Gaur jokatuko da Donostiako Klasikoa, eta horrekin hasiko da Donostiako Aste Nagusia. Aurten aldaketa bat egin dute ibilbidean. Kendu egin dute azken urteetako Murgilerako igoera, eta Pilotegi izango da lasterketako azken mendatea. %20tik gorako aldapak ditu, eta, Xabier Berasategi (Olaberria, Gipuzkoa, 2000) Euskalteleko txirrindulariaren ustetan, Murgil bera baino gogorragoa da. Bigarren aldiz ariko da Donostian, iaz debuta egin ostean.
Ordizian izan zinen aurrekoan, eta Donostian izango zara. Zer-nola sentitu zara azkenaldian?
Ondo ikusi dut neure burua, eta sasoi onean nagoela uste dut. Lasterketa asko ere ez ditugu eduki, eta ondo entrenatzeko aprobetxatu dut denbora tarte hori. Hilabete inguru egin dugu inolako lasterketatan parte hartu gabe, eta hiru aste egin ditut Sierra Nevadan [Espainia], altueran entrenatzen, hemendik aurrera ditudan lasterketak prestatzeko. Ordizian lehiatu nintzen berriro, eta ongi sentitu nintzen behintzat.
Ibilbidea probatzen aritu zara?
Bai, lasterketa eremua gainbegiratu nahi izan dut, eta astelehenean joan nintzen Donostia aldera, neure kabuz. Azken maldak ikustera joan naiz, eta oso gogorra izango da.
Pilotegi da berria. Zer moduzko mendatea iruditzen zaizu? Murgil baino gogorragoa da?
Egia esan, oso gogorra izango da. Bukaeran, oso zati motzean aldapa handia dago, eta kilometro oso bat ia %20an da. Murgil oso gogorra zen, baina hau are gogorragoa izango dela uste dut. Distantzia txikiagoan antzeko desnibela dauka.
Bertan apurtu daiteke lasterketa?
Aurreko mendateak ere ez dira samurrak izango. Aurreko urteetan, Jaizkibelen eta Erlaitzen beste abiadura bat hartzen du lasterketak, eta hor puskatu izan dute lasterketa. Evenepoel izan da azken urteetan erasoak urrutitik jo dituena, baina aurten ez dator. Hala ere, ziur nago bakarren batek urrutitik erasoa jo nahiko duela. Horregatik, esango nuke aurten ere Erlaitzen taldea murriztu egingo dela, eta taldetxo horren aukeraketa, bai, Pilotegin egin daiteke.
Halako aldapak ikusita, zure ustez, zein da irabazteko faboritoa?
Ez diot partaideen zerrendari jaramon handirik egin, egia esan. Baina maila handiko txirrindulariak daude beti Donostiako Klasikoan. Ez nuke esango igotzaile peto-peto batentzako moduko lasterketa denik. Egia da, asko igo behar da garaipenaren lehian egoteko, baina txinparta pizteko gaitasuna izan behar da Pilotegin aurrera egiteko. Gainera, bakarrik iristen ez bada, esprinta jotzeko gaitasuna izan behar da errematatzeko. Gaitasun horiek dituzten txirrindularien artean egongo da lehia.
Iaz egin zenuen debuta Donostiako Klasikoan. Zer oroitzapen dituzu?
Oso gogorra egin zitzaidan lasterketa. Hasieran ihesaldian sartzen saiatu ginen, eta Iturria sartu genuen azkenean. Gu nahiko gordeta joan ginen tropelean, baina Jaizkibelen oso azkar hasi ginen, eta, bertan eutsi nion arren, Erlaitzen Evenepoel mugitu zenean oso atzean gelditu nintzen. Behintzat, bukatzea lortu nuen, eta horrekin gelditzen naiz.
«Bakarren batek urrutitik erasoa jo nahiko du. Esango nuke aurten ere taldea murriztu egingo dela Erlaitzen, eta taldetxo horren aukeraketa Pilotegin egin daiteke»
Zer egin behar du Euskaltelek etxeko lasterketa batean gustura amaitzeko?
Etxeko lasterketetako bat da, eta maila handikoa. Horregatik, ihesaldian presentzia izatea garrantzitsua da taldearentzat. Hori izango da helburu nagusia. Igotzaile onenak edo sasoirik onena daukatenak ere zaindu egin beharko ditugu bukaeran ahal den posturik onenean amaitzeko.
Aurten Olaberritik pasatu zinen Itzulian, Ordizian ere lehiatu zara, eta Donostian ere bai. Denak etxe inguruan. Berezia izango da, ezta?
Oso polita da. Taldearentzat garrantzitsuenak dira etxe inguruko lasterketak, eta zer esanik ez guretzat. Beste pizgarri bat da norberaren etxe ingurutik igarotzea, eta oso gogotsu nago.
Espainiako Vueltan ere izango zara, ondo bidean. Zer helbururekin joango zarete?
Oso argi daukagu, Ihesaldietan ahal bezainbeste sartu nahi dugu, eta nola edo hala presentzia izan hiru asteetan. Ihesaldian sartuta etaparen batean lehiatzeko moduan bagaude, ikaragarria izango litzateke taldearentzat.
Lehen aldiz ariko zara hiru asteko itzuli batean. Gogotsu izango zara, ezta?
Ilusioa handia da, baina zalantzak ere baditut, lehen aldia denez, ez dakidalako gorputzak nola erantzungo didan. Oso ondo prestatu dudala esango nuke, eta gogotsu nago. Taldeko beterano batzuei galdetu nien ea Vuelta nolakoa izaten den, eta zer sentitzen den. Esan zidaten denentzat dela gogorra, eta hain nekatuta egoten zarenez ezin izaten zarela gehiago nekatu [barrez].
Kontratua aurten amaitzen zaizu. Zer asmo duzu?
Gustura nago Euskaltelen. Proiektua hazten ari da, eta, printzipioz, bertan jarraitzeko asmoa dut.