Luzapenean, partida amaitzeko 10 segundo falta zirenean, eta penaltiz. Athleticek puntu bat salbatu du Mallorcan, Iñaki Williamsi esker. Beste puntu bat Europarako sailkatzeko bidean: 1-1. Altxor handi bat partida nola joan den ikusita. Zuri-gorriek ez dute partida ona jokatu, eta beste aukera bat galdu dute seigarren postuan jartzeko. Ostegunean izango dute beste abagune bat, Betisen aurka, San Mamesen.
Txandakatzeak egin ditu Ernesto Valverdek. Hasieratik aritu dira Agirrezabala, Paredes, Berenguer eta Raul Garcia. Lehen zatia parekatua izan da. Ander Herreraren jaurtiketa bat izan da zuri-gorrien aurreneko gerturatzea Rajkovicen atera. Baina baloia kanpora joan zaio. Gainera, epaileak falta adierazi dio. Nico Williamsen abiadurarik gabe, eta Muniain eta Sancet falta zirenez, Ander Herreraren lerro arteko jokoa eta paseak bilatu behar zituzten Valverderenek erasoko jokoa sortzeko. Baina Mallorcak ondo itxia zuen. Athleticek gehiago zuen baloia, baina minik egin gabe. Lehen zatiko abagunerik argiena korner batean izan dute etxekoek. Bigarren zutoinean Raillok posizioa irabazi du, buruz jo du baloia, eta aldaratzea Valjenti iritsi zaio. Hark area txikian errematea egin du. Eskerrak baloiak Raul Garcian jo duela, barrura baitzihgoan. 40. minutua zen. Huts eta huts joan ziren aldageletara.
Partidari beste abiadura bat emateko asmoz, Valverdek Nico Williams zelairatu du atsedenaldian, Guruzetaren ordez. Zuri-gorriak gehiago estutuz atera dira. Baina Vivianek egindako huts baten ostean Muriqi gola sartzear egon da. Agirrezabalak ondo erantzun du, ordea. Hurrengo jokaldian Amatek zutoinera bidali du errematea. Kasu horretan, Yerayrena izan da hutsegitea. Mallorcari hauspoa eman diote jokaldi horiek. Hala, Athleticentzat kolpea 57. minutuan iritsi da. Kang In Leek gola sartu du etxekoentzat. Zuri-gorriak bigun aritu dira defentsan. Gainera, Yeray Agirrezabalaren gainera erori da, eta ezin izan du baloia geratu.
Athletici kosta egin zaio kolpeari buelta ematea. Mallorca eroso zegoen, aukera baitzuen kontraerasora jokatzeko, eta hori da haren indargune nagusia. Raul Garciak egindako pare bat erremate izan dira Athleticek sortutako aukera bakarrak. Bihotzarekin jokatu du, buruarekin baino gehiago. 96. minutuan iritsi da penaltia. Baloiak Ruiz de Gallaretaren eskuan jo du, Raul Garciaren erremate baten ostean. Penaltia argia zen. Baina Mallorcako jokalariek protesta egin dute, Raul Garciaren errematea baino lehen Adu Aresek falta egin duela esanez. Epaileak, ordea, ez du erabakia aldatu, eta Iñaki Williamsek ez du huts egin. Hor amaitu da neurketa.