Azken hamarkadako menderatzailea

Javier Urrizak zortzigarrenez irabazi berri du erremonteko buruz buruko txapela, finalean Endika Barrenetxeari nagusituta. 41 urte betetzear da, eta horrek zalantza eragiten dio: ez du erabaki oraindik hurrengo sasoian jarraituko duen.

pettan uralde
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Javier Urrizak (Iruñea, 1981) bere legenda handitzen segitzen du: zortzigarren aldiz jantzi zuen aurreko larunbatean erremonteko buruz buruko txapela. 11 jokatu ditu, jokatu diren azken 11k, hain zuzen. Hain zuzen, 11 txapel irabazi zituen Koteto Ezkurrak buruz buru. Hura bakarrik du gainetik Urrizak.

Urrizak galdutako hiru finaletatik bi Endika Barrenetxearen aurka galdu ditu, 2019an eta iaz. Aurten ere, atzelari hernaniarrak estu hartu zuen aurrelari iruindarra, baina oraingoan nagusi izan zen Urriza. Haren iritziz, «xehetasunek» erabaki zuten final berdindu eta oso gogorra. Bien arteko norgehiagokak erremontearen historiaren zati dira dagoeneko.

Zortzi txapel dituenarentzat ere izaten da zaila beste bat irabaztea. Aurtengoa, adibidez, «bereziki» zaila izan dela dio. Baina horrek «gehiago motibatu» du: «Zailtasunez beteta egon da. Aurkariak gero eta prestatuago daude, eta urtetik urtera are zailagoa da. Txapelketaren hasieran zalantza handiak nituen: ez nekien ongi jokatzeko gai izango nintzen. Hala ere, zuzenean finalean sartu nintzen. Finalari begira ere zalantza asko sortu zitzaizkidan. Azkenean, berme askorekin gozatu ahal izan nuen, eta oso final landua izan zen. Oso ondo prestatu behar izan nuen arlo fisikoan garaipena lortzeko».

11 urteetan, 11 final eta zortzi garaipen. Erraz esaten da. Hala ere, goi mailako kirolariei ez zaie erraz egiten horrelako markak barneratzea. Ezta Urrizari ere: «Ez dut gehiegi pentsatzen horretan. Honaino iritsi naiz, eta oso pozik nago neure buruarekin;merezi dudala uste dut. Dena den, ez dut zaleen ikuspuntu bera; poztu egiten naiz jendeak horrela ikusteaz».

Erremontista beteranoena da Urriza: 40 urte ditu —41 egingo ditu urrian—. Urteak pasa ahala atzean geratuko zela espero bazuen ere, maila ona eman dezakeela erakutsi du, nahiz eta minak ugaritu egiten zaizkion. «Bizpahiru urte zoragarri daramatzat emaitzei dagokienez, baina 40 urterekin, eta gorputzean kilometro asko eginda, azken tantak ateratzen hasten direla. Horretarako, ahaleginak nolabait hautatu behar izan ditut, baina ongi atera zait. Ezusteak izan ditut bidean: sorbaldako mina lehenbizi; eskumuturrekoa gero, sekulako lana eman didana; eta, bukatzeko, iskioan izan nuen distentsio handia. Horregatik izan ez balitz, motibazioa bera izango zen, baina fisikoki eta mentalki oso zaila izan da. Honek indarra eman dit aurrera egiteko. Baina oso nekatuta bukatu dut».

Urrizak dena irabazi du. Banakakoan, Ezkurra bakarrik du gainetik. Batek pentsa dezake aspertu egin daitekeela edo duen adinarekin amore emateko ordua duela. Baina berak ez. «Niretzat ez da batere zaila. Asko gustatzen zait egiten dudana, eta guztiz betetzen nau. Adina ere garrantzitsua da motibazioan. Ez da 30 urte nituenean bezala, baina gustura jarraitzen dut, eta indarrez sentitzen naiz aurrera egiteko. Noizbait geratzera behartuta banago, nire fisikoagatik izango da, eta ez motibazioagatik».

Gustura lanean eta lehian

Hala ere, erremonteak ez dio bizitzeko ematen, eta ingeniari lanarekin uztartzen du. Txekiako Errepublikan dago orain, lan kontuekin. Bietan gustura dabilela dio: «Nire lankide guztiak bezala egiten dut kirola eta lana uztartzeko; pertsona guztiek egiten duten bezala. Pribilegiatua naiz, azkenean gustatzen zaidan kirola egiten dudalako, eta etekin ekonomikoa ateratzen diodalako. Lortzen dugun dirua ez da hainbestekoa, baina aitortza handia da; ez gaude kexatzeko. Lanean, gainera, asko gozatzen dut, eta bidaiatzeko aukera dut, orain bezala. Gogorra da, erritmo bizia exijitzen diodalako gorputzari, baina nik aukeratu dut».

Erremonteak bizi duen egoeraz ere badu zer esan, inork baino hobe dakielako kirol horrek azken urteetan izan duen bilakaeraz. Dioenez, egoera «ona» da. Erremonteak duen «xarma» erakutsi dela dio. «Pilotaren aldeko apustua egin zen pandemiaz geroztik: esku pilotak, erremonteak eta zesta-puntak gora egin dute. Errudun asko daude: telebistak, zaleak, kirolariak berak... Denok eman dugu aurrerapausoa, eta emaitzak oso onak dira. Ni oso pozik nago, eta etorkizunerako aukera ona ikusten dut hazten jarraitzeko».

Orain, beteranoa izanik, dena irabazi ondoren, eta lanean duen inplikazioa ikusita, zaleei galdera bera suertatzen zaie buruan: hau izan ahal da Urrizaren azken finala? Badirudi goizegi dela galdera horren erantzuna jakiteko: «Ez dut asko pentsatzen horretan. 40 urte dauzkat, baina ongi lehiatzen jarraitzen dut, eta ez da inolako eragozpena erremontean jarraitzea. Agian, hau izan da nire azken finala, baina ez dakit. Banakakoan gero eta zailagoa dago; agian, binakakoan errazago izango dut. Argi dudan bakarra da oraindik ez dudala inolako erabakirik hartuko. Denboraz hartutako erabakia izango da, eta beti niretzat onena zer den ikusita. Badakit zaleek ahalik eta azkarren jakin nahi dutela, baina, nire gogoz kontra, oraindik ezin dut ezer esan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.