Azken pedalkadak, etxean

Han-hemenka ibili ondoren, Victor de la Partek Euskaltelen bukatuko du bere txirrindulari ibilbidea. Bi urterako sinatu du, eta hazten lagundu nahi dio taldeari, batean eta bestean pilatu dituen esperientziak baliatuz.

17013430310074255374199256682478
Victor de la Parte, entrenamendu batean. TOTAL ENERGIES
enaut agirrebengoa
2023ko abenduaren 2a
05:00
Entzun

Txirrindulari alderraia da Victor de la Parte (Gasteiz, 1986). Edo hala izan da orain arte. 2011n bilakatu zen profesional, eta bazterrik bazter ibili da geroztik: Greziako, Austriako, Portugalgo, Poloniako eta Frantziako taldeetan jardun du, eta hamaika herrialdetan lehiatu da. «Europan, hiru bat herrialde faltako zaizkit. Eta kontinente guztietan aritu naiz». Etxetik, ordea, apenas igaro den. Caja Ruralen hasi zuen ibilbidea, eta Movistarren bi urte egin zituen, 2017tik 2019ra. Orain, bi denboraldirako kontratua sinatu du Euskaltelekin. Bukatu dira nomada garaiak. 37 urte izanik, gertu du erretiroa, eta laranjaz jantzita egingo du azken txanpa.  

Edonola ere, bidaiari amorratua da oraindik ere De la Parte. Horren erakusgarri, deiak Kolonbian harrapatu du. Etxe bat du han, eta sasoiaurrea itsasoz bestalde egitea gustatzen zaio. Eguraldi epelagoaren eta egun luzeagoen bila joaten da. «Ez pentsa oporrak direnik: garai honetan jada egunero entrenatu behar dut». Prestaketa «gogo bereziarekin» ari da egiten, datorren urtean «etxeko taldean» ariko baita. «Sekulakoa da azken urteak hemen egin ahal izatea, Euskal Herriko zuzendariz, langilez eta txirrindulariz inguratuta». Total Energies taldearekin kontratua finitu ondotik, Euskaltel izan zen gasteiztarraren aukera bakarra. «Soilik Euskalteli deitu diot. Orain dela urte batzuk ere harremanetan egon ginen, eta, egia esan, inoiz izan dudan negoziaziorik errazena izan da».

Ziur dago etxera itzultzeko hartu duen erabakiaz, eta «sekulako gogoa» du erronka berriei heltzeko. Haatik, zerbait faltako zaio. «Gorputzak martxa eskatzen dit oraindik ere. Atzerrian aritzea da ziklismoan gehien bete nauena. Beti ikasi dut zerbait berria». Haren hitzei berotasun berezia darie hara-hona osatu duen bidea errepasatzean. Emaitzarik onenak Poloniako CCC taldean eta Austriako Vorarlbergen lortu zituen, baina De la Partek bestelako helburuak izan ditu. «Oso gutxi erreparatu diet emaitzei. Ziklismoaz gozatzea eta esperientziak eta bizipenak pilatzea izan da nire nahia». Talde gehienetan aurkitu du bilatzen zuena. «Movistar World Tour mailako taldea da, eta banekien zertara nindoan. Baina besteetan asko gozatu dut».

Munduari bira eman dio bizikleta gainean, eta gauza «harrigarriak» ikusi ditu. «Dena antzekoa da lasterketa nagusiak egiten diren herrialdeetan. Baina, hortik kanpora joatean, konturatzen zara lasterketa eta herrialde bakoitza mundu bat dela». Adibidez, arrastoa utzi zion Ruandako itzulian ikusitako giroak. «Pentsatzen nuen ez zela inor egongo lasterketa ikusten, baina sekulako jendetza zegoen. Beste inon baino maitatuago sentitu nintzen. Kirol ekitaldiak oso modu berezian bizitzen dituzte». Mundu zabalean lehiatu den «lasterketa guztiek» eman diote zerbait. Hainango itzulian, adibidez, beldurrari aurre egin behar izan zion. «Txinako uharte bat da, eta tximinoak eta suge handiak daude oihanean. Izu laborria diet. Lasterketan, inoiz ez nintzen bakarrik gelditu txiza egitera, badaezpada».

«Lehiatzera nator»

Esperientzia hori guztia Euskaltelen zerbitzura jarriko du orain. Ziklistentzat ez ezik,  lagungarria izan daiteke arduradunentzat ere. «Beste toki batzuetan nola lan egiten duten azalduko diet». Taldeari «bizipoza» ere emango dio. «Azkar integratzen naiz». Ez da aholkulari soila izango; helmugara iritsi artean, indarrez eragin nahi die pedalei. «Azken txanpan nago, baina lehiatzera nator Euskaltelera. Azken urteetan oso sasoiko ikusi dut neure burua». Lasterketetan «denetarik» egitea egokituko zaio. «Batzuetan laguntzaile gisa ariko naiz, eta beste batzuetan aurpegia eman beharko dut». Halaber, «gauza berriak» ere egin beharko ditu. «Talde ezberdina da hau, eta, azken emaitzak baino gehiago, sarri balio handiagoa du taldeari ikusgarritasuna emateak».

Euskaltelek «proiektu interesgarria» duela iruditzen zaio, eta gorako bidean ikusten du. «Behar bezala ari da garatzen. Urtero maila oneko ziklistak iristen dira harrobitik. Aldaketa fase batean dago orain, eta hemendik gutxira beste jauzi bat egingo du». Noizbait aurreko aroko mailara iritsiko da? «Talde apalek, batzuetan, urrats handiak egiten dituzte, eta, gainera, iazko Tourrak eragin handia izan zuen Euskal Herrian. Ez da dirudien bezain zaila». Datorren urtean, Vueltara itzultzea izango da helburu nagusietako bat. «Oso garrantzitsua da gazteek hazten jarraitu dezaten». Bidaiatuz ere asko ikasten da, De la Partek ondo dakien bezala. Etxera itzuli den arren, ez du galdu nahi ibiltari izaera. «Urte bukaeran egutegi exotikoa eduki nahiko nuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.