie kirolariei. Aurreko egunetan bertan behera utzi zituzten entrenamenduak eta lehen lehiaketak, baina, azkenean, lehiatzeko aukera izan dute triatletek. Hala ere, hainbat ez zeuden ados Senan aritu beharrarekin. Emakumeen proban, Cassandre Beaugrand frantziarrak irabazi du, eta gizonezkoetan, Alex Yee britaniarra izan da garaile.
Sena ibaia Parisko Olinpiar Jokoen erdigune bihurtu nahi izan du antolakuntzak, eta, onerako edo txarrerako, hala izan da. Dirutza xahutu dute ibaiko ura garbitzen, zenbait kirol proba ibaian egitekoak baitira –distantzia luzeko igeriketa probak eta triatloiko bi lasterketak dira Senan egitekoak–. Baina uraren kalitatea zela eta, kirolariak ezin izan dira lehiatu gaur arte. Gainera, aurreko egunetan bertan behera utzi behar izan zituzten ibaian egitekoak ziren entrenamenduak.
Atzo zen jokatzekoa gizonezkoen triatloia, 08:00etan. Baina proba egin baino bost ordu lehenago ezerezean utzi zuten. Munduko Triatloia, Nazioarteko Olinpiar Batzordea eta Frantziako hainbat erakunde publiko ari dira aztertzen Senako uraren kalitatea, eta adierazi zuten kaxkarra zela oraindik. Gaur egitekotan gelditu ziren, uraren kalitatea hobera egiten ari zela iritzita, eta, zalantza asko izan dituzten arren, azkenean kirolariek uretara jauzi egiteko aukera izan dute. Askok desadostasuna agertu dute han aritu beharrarekin, eta gaixotzeari beldur diotela ere esan dute hainbatek.
Amaieran erabaki dira lehiak
Emakumezkoak izan dira lehiatzen lehenak, 08:00etan, espero zen bezala. Igerian eta bizikletaren gainean aritu ostean, lasterkaldian erabaki da garaipena. Bertan, etxeko triatleta nagusitu da. Beaugrand bakarrik helmugaratu da, azken kilometroetan erasoa jota, eta proba ikustera joan diren zaleen txalo eta oihuen artean zeharkatu du helmuga. Julie Derron suitzarrak lortu du zilarra, eta Elizabeth Potter britaniarrak brontzea.
Gizonezkoen proba beranduago hasi da, eta hori ere lasterkaldian erabaki da. Bizikletaren gainean 32 triatleta aritu dira lasterketaren buruan, elkarrekin, eta bertatik jaistean hasi dira mugimenduak. Hayden Wilde zeelandarra bakarrik gelditu da, eta urrea irabaziko zuela zirudien. Baina Yeek aurreratu du azken unean, eta hark irabazi du; Wilderengandik hamabost segundora zegoen azken kilometroan sartu direnean. Azkenean, zilarrarekin konformatu behar izan du zeelandarrak, eta brontzea Leo Bergere frantziarrak eskuratu du.