Aitor Fernandez. Osasunako jokalaria

«Azken urteak zailak izan dira, eta Euskal Herrira itzultzeko abagunea zen»

Osasunaren atezain berriak etxera itzultzeko beharra sentitu du. 2020an, aita hil zitzaion, eta, aurreko sasoian, bigarren mailara jaitsi zen, Levanterekin. Indarberrituta iritsi da Iruñera.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun

Vila-real, Numantzia, Levante... Hamar urte egin ditu Aitor Fernandezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1991) etxetik kanpo. Gorengo mailara iristea uste baino gehiago kosta bazitzaion ere, ibilbide oparoa izan du atezainak. Osasunak fitxatu du sasoi honetan, eta gogotsu dago «azken urteetako sasoirik gogorrenetariko bati» aurre egiteko. Sevilla hartuko dute gaur gauean gorritxoek Sadarren (21:00, La Liga), eta zaleei lehenengo poz handia ematen ahaleginduko dira.

 

Amaitu da denboraldiaurrea. Nola ikusi duzu taldea?

Ondo aritu gara, eta emaitza onak bildu ditugu. Realaren aurka galdu arren, hobeak izan ginen, eta aukera gehiago izan genituen sailkapenean goian egoten den talde baten aurka. Feyenoord bezalako talde bati ere bere etxean irabazi genion. Sentsazioak onak dira, eta taldeak neurketa guztietan eman du aurpegia. Hala ere, lehiaketak ematen duen tentsio hori falta zaigu oraindik. Baina hori ere iritsiko da.

11 gol sartu dizkizuete zazpi partidatan. Denboraldiari begira larritzekoa al da?

Larritzekoa ez. Egia da harritzeko moduko datua dela, Osasuna defentsa gogor batekin lotzen dugulako. Gol asko jaso ditugu neurketa hauetan, baina beste asko ere egin ditugu. Helburua gure ateko sarraila ixtea da, eta ahalik eta gol gehiena sartzea. Hobekuntza bertatik hasi behar dugu, eta horretan ari gara. Baina ezin dugu ahaztu zer den denboraldiaurrea. Hala ere, datuak atera daitezke, eta horiei begira lan egin etorkizunean.

Zer moduzko taldea aurkitu duzu lehenengo hilabete honetan? Fama ona du, baina Oier Sanjurjo kapitain handia falta da…

Oso ona. Ikusten da bertatik pasatuak diren jokalariek lan handia egin dutela taldean bertan. Beste taldeekin Osasunaren aurka jokatutakoan ikusten zen oso lotuta zeudela, eta kanpotik ikusten nuen baino hobea da topatu dudan talde sentipen hori. Ezin hobeto hartu naute denek, eta oso pozik nago.

Bakarka entrenatu zara azken egunetan. Zer moduz zaude? Prest ostiralerako [gaurko]?

Bai, prest nago. Haustura txiki bat izan dut abduktorean, baina ahaztuta daude minak. Denboraldiaurreko azken neurketarako ere prest nintzen, baina ez zeukan zentzu askorik arriskatzeak. Atepean lan egiten jarraitu dut bakarka aritu naizenean, baina beste ordutegi batean. Sevillaren aurkako partidara ondo iristea zen helburua, eta hala izango da.

Sevilla izango duzue lehenengo aurkaria ligan, Txapeldunen Ligako taldea. Nola ikusten duzu neurketa?

Aurten lehia guztiak izango dira zailak. Bigarren Mailatik jaitsi diren taldeek dirua daukate, eta edozeinen aurka gal edo irabaz dezakegu. Sevillak potentzial handia dauka, eta jokalari bikainak ditu postu guztietan. Ez da samurra izango, baina nik beti esan ohi dut, horrelako talde handien aurka hobe dela aurreneko partidetan jokatzea, sasoi puntu bat falta zaigulako denoi, oraindik. Horrelako taldeek, behin erritmoa hartzen dutenean, oso zaila da puntuak kentzea. Talde guztien aurka aritu beharko gara, baina lehenengo egunetik irtengo gara hiru puntuen bila.

Azken urteetan taldeak ez du lortu Sadar gotorleku bihurtzea. Aurreko sasoian, adibidez, etxean puntu gutxien atera zituzten lau taldeen artean izan zen. Hori aldatzea da helburu nagusia?

Nik beti pentsatu izan dut futbolean helburu guztiak etxean lortzen direla. Harritzeko datua da hau ere, talde gehienek puntu gehiago biltzen dituztelako etxean, etxetik kanpo baino. Nahiago dugu zaleen aurrean ondo aritzea, eta garaipenak haien aurrean biltzea, baina, hala ere, helburuak lortzea da garrantzitsuena. Puntuak lortu behar ditugu, eta sailkapenean berdin dio non edo noren aurka lortzen ditugun.

Kanpoko neurketetan, aldiz, bikain jardun du taldeak, eta laugarren urtea jarraian izango du Lehenengo Mailan. Bertan mantentzea baino gehiago eskatu behar zaio taldeari?

Ez dakit taldearentzat ona den hori, gertutik bizi nuen aurreko sasoian antzeko kasu bat Levanten. Lehenengo Mailan mantentzea baino koxka bat gorago egotea jarri ziguten helburu, eta Bigarren Mailan amaitu genuen. Sailkapeneko aurreneko laurak kenduta, esango nuke denon helburua Lehenengo Mailan mantentzea dela. Helburua lortuz gero, izango dugu amets egiteko denbora, baina goazen pixkanaka-pixkanaka aurreneko helburua lortzera. Hori lortuta, ikusiko da non dagoen taldea, eta noraino irits daitekeen, baina ezin gara hasi beste gauzetan pentsatzen.

Zuk ere aipatu duzu lehen. Inoiz baino berdinduago dator liga. Igoera lortu duten hiru taldeek inbertsio handia egin dute fitxaketetan…

Azken denboraldirik gogorrenetarikoa dator, eta prest egon behar gara. Azken urteetan ikusi da talde txiki izan behar luketenek handiei nola irabazten dieten. Urte batzuk atzera, hori ezinezkoa zen. Valentziak Gonçalo Guedes saldu du 30 milioi euroren truke, eta badirudi Almeriak ere berdin egingo duela Umar Sadiqekin. Hori diru asko da, eta diruak jokalaririk onenak ekartzen ditu ligara. Oso zaila izango da, baina polita.

Gainera, hilabete eta erdiko etena izango du sasoi honek urte amaieran, Munduko Kopa dela medio. Ezohikoa izango da, ezta?

Oso arraroa izango da. Planteamendu desberdina egin behar dugu. Lehenengo, hamalau neurketak, batetik, eta gainontzekoak, bestetik. Helburua da lehenengo hamalau horietan ahalik eta puntu sortarik ederrena biltzea, eta hori izango da giltzarrietako bat salbazio erdia behintzat lortzeko.

Azken urteetan Sergio Herrera izan da atezain titularra, baina orain lotu gabe dago postua. Nola ikusten duzu bien arteko lehia?

Sergiok urte bikainak egin ditu, eta postua airean egotea ona da niretzako. Futbola taldeko kirola da, eta helburua ez du batek soilik lortzen; denon lana da. Ni taldeari helburuak lortzeko laguntzera nator, zelai barrutik edo kanpotik. Dena emango dut lan saioetan, eta Sergiok ere hala egingo du, ziur. Hori eginez gero, batak bestea hobeto egingo du, eta taldearentzat berri bikaina izango da. Arazoa Jagobak izango du hamaikakoa aukeratzean! [barrez].

Titular ikusten duzu zeure burua?

Urte asko daramatzat futbolean, eta oraindik ez ditut ulertzen titularraren eta ordezkoaren etiketak. Ez dut horretan sinesten. 11 jokalarirekin bakarrik ez dago talderik helburua lortzera iritsiko denik. Ezinezkoa da. Hala pentsatzen dut nik.

Jagoba Arrasate entrenatzaile zela igoera kanporaketetako finala jokatu zenuen Numantziarekin 17/18an. Nola gogoratzen duzu sasoi hori?

Benetako talde bat izan ginen. Bigarren Mailan talde handiak izan ziren denboraldi hartan, diru asko zeukatenak, eta nik beti esaten dut gu lagun kuadrilla bat besterik ez ginela. Kanporaketetara galtzeko ezer gabe iritsi ginen, eta finalean ezin izan genion Valladolidi ezustekoa eman. Jagoba ez da ordutik gehiegi aldatu. Antzeko gauzak eginda, jarri dituen helburu guztiak lortu ditu.

Zenbateko garrantzia izan du zu Osasunara iristeko?

Jagoba, Bittor [Alkiza] eta Sergi [Perez] ondo baino hobeto ezagutzen ditut, eta badakit nola egiten duten lan. Hori oso garrantzitsua izan da ni Iruñera iristeko, eta, egokitzean, asko neukan irabazita. Egia da aurretik neukala buruan Euskal Herrira itzultzea. Baina erabakia hartzeko orduan asko lagundu zidan entrenatzaile taldea ezagutzeak.

Urtarrilean berritu zenuen kontratua Levanterekin 2024ra arte, baina sei hilabete igaro eta gero, Iruñean zaude. Zergatik?

Kontratua berritu nuenean, oso polita zen dena, baina berehala jarri ninduten bigarren maila batean, eta bazirudien Aitorrekin ahaztu egin zirela. Nik ere ez dakit ondo azaltzen. Gainera, ezin izan ginen Lehenengo Mailan mantendu, eta aitaren heriotza ere oso tarte txikian izan zen. Oso lotuta geunden aita eta biok, eta min handia egin zidan. Amaiera oso gogorra izan dut Valentzian, eta horrek denak Euskal Herrira etortzeko gogoa piztu zidan. Abagune hau zela uste dut.

Lehenengoz bizi izan zenuen Bigarren Mailara jaistea…

Oso gogorra izan zen. Txikitatik erakutsi digute helburuak bete egin behar direla, eta lortzen ez duenak porrot egin duela. Gainera, zelai barrutik ezin izan nuen gehiegi lagundu, eta, kanpotik laguntzen saiatzen zaren arren, inpotentzia handia da.

Debuta 27rekin egin zenuen, baina gertu izan zenuen aukera 16 urte zeneuzkala…

Pentsa, hamar urteren aldea dago. Heltzea oso zaila da, baina 16 urterekin ez zaude prest lehenengo mailan aritzeko. Inolaz ere ez. Atzera begira jarrita, askotan pentsatu izan dut ez nintzela sekula iritsiko.

Zer Osasuna ikusiko da denboraldi honetan? Askotan aipatu da etxean beste joko bat egin behar duela taldeak…

Joan zen denboraldian hamargarren gelditu zen Osasuna. Aurretik izan zituen bederatzi taldeen aurrekontuari erreparatuz gero... aldea oso handia da. Zale batzuei ez zaie aski irudituko, baina nik Levanten bizi izandakoa bizi eta gero, handia iruditzen zait Osasunak azken urteetan egin duena. Etxean puntu gehiago lortu nahi ditugu, eta zerbait aldatu daiteke, baina azken urteetako Osasuna ikustea ere albiste ona litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.