Azkenean, beren burua edukiko dute

Lehen aldiz itzuli zeneko harmailaren mesfidantza ahaztuta, Baskoniak ospakizun identitario bilakatu du Pablo Prigioniren etorrera. Shane Larkinen itzalean ariko dela barneratuta, une zailenetan patxada emateko dator. Gaur egin dezake debuta.

Pablo Prigino, atzo, Buesa Arenan egindako entrenamenduan. BASKONIA.
Danel Agirre.
2016ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Buesa Arena pabiloiko harmaila kaskarkeriaz bete da». Hilabete batzuk lehenago botatako purrustada zela eta, Baskoniak ia klandestinitatean aurkeztu behar izan zuen Pablo Prigioni (Rio Tercero, Argentina, 1977) 2011ko udan. Gasteizko zaleekiko bere harremanak bi urte zeramatzan ozpinduta, Real Madrilera mugitu zenetik. Ettore Messinak eskaini zion kontratua sinatu izana zuritzeko, «lehiaketa guztiak irabazteko aukeraren bila» zebilela ere esana zuen, lagatzen ari zen taldea koska bat azpirago ipinita. Laidoa onartu ez, eta abesti berri bat prestatu zion Indar Baskoniak Espainiako taldearekin egindako lehenbiziko bisitarako: «Prigioniren burua nahi dugu». Argentinarrak ezin izan zuen kantua digeritu, eta atariko esaldia bota zuen elkarrizketa batean. Sasoi haren bukaeran, Real Madril finalerdietan kanporatu ondoren ACB ligako txapeldun amaitu zuen Dusko Ivanovicen Laboral Kutxa zenak. Gasteizen ez da ordutik beste titulurik ospatu. Prigioniren azken garaikurra 2009ko Espainiako Kopa da. Baskoniarekin.

Messinaren Real Madrilen porrotarekin, etxera bueltatzea egokitu zitzaion antolatzaileari. Eta barkamena eskatzea tokatzen zitzaiola bai, baina kantxan egingo zuela iragarri zuen, eta ez prentsa aretoan. Iradier Arenan ekin zion sasoi horri Baskoniak, eta Prigioniri egindako txistuak laster bilakatu zituen biba bere jardun bikainak. Harmailako biraoek bazuen beste lehentasunik. Euroligako lehen fasean, lehiaketa lehen aldiz jokatzeko sailkatutako Bilbo Basket gasteiztarren talde berean erori zen.

Chris Paul nekatu zuenekoa

Europako bi derbiak irabazita ere, lehen fasetik aurrera egin gabe geratu zen urte hartan Baskonia, eta beltzezko bizilaguna final-laurdenetarako sailkatzeak are gogorrago bihurtu zuen penitentzia. Ivanovicen eta Josean Kerejetaren arteko idilioa itzaltzen ari zen, eta krisi ekonomikoak eragindako glaziazioa zetorrela nabaria zen. Bere bigarren aroan Gasteizen denboraldi bakarra eman ondoren, Prigioniren hurrengo mugimenduak harridura eragin zuen: New York Knicksekin probatzera joan zen, 35 urte beteak zituela.

NBAra iristearekin, azken hiruzpalau urteetan falta izandako zorte guztia ordainketa bakarrean kobratu ahal izan zuen. Raymond Felton eta Jason Kiddekin partekatu zuen antolatzaile postua; biak ajeek sarri zigortutako beteranoak ziren, eta Prigioni kantxan ipintzea beste aukerarik ez zitzaion geratu hasiberriekin zeken samarra izan ohi zen Mike Woodson entrenatzaileari. Bizkor egiaztatu zen argentinarraren zangoek ez zutela emango NBAko antolatzaile gazteenei aurre egiteko. Kirol ibilbide osoan helduleku izandakoa baliatu, eta gabezia hori konpentsatzea lortu zuen, ordea, Prigionik: gorpuzkera harrigarriz betetako ligan, bere adimen apartekoa zukutu duelako luzatu dizkiote lau urtez kontratuak. Hiru frankiziatan aritu, eta entrenatzaile guztiek izan dute estimu handitan. Atzera begira ipinitakoan oroitzapen batekin geratu behar badu, iaz Houston Rocketsekin Los Angeles Clippersen aurka jokatutako kanporaketako zazpigarren lehiarekin izango da. Bere lapurreta eta erreboteekin Chris Paul ernegatu, eta konferentziako finalerako sailkatu zen Rockets. Txapeldun izatera zihoan Golden State Warriorsen aurka galdu zuen gero finalean.

NBAko abentura ahal bezain beste zukutu nahi izan du Prigionik. Besteak beste, ligan emandako sasoi bakoitzarekin 62 urte betetakoan kobratzen hasiko den pentsioa gizenduz zihoalako. Aurtengo sasoi-aurrea Rocketsen igaro, eta lehia ofizialak abiatu aurreko azken astean kaleratu zuen zuzendaritzak.

Atsekabea gainditu, aspaldiko partez etxean, familiarekin aste batzuk igaro, eta Europan zabaldu aukerei begira hasi zen. Bartzelonarena izan zen entzun zen lehen izena, baina, aurkezpenean aitortutakoaren arabera, bere burua ez zuen ikusten Gasteizen ez zen beste inon. Tauk fitxatu zuen 2003an, Laboral Kutxara itzuli zen, eta abizen komertzialik gabeko Baskonian ariko da orain.

Harrerakin, lotsatuta

Prigioni abizenak Buesa Arenan duen pisuaz jakitun, festa identitario bilakatu du klubak bere bigarren itzulera, antolatzailea apur bat lotsatzeraino. Bera izan da aro berri honetako rolak beste bat beharko duela onartzen lehena. «Eskerrak eman nahi dizkiot klubari ia 40 urte dituen ni bezalako jokalari batengan konfiantza ipintzeagatik» batekin abiatu, eta gogoratu zuen Baskoniak bera ez diren izarrak badituela. Shane Larkin da nagusia, eta haren itzalean ariko da Prigioni, aurkariren bat gogaitu dezan Sito Alonsok deitu arte zain.

Indar Baskoniakoek bere burua esku artean edukiko dute behingoz. Gaur, Prigioniren milaka kartoizko maskara banatuko dituzte Buesa Arenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.