Haimar Zubeldia. Trek-Segafredo

«Azken Tourra balitz bezala ari naiz gozatzen; dibertigarria da»

40 urte ditu, eta hamaseigarren aldiz ari da Tourrean. Azken unean sartu zen, zirrikitu batetik, baina, behin mina ahaztuta, Zubeldia gozatzen ari da, taldearen helburua okertu den arren.

«Azken Tourra balitz bezala ari naiz gozatzen; dibertigarria da».
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Atseden egun lasaia izan dute, 50 kilometro pasa bakarrik. Euria ari du goitik behera, eta giro goibela dute Dordonhan (Okzitania). Trek taldearen hotelean ere pentsakor daude, Alberto Contador taldeko burua liderrarengandik bost minutu pasara dago, eta hausnarketarako eguna da. Haimar Zubeldiak (Usurbil, Gipuzkoa, 1977) masajea hartzen ari den bitartean erantzun ditu galderak.

Zer moduzko giroa duzue taldean? Egoera aldatu egin zaizue.

Herenegungoa ez zen egun ona izan. Ondo hasi ginen, ihesaldian bi kide sartuta, baina, gero, erorikoarekin, gauzak nahasten hasi ziren, eta Contadorrek ez zuen izan egunik onena. Tourra horrelakoa da. Oraindik bi aste gelditzen dira; emango dugu zeresana.

Contadorrek bost minututik gora galdu izanak planteamendua aldaraziko al dizue?

Ez dugu hitz egin, baina oraingoz ez. Aurkariek ez badute pixka bat behera egiten, orduan bai birplanteatu beharko genukeela, etapa garaipenerantz-eta. Baina oraindik ez.

Podium helburuei ez diezue uko egin oraindik?

Ez, ziur ezetz. Oraindik gauza asko aldatuko dira Tour honetan. Hiru egun gogor izan ditugu bakarrik, eta oraindik gauza asko gertatuko dira. Gainera, Contadorrek bere maila ematen badu, gora egingo dugu.

Contador nola dago? Beteranoa zara, zu ez zaitu engainatuko.

Galdetu diot, eta serio eta pentsakor dago. Arduratuta erorikoaren eragina ahalik eta bizkorrena pasatzen, minik eta ez izateko. Ondo egin du lo.

Tankera guztietako atseden egunak biziko zenituen Tourrean. Alde handia al dago atseden egun alai eta tristeen artean?

Bai, dudarik gabe, sekulako aldea dago. Gauzak ondo doazenean, beste giro bat egoten da mahaian. Baina halako uneetatik altxatzen jakin behar da. Gure esku dago egoera aldatzea.

Zer traza hartzen diozu Tourrari?

Gauza asko gertatu direla iruditzen zait. Batez ere herenegun. Lehen egunean, bi txirrindulari handi joan ziren etxera, et,a herenegun, Richie Porte. Eroriko asko egon dira, Rafal Majka bera ere. Tourrean arrisku asko hartzen dira, eta erorikoak iristen dira. Etorri bezala hartu behar da.

Azken itzuli handietan normalean baino faborito gehiago erori direla dirudi. Zuk ere hala uste duzu?

Beti daude erorikoak. Baina egia da azken urteetan liderrei edo aurrean egoten direnei egokitu zaiela, eta badirudi garrantzi handiagoa hartzen dutela. Eroriko arriskua beti hor dago, eta nik uste dut egoera jakin batzuk izan direla: euria, arriskuak hartu direla... Eta jende garrantzitsua erori dela.

Chris Froome oso indartsu ageri da kanpotik. Nola ikusi duzu zuk tropelean?

Faboritoei beti begiratzen diezu zeharka, ea nola dauden jakiteko, eta hasieran Froomek ez zidan sentsazio onik transmititzen. Azken urteak kontuan hartuta, aurten sortzen zituen zalantza gehien, baina erakutsi du indartsu dagoela. Oraingoz, une zail guztiak ondo gainditu ditu, eta horregatik dago lider.

Eta aurkari zuzenen artean?

Nik Contador eta Porte sasoiko ikusten nituen herenegunera arte. Porte erori egin zen. Bardeten taldeak herenegun estrategia ona egin zuen hura podiumera eramateko. Nik Aru ez nuen horrela espero; Dauphinen hain ondo egon ondoren harritu egin nau indar horrekin ikusteak. Aru eta Bardeten sasoi puntuak harritu naute gehien.

Eta zu, zer moduz? Hasieran Tourretik kanpo gelditzearen disgustua pasatu al zaizu?

Argi dago horrelako arrazoi bategatik erortzea ez dela inoiz polita [Andre Cardoso kideak positibo eman zuelako sartu zuten taldean]. Disgustu handia izan zen, baina ez dakit, agian patuak nahi zuen ni hemen egotea. Behin lasterketan hasi ginenean, hori ahaztu egiten da, eta lasterketan murgiltzen gara.

Taldeko zuzendariekin hitz egin behar zenuela esan zenuen. Izan al duzue solasaldi hori?

Bai. Haiek euren jarrera defendatu dute, eta gauza batzuetan ere arrazoia eman didate. Baina hori gure artean geldituko da.

40 urteko txirrindulariak zuzendariarekin hitz egiten duenean beste pisu bat izango du.

Bai, hala da. Ez da hainbeste adinagatik, baizik eta estruktura honetan daramatzadan urteengatik. Nik denak ezagutzen ditut, estruktura honetako zaharrenetakoa naiz. Nik nire iritzia defendatzen dut, eta bakoitzak berea. Agian uste nuen gauza batzuk beste era batera zirela, eta bizitzan batzuetan kolpeak ere jasotzen dira, eta horretatik ere ikasten jakin behar da.

Zuri hitzeman al zizuten Tourrean parte hartuko zenuela?

Hori ezin da inoiz %100ean esan. Ni Dauphinera arte bertan nengoen, inork ez zidan ziurtatu, eta ez dut halakorik idatzita kontratuan, baina nik neure buruan barruan ikusten nuen.

Tourra da zure motibazio handiena, ezta?

Hori dudarik gabe. Badirudi postu hori aurten ez nuela merezita batzuen ustez.

Eragin al dizu errendimenduan?

Argi dago nik albistea lehenago jakin nuela, eta azken entrenamendu astea ez zen berdina izan. Bizikletan ibili nintzen, batez ere buruarentzat ondo zetorkidalako. Halere, badakit horrek mesede egingo didala azken astean, freskoago egongo naiz.

Gozatzen ari al zara?

Bai, dudarik gabe. Azken urteetan bezala. Ez dakit hau izango den azken Tourra, baina azkena balitz bezala ari naiz gozatzen. Sufritu egiten da, baina gozatu ere bai. Azkena balitz bezala da, baina urteak daramatzat horrela; egia esan, dibertigarria da. Helburu bat lortu behar izanaren zama gainetik kentzen duzunean, azkenean nire zeregina Contadorren alboan egotea baita, talde lana egitea, lasaiago egiten da lo, buruan kezka horiek izan gabe.

Hamaseigarren Tourra... Jendearen tratua ezberdina al da?

Bat gehiago naiz. Urteen poderioz jende asko ezagutzen duzu, eta laguntasuna sortzen da batzuekin, eta alde horretatik bai dela ezberdina. Hortaz gain, gauza berri gutxi iristen dira, baina, tira, txirrindularitza ez da matematika, eta beti ikasten da zerbait.

Ez lizuke ilusioa egingo egun batez morroi lana utzi eta ihesaldi batean sartzeak? Asko hitz egin izan da zure lehiatzeko moduaz.

Hori gaindituta daukat. Nik Trek-Segafredorentzat egiten dut lan, ez, errespetu guztiz, etxean sofan dagoenarentzat. Nire korritzeko modua dut, horrelakoa naiz, eta badakit hainbat jenderi ez zaiola gustatzen, baino zerbait egingo nuen ondo hainbeste urteren ondoren oraindik hemen egoteko. Ospearen ardura hori atzean utzita daukat aspaldi.

Halakoak entzuteaz nekatuta dagoeneko?

Bere garaian gehiago, orain paso egiten dut. Ez dit ezer esaten. Sare sozialetan iritziak eta ikusten dituzu, eta pentsatzen duzu: «bat gehiago». Iritzia ematea doan.

40 urterekin, etorkizunari buruz galdetu behar...

Ez dakit. Urte bukaerara arteko kontratua dut, eta ikusiko dugu. Oraingoz, Tourra dut, Donostiako Klasikoa gero, Espainiako Vuelta ere badago... Ikusiko dugu.

Vueltara joateko asmoa al duzu bada?

Oraingoz ez nago Vueltarako. Klasikoa egingo dugu, eta ikusiko dugu ondorengoa.

Zuk esana erretiroa Donostiako Klasikoan hartzea gustatuko zitzaizula. Ez al da aurtengoan izango?

Klasikoan agur esatea amestu izan dudan aukeretako bat da, baina ikusiko dugu. Oraindik ez dut ezer aurreratu nahi. Baina bueno, askotan pentsatu izan dut horretan, eta berrogei urterekin are gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.