TXIRRINDULARITZA

Azken itzuli handiaren txanda

Bihar hasiko da Espainiako Vuelta, Lisboan; eta irailaren 8an amaituko da, Madrilen. UAE taldearen eta Borako Primoz Roglic txirrindularien arteko lehia espero da. Hamalau euskal txirrindularik hartuko dute parte.

Espainiako Vueltako azken etapa, iaz Madrilen. MANU BRUQUE / EFE
Espainiako Vueltako azken etapa, iaz Madrilen. MANU BRUQUE / EFE
2024ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun

Maiatzean Giroa izan zen, duela hilabete inguru Frantziako Tourra bukatu zen, eta amaitu berri dira Olinpiar Jokoak. Orain, urteko azken itzuli handiaren txanda da, Espainiako Vueltarena. Bihar hasiko da, Lisboan, eta irailaren 8an amaituko da, Madrilen.

3.265 kilometro luze izango da aurtengo Vuelta. Erlojupeko etapa batekin hasiko da eta, aurtengo Frantziako Tourraren antzera, beste erlojupeko batekin amaituko da. Mendiko etapak zortzi izango dira, eta erabat laua, bakarra. Aipagarriak dira zortzigarren eta bederatzigarren etapak; Andaluziako mendietan barna ibiliko dira, bigarrenean Sierra Nevadako mendateetan. Hamalaugarrenak eta hamabosgarrenak, berriz, Leon eta Asturiasko mendikateak zeharkatzen dituzte; eta hamaseigarrenak, Europako Mendiak.

Gainera, etapa bat Euskal Herrian izango da; hain zuzen ere, hemezortzigarrena. Irailaren 5ean ziklistak Gasteiztik irtengo dira, eta Maeztun (Araba) izango dute helmuga 179,5 kilometroko ibilbidea osatu ostean. Hurrengo bi etapak bereziki gogorrak izango dira, eta horietan erabakiko da aurtengo Vuelta. Izan ere, mendi gailurretan amaituko dira, bata Moncalvillo mendatean, eta bestea, Picon Blancon. Horien ondoren, azken erlojupekoa baino ez zaie geratuko.

Aurtengo txirrindularitzako izarretako hiruk ez dute Vueltan parte hartuko. Tadej Pogacarrek (UAE) uko egin dio urte berean hiru itzuli handiak irabazteko asmoari; Giroa eta Tourra irabazi ditu, Jokoetan ez da egon, eta orain udazken hasieran egingo den Munduko Txapelketan jarri nahi du arreta. Gauza bera egingo du Remco Evenepoelek (Soudal) Olinpiar Jokoetako erlojupeko eta errepideko probak irabazi ondoren. Iazko txapeldunordea ere, Jonas Vingegaard (Visma), ez da egongo: Munduko Txapelketa lehiatu nahi izateaz gainera, laster da jaiotzekoa haren bigarren umea.

Bi talde dira faboritoak: UAE eta Red Bull Bora. UAE izan da garaile aurtengo Giroan eta Tourrean; Vuelta irabazita, hiru itzuli handiak irabaz litzake urte berean; Vismak iaz egin zuen lorpen hori. Arabiar Emirerri Batuetako taldean daude lasterketa irabazteko aukerarik handienak dituztenen artean bi: Joao Almeida eta Adam Yates. Almeidak laugarren amaitu du aurtengo Tourra, hirugarren iazko Giroa, eta laugarren 2022ko Vuelta. Yates hirugarrena izan zen iazko Tourrean. Talde sendoa izango dute lagungarri.

Bora taldean, Primoz Roglicek hiru aldiz irabazi du Vuelta. Aurten parte hartuko dutenen artean beste bi txirrindularik ere irabazia dute Espainiako vuelta: Movistarreko Nairo Quintanak, 2016an, eta Vismako Sepp Kussek, iaz. Lehen posturako lehian murgilduta egongo da azkena, iazko balentria errepikatu nahian. Aipatzekoak dira, gainera, Richard Carapaz (Education First), Enric Mas (Movistar) eta Carlos Rodriguez (Ineos).

Horiez gain, etapak irabazteko lehian ibiliko dira esprinterrak. Aurtengo Vueltako aipagarrienak Corbin Strong (Israel), Bryan Coquard (Cofidis) Kaden Groves (Alpecin), Pavel Bittner (DSM) eta Wout van Aert (Visma) dira. Azken hura berezia da: izan ere, ondo moldatzen da erlojupeko probetan ere. Van Aertez gainera, arreta handiz begiratu beharko zaie bihar Jay Vine eta Brandon McNultyri (UAE), Joshua Tarlingi (Ineos) edota Stefan Kungi (FDJ).

Euskal txirrindulari bat ere ibiliko da maillot gorria eskuratzeko lehian: Mikel Landa (Soudal). Iaz bosgarren amaitu zuen Vuelta, baita aurten Tourra ere. Pogacar, Vingeegard eta Evenepoelen faltan, arabarrak aukera ona du aurrenekoen artean amaitzeko. Denborak esango du. Hamalau euskal herritar irtengo dira bihar Lisboako erlojupekoan. Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma euskal taldeak gonbidatu dituzte aurtengo Vueltara, eta horiekin batera arituko da Movistar ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.