Jean Mixel Gonzalez. Baionako eta Miarritzeko jokalari ohia

«Azken urteetako derbirik itxiena eta itsusiena izanen da»

Jean Mixel Gonzalezek ederki ezagutzen ditu Miarritzeren eta Baionaren arteko derbiak. Gertutik bizi izan ditu, bi taldeetan, zelaian eta zelaitik at. Ziur da etzikoak arrastoa utziko duela sasoian.

Eneritz Zabaleta.
Hazparne
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Entrenatzailearen kirol jantziaren ordez, bulegoko langilearen atorra jantzita hartu du Jean Mixel Gonzalezek (Kanpo, Lapurdi, 1967) BERRIA, Hazparneko Expaba enpresan. Janzkera poxi bat aldatu arren, betiko Gonzalezekin egin du topo kazetariak: gizon zuzena, zintzoa eta giza balio handikoa. Gustura aritu da kalakan, laneko telefono ukaldiei muzin eginez eta idazkariari «okupatua naiz» erranez. Profesionalen errugbiaz urrundu bada ere, gisa batez ala bestez errugbiari loturik segitzen duela ageri zaio.

Ekainean sasoia bururatu ondotik Miarritzeko entrenatzaile kargua utzi zenuen. Zertan zabiltza ordutik?

Arras ongi bizi naiz, egia erran. Nire lehenagoko bizia berreskuratu dut. Hemen Hazparnen ari naiz lanean [Expaba enpresan ari da lanean]. Laneko erritmo hori berreskuratu dut, eta laneko lagunekin, lankideekin oso pozik moldatzen naiz. Nire familiarentzat ere badut denbora gehiago, eta horrek plazer egiten dit. Gisa batez errateko, lo, lanean eta etxean naiz orain.

Entrenatzen ari zinela, lana ere egiten zenuen. Zama astuna zen biak aldi berean jarraitzea?

Egia da denbora anitz hartzen zuela entrenatzeak. Nik, hala ere, lanean segitu nahi nuen; ez nuen bakarrik entrenatzaile postua hartu. Entrenatzea lan handia da. Denbora anitz hartzen du. Buruan kezka anitz dituzu, lo gutxi egiten duzu. Beti ari zara pentsatzen: «zerk huts egin du, zer egin nezake gauzak hobetzeko?». Jokalari profesionalen taldea kudeatzeak ere energia hartzen du. Orain, nire denbora osoa enpresan pasa dezaket, eta, egia erran, aldea nabaritzen da.

Orain, lasaiago ibiliko zara.

Bai, gauez berriz lo egiten ikasi dut! Goi mailako kirolak arazo anitz sortzen ditu, kezka anitz. Lotara joatean, beti buruari mila itzuli ematen dizkiozu. Pentsatzen jartzen gara, hurrengo partida nola pasako den, zer egin behar den... Arazo anitz dira, azkenean. Arazo onak, noski, baina arazoak, hala ere.

Akidura horrek azal dezake entrenatzaile kargua utzi izana?

Agian parte batez, baina ez nagusiki. Egia errateko, ez nintzen ados taldea hartzen ari zen norabidearekin. Serge Blanco presidentearekin hitz egin nuen. Berak nahi zuen bi urtez segi nezan oraindik, baina, nire ustez, gauzak ez ziren bide zuzenean, eta nahiago izan dut horretan utzi, gero disgustura aritu ordez.

Errugbi profesionala gibelean utzi duzu, beraz?

Oraingoz, bai. Errugbi profesionala gibelean utzi dut, baina plazerez ematen ditut aholkuak talde amateurretan. Hainbat taldek deitu naute, eskola txiki batzuk emateko, eta hori gustura egiten dut. Egon naiz Larresoron usu, bai eta Baionako emakumezkoen taldearekin lanean, Angelun, Nafarroan... Gero, hemengo errugbi batzordearentzat ere bai; amateurren federazio kopako selekzioko hautatzailea naiz.

Amateurrekin aritzeak ere haize freskoa ekarri dizu. Zer ezberdintasun daude jarrerari dagokionez?

Oso ezberdina da. Anitz gauza ikasi nahi dituzte, bertatik ikusi. Horrelako taldeetan ibiltzeak plazer ematen dit; zer egin behar den, nola aritu behar den erakusteak; entrenatzaileekin ere eleketa aritzeak. Entzuteko gogoz dira.

Dei anitz jaso dituzu, beraz. Horrek ez al du erakusten jendeak maite zaituela?

Horretaz ohartu naiz. Ekainean entrenatzaile kargua utzi nuenean, sakelakoa mezuz betea nuen. Zale anitzek mezuak utzi zizkidaten. Miarritzeko hotel batean ere hitzordu bat ukan nuen. Kameretatik urrun, emaztea eta biok gonbidatu gintuzten eta makila eder bat oparitu zidaten.

Zergatik sortzen duzu horrelako hurbiltasuna?

Jendeak maite du nire izateko era. Beti sinpleki ari izan naiz nire bizian. Gezurrik gabe. Eta jendeak, agian, horrelako espiritua maite du.

Lanean ere, behin eta berriz errugbi istorioak ez dira urrun izanen, ezta?

Denetan gertatzen zait! Jendeakontent da ni ikusteaz, eta beti bada istorioren bat. Baionak zer egin duen, Miarritzeren azken partida... Ezker eta eskuin errugbia aipatzen dugu. Egia erran, goxo da. Jendeak badu plazera nirekin aritzeko eta mintzatzeko.

Errugbia hainbeste aipatuz, ez dizu enbeiarik pizten berriz ere egun batez entrenatzaile gisa aritzeko?

Ez dut sobera pentsatu, baina ni orain izugarri ontsa naiz. Emaztearekin eta haurrekin egoteko denbora badut. Haurrak ari dira handitzen, eta, egia erran, haien ondoan egotea zinez plazer handia da. Ateraldiak egiten ditugu, oihanera edo beste. Nire familiaz gozatzen dut. Asteburuetan nahi duguna egiten ahal dugu. Aita etxean izatea haientzat ere plazera da.

Derbia hurbiltzen ari da. Pentsatzekoa da erreparatu diozula Baiona eta Miarritzeren jardunari.

Ez dut sobera segitu. Izan naiz Baionan bi partida ikusten. Miarritzeko partida bat ere ez dut ikusi oraindik. Pixka bat urrundu naiz errugbitik azken asteetan.

Hala ere, iritzirik izanen duzu bi taldeen sasoi hastapenaz?

Baionak sufritu egin du. Munduko Kopa horrek trenpu txarrean ezarri ditu. Pixka bat pena da. Bazuen ahala sasoia ongi hasteko. Montpellierren kontrako partida ikusten izan nintzen, eta beren erruz galdu zuten. Ez zuten aski joko egin irabazteko. Orain jokalari berriak sartuko dira, eta nik uste talde eder bat izanen duela aitzina segitzeko. Hala ere, beharko dute serioski aritu partida onak jokatzeko eta, batez ere, irabazteko. Lyonen aurka partida garrantzitsua dute [Baionak 15-9 irabazi zion herenegun Lyoni], eta gero derbia etorriko da.

Eta Miarritzeri buruz?

Miarritzen aspalditik bazekiten Munduko Kopa dela-eta jokalari anitz faltako zituztela. Zuzendaritzak ez du nahi izan jokalari berririk sartu, taldea gogortzeko eta indarra izateko. Gazteekin nahi izan dute dena egin, eta orain hor dira Top14ko azkeneko postuan, beren faltaz nire ustez. Ez zen askoren beharrik, baina bizpahiru jokalari indartsurekin aski izaten ahal zen gazte horiek gidatzeko. Orain, bistan da, ontsa izanen dira Munduko Kopako jokalariekin. Heineken kopan ongi aritu dira. Baiona eta Montpellier jasoko dituzte etxean, eta ezingo dute huts egin. Kanpoan ere puntuak lortu beharko dituzte.

Munduko Kopa dela-eta galdutako puntuak berreskuratu nahiko dituzte talde askok, eta ez da partida errazik izanen.

Baiona kasu horretan da, Miarritze ere bai. Baina ez dira bakarrak! Hor dira Perpinya, Montpellier. Agen ere trenpu onean da. Nire ustez, Clermont eta Tolosa koska bat gorago daude, baina gibeleko hamabi taldeen artean biziki tinkoa izanen da lehia.

Heineken kopa dute helburu bi euskal taldeek. Lor dezakete helburua?

Arras zaila izanen da. Biek badute beranta. Badakigu zein inportanta den Heineken kopa diru iturriak lortzeko, zaleak erakartzeko... Oraindik biek lortzen ahal dute, baina biziki zaila izanen dute.

Top14a hazten ari da etengabe. Aurrekontuak gora eta gora doaz. Nola ikusten duzu euskal taldeen geroa?

Egia da aurrekontuak gora doazela. Hiri handietako taldeak igotzen ari dira (Lyon, Bordele, Racing...). Ikusi dugu Baionak sasoi honetan sos anitz sartu duela, Alain Aflelourekin. Hala ere, gero eta diru gehiago bada. Miarritzek eta Baionak oraingoz atxikitzen dute, baina lau kilometroko tartean beti sos gehiago beharko dute. Nondik aterako dute? Agian hurrengo urteetan atxikiko dute, baina epe luzean biziki zaila izanen da.

Derbia hurbiltzen ari den guztietan bezala, Baiona eta Miarritzeren bateratzea aipu da. Nola ikusten duzu euskal errugbi taldearen sortzearen gaia?

Nire ustez, bi taldeetatik batek leher egiten badu, ezingo da saihestu bateratzea. Errugbi profesionalak Euskal Herrian bizirik jarraitzeko, bi taldeek bat egin beharko dute. Anitz sos behar da orain errugbian, eta nik ez dut ikusten nondik aterako duten biek sos hori. Eguneroko bizian ere krisia hor da. Jendeak kasu egiten du. Testuinguru horretan errugbiarentzat sosa biltzea ez da erraza. Orain, taldeen aurrekontuak hogei milioi euro inguruan daude. Hori sos anitz da.

Horien guztien aurretik derbia izanen da asteartean. Zergatik da hain berezia derbia?

Bi auzoren arteko lehia da. Jendearentzat oso berezia da. Ohiko lehietan, irabazi egin behar dela erraten dizu jendeak; derbietan, berriz, ezin dela galdu. Horretan da aldea. Joko txarra eginez galtzea ere debekatua!

Zuk 1990eko hamarkadako derbiak ezagutu dituzu. Orain anitz aldatu da errugbia. Derbian eragina izan du?

Bistan da. Lehen, denak hemengoak ginen. Orain, errugbia aldatu da, eta kanpoko jokalari anitz bada. Nahiz eta behin eta berriz esan, lehen partida jokatu aitzin ez dira ohartzen zer den derbi bat. Derbiak zure sasoia baldintzatzen du. Irabazten delarik, gauzak biziki ongi pasatzen dira, eta galtzen bada, hortik hasten dira arazoak. 2004an Miarritzerekin galdu genuen derbia, eta gero sekulako krisia izan genuen. 2008an, ordea, Baionak etxean galdu zuen, eta hortik aitzina trenpu txarrean sartu zen.

Hedabideen presioa ere handiagoa da orain. Horrek aldatu du derbia?

Orain denek aipatzen dute. Telebistan, irratian... Paristik heldu dira derbia segitzera. Jendeak ere bere presioa ematen du. Derbiaren bezperan hobe da etxean gelditu, bakean.

Zuk derbi anitz jokatu duzu. Hiru aukeratuko zenituzke?

Jokalari gisa 1989an Agileran Baionarekin 8-9 irabazi genuena. Sekulako oroitzapena dut. Gero, zentzu txarragoan, 1992an Frantziako txapelketako final-laurdena 11-14 galdu genuena. Kolpe handia izan zen. Miarritzerekin, berriz, 2004an Baiona igo berri eta Agileran irabazi zigun hura biziki azkarra izan zen (22-27). Muturrekoa jaso genuen. Entrenatzaile gisa irabazi genuen aurreneko derbiaz ere (15-19) oroitzapen bikaina dut. 2009ko apirilean izan zen.

Nolako partida espero duzu asteartean?

Bientzat oso partida garrantzitsua da. Irabazleak abiada hartuko du goraka, eta galtzaileak arriskuan ezarriko du bere sasoia. Azken urteetako derbirik itxiena etaitsusiena izanen da. Gauza gehiegi daude jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.