Kanpaia, azkena jotzen zen hori bat hilzorian zenean, ez da izango Enrique Martin Monrealen laguna (Campanas, Nafarroa, 1956). Azkeneko doinua jotzen ez diolako uzten Osasunaren kasuan, kanpandorrera igotzen den indar ezkutu bat balitz bezala, kanpaia eskuan hartu eta hasierako lekura botaz.
Mirariek orain baino indar handiagoa zutenean jendearen artean, kanpaiak joko zituzten ziurrenik halakoak iragartzeko, eta Martinek egin ditu, bai, mirariak Osasunarekin. Bat, bi eta hiru. Zein baino zein handiagoak, edo hirurak berdinak, edo berdin dio neurriak. Mirariak, azken batean.
Ez ditzala azkenekoak, asteburu honetakoak, larunbatekoak, beste biak ezkutatu. Lorpenagatik edota Lehen Mailak duen loriagatik, edota azkena delako—oraingoz—, azkeneko hau izan daiteke entzutetsuena. Baina aurreko biak hau bezain zailak izan ziren. Mirari izendapena bi horiei hobeto geratzen zaie, Osasuna hilzorian zegoelako, Bigarren B Mailatik gertuegi.
1996-97ko denboraldia bukaeran zen, eta bost jardunaldi bakarrik falta ziren Bigarren Mailako liga amaitzeko. Larri zen Osasuna, eta zuzendaritzak Martini deitu zion. Suari ura botatzen asmatu, eta libre utzi zituen taldea eta kluba infernutik. Aurreneko miraria egin zuen; kanpaiak ez zuen azkeneko doinua jo. Ez zion utzi Martinek.
Saiatu zen Martin bera geroko denboraldietan taldea Lehen Mailara igotzen, baina ez zuen lortu. Azkenean, 2000. urtean jo zuen goia, baina aulkian ez zegoen Martin, Miguel Angel Lotina baizik. Hamalau denboraldi egin zituen jarraian Osasunak elitean, duela bi sasoi jaitsi zen arte. Martin non zebilen arrastorik ere ez zuen Osasuna zale sutsua ez denak.
Baina denek izan zuten bere berri duela urtebete pasatxo. Berriz ere sutan ziren taldea, eta, ondorioz, kluba; edo alderantziz; edo biak batera, berdin da. Bigarren B Mailaren garrak kiskali behar zituen, baina Martinen mirakulua gauzatu zen berriz ere. Sabadellen (Herrialde Katalanak), luzapenean, azken jardunaldian, baina miraria. Berriz ere. Kanpaia azkeneko kolpea emateko gogoarekin utzi zuen berriz.
Zuzendaritza ez omen zen bere aldekoa denboraldi honetara begira, eta eztabaidak izan zituzten Sabalza presidenteak eta Martinek hedabideen bitartez entrenatzailearen etorkizunaz. Azkenean, behintzat, konpondu, ados jarri, eta sasoi honetan ere Martinek ekin zion lanari.
Baina duela urtebete, bere osasuna egon zen kinka larrian. Martinena. Bihotzak lasaitzeko esan zion buruari abisu horren bidez. Bularraldeko angina izan zuen. Hala ere, azkar atera zen erietxetik, eta lortu zuen taldea eta kluba salbatzea aurreko denboraldiaren amaieran. Kanpaiaren mendekua izango zen, agian, bihotzekoarena, baina horretan ere eutsi entrenatzaileak.
Jarraitu egingo du
Hirugarren mirakulua zain zeukan. Ematen du futbolak edota Osasunak zor ziola zerbait, eta ondo baino hobeto bete dute hori orain. Kitatu dute balizko zor hori. Inork espero ez zuenean, fitxatzeko zailtasunekin eta debekuekin, azken jardunaldian igotzeko kanporaketan sartuz, hara non Osasuna Lehen Mailara igo den. Edo duen, Martinek.
Martinek izan behar zuen tamainako miraria egingo zuena. Ez beste inork. Hirugarrena du, eta oraingoan ez du kanpaia geratu beharrik izan. Beste egoera bat izan da hau, itolarririk gabekoa, beste biak ez bezalakoa. Kanpaia, agian, ausartu ere ez da egingo Osasunaren ingurura gerturatzen Martin hor dabilen artean.
Hala izan dadila, datorren denboraldiko erronka oso handia delako. Lehen Mailan, futbolaren elitean, erraldoi guztiekin borrokan. Baina egon lasai, Martinekin mirakuluak gertatu egiten dira eta. Laugarrena ez da oso aparte izango.
Enrique Martin
Azken kanpaiarekin
Bitan egon da Osasuna Bigarren B Mailara jaistekotan azken hogei urteetan, eta bietan Enrique Martinek salbatu zuen. Orain, hirugarren balentria osatu du, Lehen Mailara igota taldea, ezustean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu