Azken dortsala du

Alpeetan da Iker Karrera, Mont Blanceko Ultra Trailaren aitzakian jokatzen den Petite trotte a Leon proban lehiatzen. Lasteketa hori amaitutakoan hartuko du erretiroa, ibilbide oparoa egin ostean

Iker Karrera ahalegin betean, 2016ko UTMB Mont Blanceko Ultra Trailean. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Iritsi da eguna. Hau izango da nire azken dortsala. Eskerrik asko denoi!». Hitz horiekin iragarri zuen atzo Iker Karrerak (Amezketa, Gipuzkoa, 1974) bere kirol ibilbideko azken lasterketa izango dela atzo hasi eta ondo bidean ostiral honetan amaituko duen PTL Petite trotte a Leon. UTMB Mont Blanceko Ultra Trailean jokatzen den taldekako raidan—300 kilometroko ibilbidea du, eta 25.000 metroko desnibel positiboa— lehiatzen ari da azken aldiz. Zigor Iturrieta du bikotekide agurreko proban.

Karrerak ibilbide luze eta oparoa osatu du. Izan ere, hamabost urtez ibili da amezketarra garaipenez garaipen mendi lasterketetan. Oroeleko maldetan (Jaka, Espainia) jantzi zuen dortsala lehen aldiz, 2003ko abuztuan, eta ehunka lasterketa joan dira bidean, baita makina bat marka, ahalegin eta erronka ere. Lehen errekor saiakera etxean egin zuen, Txindokin: 11 aldiz igo eta jaitsi zen 24 ordutan. 2006an, euskal selekzioko kide zela, hirugarren izan zen Espainiako Kopan. Sasoi amaieran jaso zuen saria: Salomon kirol arropa enpresak fitxatu zuen bere talderako.

Baina Karrera ezagutarazi zuen lasterketa 2011ko UTMB lasterketa izan zen —170 kilometro eta 12.000 metroko desnibel positiboa—. Inor gutxik ezagutzen zuen irteeran, baina zur eta lur utzi zituen guztiak. Bigarren sailkatu zen. Postu horrek mundu guztiaren ahotan ipini zuen haren izena. Ordura arte, izen bakarra existitzen zen: mendi lasterketetako erregea, Kilian Jornet kataluniarra. Handik aurrera, edozein lasterketara joan dela ere, amezketarra faboritoen artean izan da beti.

Baina haren ibilbidea ez da izan arantzarik gabekoa. Zorigaiztokoa izan zen Ehunmiliatan aritu zen lehen aldia, 2010ean. Beasainen hasi eta bukatzen da lasterketa, eta hor egin zuen estreinakoa distantzian. Probaren lehen ekitaldia zen, halaber. Karrera lider zen ibilbidearen 130. kilometroan, eta ia bi orduko abantaila zeukan bigarren sailkatuaren aldean. Baina utzi egin behar izan zuen lasterketa. Kolpe latza izan zen, baina etorkizunerako oso baliagarria. «Ikaragarri ikasi nuen lasterketa hartan», dio ordukoaz galdetuta.

Tor des Geants eta Nolan's 14

Garaipenez jositako ibilbidea du, eta horien guztien gainetik aipagarriak dira 2013an Tor des Geantsen lortutakoa eta iaz Nolan's 14 AEBetako mendi erronka ezagunean egindako marka. 2013an, Karrerak jokatutako bost lasterketak irabazi zituen, eta ez nolanahiko lasterketak, 100 kilometrotik gorako lautan nagusitu baitzen. Baina denboraldia amaitzeko asmoarekin Aostako (Alpeak) bailarara joan zen, mendi lasterketetan dagoen probarik gogorrena jokatzera; Tor des Geants, 330 kilometro eta 24.000 metroko desnibel positiboa duen lasterketa. Irteeran, bera zen faborito argia, eta, lasterketa gehienetan bezala, han ere ez zuen hutsik egin. 70 ordutan egin zuen, eta sei ordutan jaitsi zuen aurreko marka. Horrelako erronkatan aritzeko diziplinatua, saiatua eta odol hotzekoa izan beharra dago, eta Karrera hiru dohain horien jabe izan da ibilbide osoan. Horri esker, gai izan da lesioei aurre egiteko, zeina onena ematea eragotzi baitzioten 2014an, 2015ean eta 2016an.

Indartsu iritsi zen iazko udara. Aspalditik begiz-jota zuen Nolan's 14, Coloradon (AEB) jokatzen den mendi erronka ezaguna. Ez zen nolanahiko desafioa; hamalau mendi kateatu, denak 4.000 metrotik gorakoak, eta tartean 160 kilometro. Aukera paregabea zen hain gogoko dituen mendizaletasuna eta abiadura uztartzeko, eta ez zuen inor utzi ez hotz ez bero. 60 orduko muga zuen erronka amaitzeko, eta sei ordu sobera izan zituen. Metodikoa izan da beti lasterketak prestatzeko garaian, bai prestakuntzan eta baita elikaduran ere.

Karrerak gutxik bezala ezagutu du mendi lasterketen bilakaera, eta jarrera kritikoa ere izan du askotan. «Burua joan zaigu mendi lasterketekin», esan zion BERRIAri iazko otsailean. Ez da inoiz sare sozialetan aritu zalea izan, baina kazetarientzat beti izan da plazera harekin hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.