ATZEKO ESERLEKUAN
Azken bihurguneak, azken zirrara
Denboraldi amaierako lasterketan ohikoak izaten dira gidatze bikainak. Sentipen asko azaleratzen dituzte gidariek askok taldez aldatzen dute eta batzuek erretiroa hartzen duteeta nabarmentzeko azken aukera dutela badakite. Helburua bete duten gidariek presiorik gabe korritzen dute, eta euren kalitate guztia erakusten dute. Denboraldi ona egin ez dutenek, berriz, dena ematen dute sasoia oroitzapen gozo batekin burutzeko.Chesteko zirkuitua, gainera, aproposa da karrera zirraragarriak ikusteko. Gidarientzat ibilbide zaila da. Motza da, motela, eta oso teknikoa. Gidariek ez dute arnasa hartzeko une bakar bat ere; horregatik, arreta eta prestakuntza fisikoa erabakigarriak dira. Zaleak atzean eserita dituela sentitzen du gidariak, eta hori da bere alde duen ezaugarri bakarra. Pista horretan motoa bikain jartzea erabakigarria da, eta, garaipena lortutakoan, karrerak bezainbeste balio du.MotoGPn ziurrenik Rossik bere emanaldiarekin jarraituko du. Atzoko erorikoak, ordea, eraginik izan dezake. Sete Gibernauren alde egingo dut. Kataluniarrak ezin du denboraldi txar honetan gehiago huts egin. Orain behar du. Zirkuitua ondo doakio, eta ezin du orain duen taldea garaipenik gabe utzi. Gainerakoan, denboraldi hasieratik aurten sendotu egingo zirela genioen bi gidari borrokatuko dira bigarren posturako. Haydenekiko Melandrik dituen bederatzi puntuak nahikoak izan daitezke postu hori bere egiteko.250 cc.-etan Casey Stonerrek eman dezake zer ikusi. Australian, bere etxean, txapelketa galdu zuen. Minduta dago, eta orain Valentzian kolpea itzuli nahiko dio Pedrosari. Danik garaipen batekin agurtu nahi du litro laurdena. Aipamen berezia Jorge Lorenzok merezi du. Garaipen bat lortuko zuela zin egin zuen, eta hau du azken aukera. Lortu egingo du, edo lurrera eroriko da. Litekeena da lurrera erortzea.Eta, beti bezala, 125 cc.-ekin amaituko dut. Irabazteko burua zein garrantzitsua den ikusi da aurten. Kalliok bi karreratan galdu du titulua, presioaren eraginez. Talmacsi bere taldekideak Qatarren eman zion kolpea erabakigarria izan zen. Luthik eskura du txapelketa.Denboraldiaz nik bezainbeste gozatzea espero dut. Zorte on, eta hurrengora arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu