Azkena bai, baina erraza ez

Athleticek bide onera itzuli gura du Almeriari gailenduta. Zigorra bete ostean, Sancet jokatzeko moduan da; eta, euskarrian, Dani Garcia eta Herrera aritu daitezke

Ernesto Valverde, pentsakor, Getaferen aurka San Mamesen jokatutako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Getaferen kontrako berdinketak eta Realaren aurkako porrotak eten egin dute Athleticen emaitza bolada ona. Partida batean zein bestean ondo aritu arren, puntu bakarra lortzeak atzerapausoa ekarri dio sailkapenean. Jakinekoa da partida guztiak irabaztea ezinezkoa dela, eta bolada txarrak izaten direla, baina talde onek duten gaitasun nagusietako bat da lehorte motzak izateko ahalmena dutela. Egoera gaitzei aurre egin, eta denbora gutxian aurrera egiteko indarra erakusten dute. Gaur, Athleticen asmoa ere hori da. Almeriaren kontrako lehia irabaztea San Mamesen, eta txapelketaren bigarren etenaldia lasaitasunez lan egiteko baliatzea. Zuri-gorriek ez diete lekua egin gura azken urteotan maiz agertu diren mamuei.

Horretarako aukera ona dutela dirudi. San Mamesen jokatuko du talde zuri-gorriak, eta Almeria azken sailkatua da. Baina kontua da garaipena eskuratzeko aukera ona izan daitekeena kontrako eztarritik joan ohi zaiola. Ez duela aprobetxatzen, alegia. Mendea hasi zenetik 22 aldiz bisitatu du txapelketako talderik txarrenak San Mames, eta Athleticek hamabi lehia baino ez ditu irabazi. Bi berdindu ditu, eta beste zortzi galdu. Zortzi! Erraz esaten da.

Ez da kasualitatea. Taldeak gabeziak dituen erakusgarri da. Atzean sartu, eta eustera zelairatzen diren taldeen kontra daukan ezina islatzen du. Sormenean argitasun falta izan duelako, azken pasean erabaki zuzenak hartu ezinda aritu delako, edota ate aurrean eraginkortasuna falta izan zaiolako. Larri etorri diren taldeek puntu asko eraman dituzte.

Almeriak profil hori dauka. Ez da Athletici nor baino nor gehiago aurre egitera zelairatuko den taldea. Ez dauka horretarako talenturik, eta taldearen egoerak ere ez dio ausart jokatzeko aukera ematen. Horretarako konfiantza handia behar da. Eta Almeria zalantzati dabil. Azken sailkatua da, eta ez du partidarik irabazi. Gainera, azken norgehiagokan, hiru golen aldea izan arren, berdindu egin zuen. Vicente Moreno kaleratu ostean, teknikari bila dabil. Hori guztia kontuan hartuta, eta aurrekariak kezkagarriak direnez, begi-bistakoa da: Almeriaren kontra norgehiagoka ez da erraza izango.

Hala ere, baikor egoteko arrazoiak badaude. Athletic ondo ari da jokatzen. Arlo fisikoan indartsu ikusten zaio, erritmo bizian jokatzeko gaitasunarekin. Bada, talde zuri-gorria txinparta duenean da lehiakorra. Derbian kale egin zuen bi areatan; baina, orain arte, eraginkor agertu da. Asmatu egin du. Lau partidatan atea hutsik lagatzea lortu du, eta sasoi hasiera honetan aurreko denboraldietan baino jo handiagoa erakusten ari da erasoan. Gainera, Valverdek Ohian Sancet berreskuratuko du, partida bateko zigorra bete ostean. Erdilari aurreratuaren ekarpena ezinbestekoa da egungo Athleticen: baloiak ez dio oinetan erretzen, haren potentziari esker aurkariaren defentsako lerroak gainditzeko erraztasun handia dauka, eta, gainera, gol sena du. Hau da, area inguruan arriskutsua da oso.

Sancetekin batera, Nico Williamsen ekarpena ere garrantzitsua izango da. Anoetako lehian hasieratik aritu arren, justu xamar iritsi zen, bere onenetik urrun. Hala ere, sasoi betean egon ez arren, arriskua sor dezakeen jokalaria dela erakutsi zuen. Buruz burukoetarako duen erraztasunak errespetua ematen die kontrarioei. Valverdek euskarrian dauka buruko min nagusia. Ruiz de Galarreta eta Vesga min hartuta daude. Bata zein bestea oso ondo aritu dira lehen jardunaldietan. Zelaian erakutsi dute balekoa izan dela teknikariek euren alde egin duen apustua. Oker handirik ezean, Dani Garciak eta Ander Herrerak jokatuko dute haien partez. Eskarmenturik ez zaie falta. Gainera, Herrera azken bi neurketetan aritu da ondoen Athleticera itzuli zenetik. Partidak segidan jokatzeko aukera badu, ekarpen handia egin diezaioke taldeari.

Ernesto Valverdek honela aztertu zuen gaurko aurkaria. «Almeria azken lekuan dago, baina ondo lehiatu da. Geldikako jokaldietan arriskutsuak dira». Neurketa «funtsezkoa» dela uste du. «Batez ere porrot batetik gatozelako, eta etenera hamazazpi punturekin joatea oso ona litzatekeelako».

ATHLETIC-ALMERIA
Athletic. Unai simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Herrera, Dani Garcia; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
Almeria. Maximiano; Pozo, Chumi, Baba, Akieme; Edgar, Lopy, Melero; Arribas, Ramazani; eta Kone.
Epailea. Garcia Ventura.
Lekua. San Mames.
Ordua. 21:00 (Gol eta Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.