Garai ezin hobean dago Bera Bera, baita Patricia Elorzaeskuin albokoa ere (Gasteiz, 1984). Txapeldunen Ligako ametsak ihes egin ostean, Europako Errekopan aurrera egitea besterik ez dute buruan donostiarrek. Bihar eta etzi jokatuko dute final-hamaseirenetako kanporaketa, Danubius Galati Errumaniako taldearen aurka.
Txapeldunen Ligan sartzeko ametsak ihes egin zuen. Sentipen gazi-gozoa duzue Errekopa hastear dela?
Bai, pena bat izan zen. Taldea oso ondo zegoen, eta ilusio handiarekin prestatu genuen partida. Hala ere, biharko partidari begira taldea oso indartsu ikusten dut, konfiantza handiarekin eta kanporaketan aurrera egiteko prest.
Bihar Errekopako final-hamaseirenetako lehen partida duzue, Danubius Galatiren aurka. Zer espero duzue?
Oso partida borrokatua izango dela uste dut. Ez dugu informazio askorik taldearen inguruan, Errumaniako talde bat delako eta baliabide gutxi ditugulako informazioa edukitzeko. Dena den, kontaktu askokoa eta, batez ere, fisikoa izango da partida; partida gogorra edukiko dugu.
Danubius Galatik ez du fin hasi denboraldia: 10. postuan ligan, garaipenik gabe... Hala ere, Errumaniako Kopako txapeldunorde da, eta Ligan bosgarren amaitu zuen. Europan ere, finalerdietara iritsi da EHF eta City Kopan. Kontuan hartzeko aurkaria da.
Bai, aurten ez dute ongi hasi liga. Guk dakigunaren arabera, krisiak haiei ere eragin die, eta taldearen kalitatea jaitsi egin omen da. Hala ere, ezin dugu azken emaitza horiengatik Danubius Galatik duen ibilbidea ahaztu. Europako Errekopan baldin badago, han egoteko merituak egin dituelako izan da; aurkari gogorra izango da.
Kanporaketako bi partidak Donostian jokatuko dituzue. Abantaila handia da.
Dudarik gabe, izugarrizko abantaila da guretzat. Batetik, Errumaniara bidaiarik egin behar ez dugulako. Baina garrantzitsuena, zalantzarik gabe, jendearen babesa bi partidatan izango dugula da. Horrek taldea izugarri laguntzen du, ez dirudien arren. Entrenatzen zaren pistan zaude, zuk ezagutzen duzun giroan... dena da ezaguna zuretzat; horrela dena askoz errazagoa da.
Erasoan oso indartsu eta bizitasun handiarekin ari zarete Ligan. Biharko partida ere, erritmo bizi hori ezartzeko intentzioa duzue?
Bai, orain arte erabili izan dugun jokatzeko erari eustea da helburu nagusia. Badakigu kontraerasoekin eta horiek sortzeko dugun azkartasunarekin min handia egin dezakegula. Kontua da kontraeraso horiek golekin amaitu behar direla, lehen jokaldian ez bada, bigarrenean. Hala ere, ikusi beharko da partida nola doan, aurkariek ere jokatzen baitute.
Azken hiru partidak irabazi dituzue. Lasaitasun handiagoarekin ekingo diozue Danubius Galatiren aurkako kanporaketari?
Oso ongi jokatzen ari gara azken jardunaldietan. Partidak guk kontrolatu ohi izaten ditugu, txakalaldi gutxi izaten ditugu... Azken finean, hori ikusterakoan, hurrengo partidan ere errepikadaitekeela pentsatzen duzu. Azken hiru partidatako erregulartasunari esker, konfiantza handiarekin gaude.
Orain artekoa ikusi eta gero, zein esango zenuke dela taldearen alderik onena? Eta txarrena?
[Barreak] Txarrenaz konturatzeko denbora gutxiegi daramat taldean, ez dut denborarik eduki. Hala ere, hilabete hauetan taldean giro ona dagoela nabarmendu nahiko nuke. Ongi entrenatzeaz aparte, pistatik kanpo oso harreman ona dugun talde bat gara. Lagun kuadrilla baten modukoak gara, baina lehiatu behar denean hori bakarrik dugu buruan.
Liga hasi zenean, askok faborito nagusi zinetela esan zuten. Faborito izate horrek presioa areagotzen du?
Ez dut uste horrek presioa areagotzen duenik. Norberak bere buruari ezartzen dion presioak, aldiz, bai. Jokalari guztiok dakigu partida guztiak irabazi behar ditugula, baina ez faborito garelako; lehiatzen ari garelako, baizik.
Lehen denboraldia duzu Bera Beran. Zer moduz orain arte? Ondo egokitu zara?
Ongi, oso ongi. Ez dut inolako zailtasunik eduki, aurretik taldeko jokalari asko ezagutzen nituelako. Batzuekin aurreko taldeetan jokatu nuen, eta, adibidez, Elirekin batera [Eli Pinedo] aritu nintzen Espainiako selekzioarekin.
Azken hilabeteetan asko aldatu da zure bizitza: Bera Berarekin sinatu zenuen, brontzea irabazi zenuen Londresko Olinpiar Jokoetan... Denbora eman dizu dena bereganatzeko?
Egia esanda, dena azkarregi pasatu zait, eta hilabete gutxitan aldaketa asko izan ditut. Hala ere, guztiak izan dira albiste onak, eta horiek bereganatzea askoz errazagoa da.
Patricia Elorza. Bera Berako jokalaria
«Azken hiru partidetako erregulartasunari esker, konfiantzarekin gaude»
Ligako bolada onarekin jarraitu, eta Europako Errekopako lehen partida irabazi nahi du Bera Berak. Patricia Elorzak taldearen joko ona eta zaleen babesaren garrantzia nabarmendu du, partidaren atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu