Futbola

Azken minutuko gola, burua altxatzen hasteko

Balio handiko hiru puntu eskuratu ditu Osasunak Rayoren aurka. Raul Garciak lortu du gola burukada batez, 94. minutuan.

osasuna raul garciaa
Raul Garcia aurrelaria hustu egin da gola sartu ondoren. Iñigo Uriz / FOKU
pettan uralde
2023ko abenduaren 15a
23:19
Entzun

Aurreko denboraldiko itzala oso handia da, eta Osasunak ez ditu espektatibak betetzea lortu oraingoz. Etxean jokatutako bederatzi partidatik bakarra zuen irabazia gaur arte Jagoba Arrasateren taldeak, eta Sadarren lortu zuen segurtasuna galdu egin du aurten. Horretaz gain, joko aldetik beherakada jasan du azken jardunaldietan. Baina Osasunak bukaerara arte borrokatzen du beti, eta gaurkoan jaso ditu fruituak. Aparteko jokorik egin gabe, 94. minutuko korner batean egin du gola Raul Garciak, buruz bigarren zutoinean, eta urteko azken hiru puntuak eskuratu dituzte gorritxoek.

Arrasatek ongi baino hobeto ezagutzen ditu taldearen gabeziak, eta aldaketak egin ditu gaurkoan konponbideren baten bila. Hala nola, orain arteko partida guztiak hasieratik jokatu dituen Alejandro Catena aulkitik hasi da, eta haren ordez, eskuin hegaleko defentsa den Juan Cruz jarri du erdian. Erdian ere aldaketa nabarmen bat egin du. Lucas Torro kendu du Iker Muñoz jartzeko. Torro ere hamaikakoan finkatuta zegoen jokalaria da, aurreko denboralditk gainera. Eta hirugarren partidaz jarraian, aulkitik hasi du Jon Moncayolak, Arrasateren beste finko batek.

Partida oso geldo hasi da, Florian Lejeunek behingoan Sadarreko 18.000 zaleak esnatu dituen arte. 10.minutuan, urrutiko falta bortitz bat Herreraren zutoinera jaurti du, lehen zatiko aukerarik onena. 20.minutuan ere izan du aukera Rayok, Bailluren jaurtiketa batekin. Lehen hogei minutuak kanpoko taldearenak izan dira, eta ondorengoak etxekoentzat. Hala ere, atezainek lan gutxi izan dute, bi taldeen defentsen hutsegiteak zalantzak behin baina gehiagotan eragin dituzten arren. 

Garaipen behar handiarekin iritxi dira bi taldeak Sadarrera. Osasunak zazpi partida eginda zituen jarraian garaipena eskuratu gabe, eta Rayok sei. Urduritasunak oso nabariak izan dira bi taldeetan, eta aurkaria menderatzea ezinezkoa izan dute lehen zatian. Gauzak horrela, joko eskasa eskaini dute bi taldeek, baina dena irekita utzi dute bigarren zatirako.

Baina bigarren denboraren hasierak, lehenengoaren abiadura (bat ere ez) izan du. Gainera, Osasunak jaso du partidako susto handiena 55.minutuan. Herrerak oin izugarria atera dio Raul de Tomasi atepean, erantzun ezin hobea hain aukera garbiari. Halere partida ez da apenas itxuraldatu, eta bi taldeak joko eskasean murgildu dira beste behin. 

Guztiaren gainetik, gogorrak diren bi talde dira Osasuna eta Rayo. Hala frogatu dute orain arte. Bakoitzak lau partida irabazi ditu Ligan, atea hutsean mantenduta beti. Aurreikus zitekeen beraz, partida estua izango zela. 

Baloi geldia lagun

Bukaeran, ordea, hil edo biziko jokoa hasi du Osasunak. Baloi geldia lagun, kornerretan iritsi dira etxekoen aukerarik garbienak. 78. minutuan, Iker Muñozek langara jaurti du baloia burukadaz, baloiak lehenik lurrean jo badu ere. Sinesten hasi da Osasuna, eta arriskuak hartu baditu ere, nahiago izan du hiru punturen bila joan batekin geratzea baino. Beste erdiraketa batean, Mocayolaren jaurtiketa bikaina gelditu du Rayoko atezainak, eta etxekoek penaltia eskatu dute gainera. Epaileek, ordea, ez dute adierazi nahi izan, argia izan den arren.

Eta eztanda egin du Sadarrek 94. minutuan. Partidaren azken minutuan, beste korner batean, Raul Garciak burukada bikaina egin du bigarren zutoinean, Dimitrievski atezaina gainditzeko. 

Deseroso egon da Osasuna partida guztian zehar, baina Sergio Herreraren geldiketek, eta bigarren zatiko aldaketek arnasa eman diote etxeko taldeari. Gaurkoak, hiru puntu baino gehiago dira Osasunarentzat, burua altxatzeko, eta arnasa hartzeko balio izango dutenak segur aski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.