Sukaldaritza eta berrikuntza uztartzen dituzte Basque Culinary Centerren, Donostian. Hantxe aurkeztu dute gaur Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketa. Esku Pilotako Enpresen Ligak (EPEL) eskura dituen osagai onenak eraman ditu: punta-puntako pilotariak. Osagai horiek kozinatzeko orduan, ordea, sukaldaritza berritzailea beste baterako utzi du, eta betiko errezetaren alde egin du. Arrakastatsuak izan dira azken ekitaldiak jokoari eta ikusle kopuruari dagokienez, eta, arrakasta duena ez ukitzea erabaki du.
Hala, azkeneko hiru ekitaldietako egiturari eta lehiaketa sistemari eutsi die. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriro, enpresa bakoitzetik seik. Aspek sei pilotari hauek aukeratu ditu: Jokin Altuna, Javier Zabala, Joseba Ezkurdia, Aitor Elordi, Dario Gomez eta Peio Etxeberria. Azken hori da aldaketa bakarra aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Orduko hartan, Jose Javier Zabaletak jokatzea erabaki zuen, eta hari tokia egiteko, Aspek azken orduan tokirik gabe utzi zuen Peio Etxeberria. Oraingoan, ordea, aurrelari zenoztarrak badu tokia. Hala ere, ez dago argi jokatuko duen, zauri txikia baitu ezker begian. Igandean jokatu behar du final-zortzirenetako partida, Tolosan (Gipuzkoa), Erik Jakaren aurka. Enpresan itxaropentsu dira, eta Txema Urrutia medikuaren arabera, «ondo bidean», jokatu egingo du. Peio Etxeberria ez da gaur aurkezpenera joan. Ezta Ezkurdia ere; gaur hil da haren aita.
Baikok, berriz, sei pilotari hauen alde egin du: Unai Laso, Iñaki Artola, Erik Jaka, Jon Ander Peña, Iker Larrazabal eta Beñat Senarren alde. Larrazabal eta Senar dira aldaketak aurreko ekitaldiarekin konparatuta. Joanes Bakaikoaren eta Asier Agirreren tokia hartu dute, hurrenez hurren. Aurrelari amurrioarrak Promozio Mailako buruz burukoa irabazi zuen iaz, eta, horri esker ariko da lehen aldiz maila nagusikoan. Iaz, pauso bakarrera geratu zen, baina galdu egin zuen Peña II.aren aurka Baikoren atarikoan. Aurrelari ataundarrak, berriz, Agirre kanporatu du Baikoren atarikoan, eta, horri esker, lehen aldiz ariko da maila nagusiko txapelketa batean. Binakakoan ordezko izan zen hiru partidetan, eta oso ondo aritu zen.
«Pozik nago lehen aldiz Lehen Mailako buruz burukoa jokatuko dudalako. Txapelketa zaila izango da, baina asko entrenatu naiz. Ea lehen partida ona egin eta irabaz dezakedan. Joseba eta biok pilotari indartsuak gara, eta abiadura handia ematen diogu pilotari boleaz. Neurketa polita izango da», esan du Larrazabalek.
Senarrentzat, berriz, dena izan da berria. «Bat ez da egunero etortzen horrelako aurkezpen batera; hemen egote hutsa jada gauza handia da. Aukera oso polita da. Ea astean zehar ahalik eta ondoen entrenatzen naizen eta asteburuan partida ona egiten dudan. Oso partida zaila dut Elordiren aurka: buruz buruko txapeldun izandakoa da».
Atzelaririk ez
Ez dago atzelaririk buruz burukoa jokatuko duten hamabi pilotarien artean. Iaz, Zabaletak jokatu zuen, baina ez dago sasoi betean, eta nahiago izan du ez jokatu. Jon Mariezkurrena, berriz, sasoi betean dago, eta bazuen gogoa lehen aldiz buruz burukoan aritzeko, baina binakakoan amaieraraino iritsi denez, ez du izan denborarik txapelketa prestatzeko. Traba handia da hori, aurrelariak nabarmentzen diren modalitatea dela kontuan hartuta.
Ostiralean jokatuko dute final-zortzirenetako aurreneko partida, Azkoitian (22:15, ETB1): Ezkurdia eta Larrazabal ariko dira. Larunbatean, bi partida jokatuko dituzte: Labriten, Peña II.a eta Dario ariko dira (17:15), eta, Bilbon, Elordi eta Senar (17:15, ETB1). Igandean, azkenik, Jaka eta Peio Etxeberria dira jokatzekoak, Tolosan (17:15, ETB1).
Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko buruz burukoaren lehen lau sailkatuak: Altuna III.a, Laso, Artola eta Zabala. Ezkurdiaren eta Larrazabalen arteko irabazleak, eta Peña II.aren eta Darioren artekoak Altuna III.a eta Zabala izango dituzte aurkari A multzoan. Jakaren eta Peio Etxeberriaren arteko garailea eta Elordiren eta Senarren artekoa, berriz, Lasorekin eta Artolarekin ariko dira B multzoko ligaxkan.
Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Hilabete iraungo du: apirilaren 11tik maiatzaren 11ra bitarte. Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Maiatzaren 17an eta 18an jokatuko dituzte finalerdiak. Gasteizen eta Donostian izango dira bi partida horiek, baina ez dute zehaztu non jokatuko diren. Irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, ekainaren 1ean, Bilbon. Tartean dagoen igandean, maiatzaren 25ean, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute, Donostian.
Ezingo da partidarik atzeratu; final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio neurketa lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazletzat. Finala ere ez da atzeratuko, eta, iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du. Hirugarren eta laugarren posturako partida bai ala bai jokatuko da, eta pilotariren batek min hartzen badu, ligaxkan kanpoan geratu den onenak ordezkatuko du.
Altuna III.a da egungo txapelduna. Iaz, hirugarrenez irabazi zuen txapela, finalean Lasori nagusitasun handiz irabazita: 22-5. Amezketarra ez zen sailkatu binakakoaren kanporaketarako, beraz, beste urte batzuetan baino denbora gehiago izan du buruz burukoa prestatzeko. «Hasteko gogoz nago. Kalean geratzen zarenean inbidiaz ikusten duzu txapelketa, eta, halaxe ikusi behar izan dut nik binakakoa: inbidiaz», aitortu du.
Azaldu duenez, «ondo» dago. «Sasoiko nago, eta ondo ditut eskuak. Beraz, aitzakiarik ez dut. Saiatuko naiz ondo entrenatzen eta sasoi betean iristen. Ondo ailegatzeko esperantza dut. Txapelketa ona eta gogorra izango da. Bolada gogorretan burua hotz izan beharko da, eta, garai onak ahalik eta gehien aprobetxatu».