Maldizioa hautsi du Ander Elosegik (Irun, Gipuzkoa, 1987) atzo La Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak), Munduko Txapelketako C1 mailan zilarrezko domina irabazita. Maldizioa, makina bat urte zeramalako txapelketa handi guztietan lehiatzen, eta podiumaren atarian geratu zelako beti banakako lehian. Hirutan eskuratu zuen olinpiar diploma —laugarren izan zen Pekinen eta Londresen eta zortzigarren Rio de Janeiron (Brasil)—, eta bost bider aritu zen finalean Munduko Txapelketan. Emaitza bikainak ziren guztiak, baina denetan arantza txikiarekin amaitu zuen lehia: ezin izan zen podiumera igo.
Bada, atzo eten zuen aspaldiko bolada txar hori. Bigarren koskara igo zen. Cedric Joly frantziarra besterik ez zuen izan gainetik. La Seu d'Urgellen lortutako bigarren domina da. Zilarrezkoak izan dira biak, txapelketaren lehen egunean bigarren izan baitzen taldekakoan Espainiako selekzioarekin.«Oso pozik nago: taldekakoan zilarrezko domina irabazita ekin nion lehiari, eta banakakoan zilarrezkoa eskuratuta amaitu dut lehia. Ezin dut gehiago eskatu. Egun perfektua izan da», zioen Elosegik finala bukatu berritan.
Finalean arituta, gainera, piraguista irundarrak ziurtatu egin du postu bat Espainiako selekzioarentzat 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako. Ezusterik ezean, beretzat izango da, eta, beraz, laugarren aldiz lehiatuko da Olinpiar Jokoetan. Atzo, domina irabazi berritan, aurreko hiru aldiak gogoratu zituen. «Pekin oso gazte iritsi zitzaidan, ez nuen espero han egongo nintzenik. Londresen, berriz, emaitza on bat lortzea nuen helburu, eta dominen atarian geratu nintzen. Rio de Janeiron, azkenik, ez zitzaizkidan gauzak ondo atera. Olinpiar diploma lortu nuen, baina uste dut banengoela domina bat irabazteko moduan. Sekulako ilusioa egiten dit Tokiora joateak. Sasoiko nago, eta espero dut hara joan aurretik emaitza onak lortzea».
Chourrauten ezina
Elosegi aurkia izan zen, eta Maialen Chourraut ifrentzua. Lasartearra azkena geratu zen finalean. Huts larria egin zuen 20. atean, eta garesti ordaindu zuen, 50 segundoren zigorra jaso baitzuen. Galera horrek aukerarik gabe utzi zuen. Chourrautek, beraz, zapore gazi-gozoa izango du etxean jokatutako txapelketaz —aspaldi bizi da La Seu d'Urgellen—. Gozoa, finalerdietan arituta, ziurtatu egin baitu toki bat Espainiarentzat 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan, eta ondo bidean, aukera izango baitu duela hiru urte Rio de Janeiron lortutako urrezko domina defenditzeko. Elosegik bezala, hark ere laugarren Olinpiar Jokoak izango lituzke. Baina txapelketa honek ere zapore gazia utziko dio, etxean arituta urrun geratu baita dominetatik. «Ez da Maialen onena ikusi lehiatzen. Libre nabigatzea kostatu zait. Sufrituta sartu naiz finalean, eta, gero, finalean, ez zait lan ona atera. Aurkariek lan bikaina egin dute. Lan handia dut Tokiora begira. Han egongo naiz, eta ondo iristeko egingo dut lan».
Gaur amaituko da txapelketa, eta hiru euskal piraguista ariko dira: Klara Olazabal C1 mailan eta Samuel Hernanz eta Joan Crespo K1 mailan. 08:33an lehiatuko da Olazabal, finalerdian, eta sailkatuko balitz, 12:03an jokatuko luke finala. Hernanz eta Crespo, berriz, 09:53an ariko dira finalerdian, eta pasatuko balira, 12:40an ariko lirateke finalean. Hernanzek eta Crespok urrezko domina bat irabazi dute jada taldekakoan. Olazabalek, berriz, zilarra lortu zuen.
Azkenean, domina
Ander Elosegik zilarrezko domina irabazi du La Seu d'Urgellen, Munduko Txapelketako C1 mailan. Maialen Chourrautek huts larria egin du finalean, eta azken postuan sailkatu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu