Max Verstappen

Azken itzuliko txapelduna

Lewis Hamiltonen nagusitasuna bukatu, eta Max Verstapennek estreinakoz irabazi du 1 Formulako Munduko Txapelketa. Red Bulli ondo atera zaio 3 Formulan ari zela haren alde egin zuen apustua.

ALI HAIDERI / EFE.
Laurentzi Garmendia
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Max Verstappen (Hasseit, Belgika, 1997) da 2021eko munduko txapelduna, merezimendu osoz. Mercedesen eta Lewis Hamiltonen nagusitasuna dela medio, uste baino beranduago lortu du titulua, baina iritsi da. Herbeheretarrak nagusitasun hori hautsi du Red Bullekin batera, elkarrengan fedea izan dutelako aspalditik. Ondo atera zaie Hondaren alde egin zuten apustua, eta japoniarren agurra ezin gozoago bilakatu dute.

Azken lasterketetako polemikarekin amaitu da denboraldia. Giroa gaiztotua iritsi zen Abu Dhabira, eta, ondorioz, edozein gertaeraren oihartzuna handitu egin zen. Verstappenek eragin zituen horietako batzuk, batez ere buruz buruko lehietan. Baina horixe da haren estiloa: nahiago du barkamena eskatu, baimena eskatu baino.

Halaxe egin du aurrera, eta halaxe iritsi da gorenera. Atzean izan duen taldea ere maila berean lehiatu da urte osoan. Haiena da urteko pit geldialdirik azkarrena, 1.88 segundokoa. Azkarrenak izateaz gainera, ziurrenak ere izan dira. Horrez gain, estrategian txapela kentzeko moduko lasterketa egin zuten Abu Dhabin. Egiari zor, urte osoan Mercedes hobeto aritu da horretan, baina Red Bullek hartu dituen erabaki batzuk etengabe txalotzen aritzekoak dira.

Txalotu beharreko erabaki horien artean dago Max Verstappenen alde egindako apustua. Nahiz eta haren zazpigarren urtea izan 1 Formulan, 24 urte besterik ez ditu. Red Bullek fitxatu zuenean, urtebete baino ez zeraman 3 Formulako txapelketan. Esteban Oconek irabazi zuen denboraldi hartan, eta Verstappen hirugarren izan zen. Gaur egun ezinezkoa litzatekeen igoera izan zuen: 2 Formulan lehiatu gabe, Toro Rosson hasi zuen denboraldia.

Urte eta erdi geroago, Red Bullera pasatu zuten. Daniil Kvyaten lekua hartu zuen, eta lehen parte hartzean garaipena lortu zuen, Bartzelonan. Toro Rossoko bi gidariak Max Verstappen eta Carlos Sainz ziren. Sainz eta haren ingurua asko haserretu ziren Verstappenek alde egin izanagatik.

Hain gazterik Red Bullen gidatzeak bazuen alde zail bat: goi mailako gidariak izango zituela taldekide. Daniel Ricciardo izan zuen lehena, eta australiarrak hainbat lasterketa zituen irabazita ordurako. Oso parekatuta ibili ziren, baina Verstappen gailenduz zihoan pixkanaka, eta Ricciardok alde egitea erabaki zuen. Ordutik, Red Bullek ez du topatu Verstappenen mailako gidaririk. Guztiak atzean utzi ditu. Izan ere, Ricciardok, Sergio Perezek eta Pierre Gaslyk lasterketak irabazi dituzte, baina Verstappenek, txapelketa.

Onenek duten abilezia hori dauka hark ere: azkarra izateaz gain, gidatzen ari den bitartean matematika eta estrategia simulazioak darabiltza buruan. Lasterketa irakurtzen ari da etengabe, alegia.

Etxetik datorkio

Izan du non ikasi Verstappenek. Jos aita 1 Formulako gidari izan zen Benetton eta Arrows taldeetan. Arrakasta gutxi izan zuen,baina kontuan hartzeko moduko emaitzak lortu zituen. Amaren inguruan gutxi hitz egin da. Sophie Kumpen goi mailako kart gidaria izan zen. Munduko Karting Txapelketan lehiatu zen. Txapelketa horretan gizonek nahiz emakumeek parte hartzen dute, eta 1990eko hamarkadan Jarno Trulliren eta Giancarlo Fisichellaren aurretik amaitu zituen txapelketak. Gainera, Andrea Margutti trofeoa irabazi zuen, mundu osoko 32 gidariren artean. Hala, 1995ean Jenson Buttonen taldekide izan zen kartingean. Gaztexeago zenean, 1989an, Christian Hornerrekin lehiatu zen Gazteen Munduko Karting Txapelketan. Jos eta Sophie 1996an ezkondu ziren, eta urtebete geroago Max jaio zen.

Halako gurasoekin aski ez, eta Verstappenek iaztik duen neska-laguna Kelly Piquet da, hiru aldiz munduko txapeldun izandakoaren alaba, Nelson-en alaba. Hori kontuan hartuta, zaila dirudi familia bazkarietan autoen gaiaz ez aritzea.

Red Bull familiaren parte da Verstappen gaztearentzat. Biei komeni zaie erlazio sendo eta estua izatea, egoera zailei aurre egiteko unean familiaren eta taldearen sendotasuna beharrezkoak baitira. Are gehiago lehen mailan lehiatzen ari badira, eta aurkaria Mercedes bada. Hornerrek zioen bezala: «Haiek mundu osoko autogile handienetakoak dira, eta eragin handia dute prentsan eta 1 Formulan. Gu David gara Goliathen aurka». Ukaezina baita lehia kanal paralelo askotan jokatu dela, eta Mercedesek zabaldu egin duela Mad Max edo Max burugabea propaganda.

Nahiz eta esan presioak ez ziola eragiten, titulua lortzean bota zuen garrasiak erakusten du Verstappen ere ez dela Kimi Raikkonen bezalako izotz bloke bat. Baina hori ere bikain egin du, ez baitzaio pitzadurarik ikusi. Noiz edo noiz huts egin du, momentu gakoetan, Saudi Arabiako eta Abu Dhabiko sailkatzeetan, adibidez. Baina, ondoren, hutsik gabe gidatu du, azken urteotako Hamilton onena agerraraziz.

Lortutakoaz gozatzeko parada du orain. Datorren urtean 1 Formula oso desberdina izango da, autoen aerodinamika zeharo aldatuko baita. Gurpilak hemezortzi hazbetekoak izango dira, eta Verstappenen kasuan beste osagai garrantzitsu bat ere aldatuko da: Honda badoa, eta haien motorra garatzeaz Red Bull bera arduratukoda. Ziurrenik ez dituzte Hondaren baliabide berdinak izango goi mailako motor bat garatzeko, baina datorren urteko motorrek aurtengoen jarraipena izan behar dute, homologazioa itxita baitago. Hori martxoaren 20tik aurrera argituko da, Bahrainen. Orduan hasiko da sasoi berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.