Iraia Iparragirre

Azken-aurreko oihua egin du

Realeko jokalaria asebeteta doa. Eskerrak eman dizkie klubari, taldekide zein entrenatzaile multzoari, eta hunkitu egin da etxekoak eta lagunak aipatu dituenean:«Oso zoriontsu egiten nau zuek ondoan zaituztedala sentitzeak».

Iraia Iparragirre, atzo, partida aurreko ohiko animo oihua egiten. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bada gauza bat partiden aurretik egiten dudana. Ahotsa urratzen dut egiten dudan bakoitzean, eta gaur berriz egin nahi dut. Baina horretarako zuen beharra dut neskak. Bestela ez litzateke ondo geratuko. Etorri nire ingurura». Iraia Iparragirre Realeko jokalariak atzo egindako hitzak dira. Ez zegoen Z7 zelaiko aldagelan, baizik eta Zubietako prentsa aretoan. Taldekideak berehala inguratu zitzaizkion. Guztiak bildu, eta barru-barrutik «goazen» ozen eta luze bat oihukatu zuen Iparragirrek. Taldekideen erantzuna berehala etorri zen:«Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, Real!». Elkarren arteko besarkadak iritsi ziren gero.

Lasarte-Oriako atzelariak orain astebete iragarri zuen, zortzi denboraldi eta 108 partidaren ostean, futbola utziko zuela. Ostiralean. Z7ko aldagelan egingo du azken aldiz oihua, Real Madrilen aurkako partida baino lehen. Baina atzokoan keinu horrekin amaitu nahi izan zuen bere agurreko prentsaurrekoa.

Izan ere, aurreko ostegunean, Levante Las Planasen aurkako partidaren aurreko agerraldian, Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak esan zuen moduan:«Barru-barrutik bizi ditu kolore hauek, lehen zeudenen, orain etorri diren eta etorriko direnen aingura izan da. Egunerokoan asko eman digu, literalki eta sinbolikoki».

Eman duenaren seinale, prentsa aretoa bete egin zen. Lehen taldeko jokalariak eta entrenatzaile multzoa, Garbiñe Etxeberria kirol zuzendaria eta Sandra Ramajo Realeko jokalari ohia izan ziren han, besteak beste. Umorea eta naturaltasuna izan dira Iparragirreren izaeraren ezaugarri nagusietako bi. Atzoko agerraldiak izan zuen bi horietatik. Baina baita emoziotik ere.

Agurraren harira zituen sentipenak azaldu zituen Iparragirrek. «Erabakiak hartzea ez da inoiz erraza izaten, eta oraingoan ere ez da gutxiago izan. Baina momentu aproposa dela sentitzen dut. Ibilbide honen amaierara lasai eta zoriontsu iritsi naiz. Gauzak ahalik eta ondoena egiten ahalegindu naiz une oro, ingurukoei lagunduz eta helburuak pausoz pauso lortuz». Dena den, orain astebete, erabakiaren berri eman zuen bideoa zabaldu zenean, «negar asko» egin zuela onartu zuen. «Sakelako telefonora begiratu, eta ezin nintzen geratu».

Iparragirrek 27 urterekin hartuko du erretiroa. Ez da ohikoa jokalari batek hain gazte uztea futbola. Baina horren zergatia azaldu zuen: «Egon da jendea esan didana zergatik ez dudan jarraitzen. Baina norberak konturatu behar du non dagoen, zer eman duen eta zer eman dezakeen etorkizunean. Kasu honetan, sentitu dut hemen nituen helburu eta aurreikuspen profesionalak bete ditudala, hustu egin naizela eta etapa berri bati ekin nahi diodala. Helburuak beti izan behar du hazten jarraitzea, eta gauzek bere bidea egitea».

Esker hitzak izan zituen etxekoentzat eta lagunentzat. Hor hunkitu zen gehien. «Beti nire ondoan egon zarete, bai une on zein zailetan, horrek ez du preziorik. Oso zoriontsu eta harro egiten nau ondoan zaituztedala sentitzeak. Pribilegiatua naiz».

Klubari ere eskerrak eman zizkion: «Hemen hainbeste urte egoteko aukera emateagatik, azken batean nire ametsa egia bihurtzea posible egiteagatik: Realean jokatzea. Lasartekoa izanda, eta hemen ondoko ikastolan ikasita, neure buruari beti esaten futbolariak hona sartzen ikustean: nik hor bukatu nahi dut. Ez da erraza, baina lortu dut». Atzokoan ere ume mordoa zegoen futbolean jokatzen Iparragirreren ikastola izandakoaren patioan.

Taldekideak ere izan zituen gogoan: «Futbolak uzten dizun gauzarik politenekoa dira. Ziur nago haien falta nabarituko dudala». Zaleek ere ez zituen ahaztu. «Ezin nuen aipatu gabe utzi haien indarra, ilusioa eta gertutasuna».

«Oroitzapenez beteta» doa. «Batzuk onak izan dira, eta besteak, txarrak. Baina nik beti esan ohi dudan moduan: txarra beti ez da horren txarra. Egoera horietatik beti badago zer ikasia, eta horrek egiten gaitu handi. Gauza asko ikasita hasiko dut etapa berria».

Une onen artean Espainiako Kopa irabazi izanarekin geratzen da. «Egun hartako irudien artean bi ez ditut sekula ahaztu. Bat ni, besoak jasota txapeldun ginela ospatzen, eta bestea, Sandra [Ramajo] Kopa jasotzen».

Exijentzia eta diziplina

Eta nabarmendu zuen ere taldekideek kapitain izendatu izanak «asko» eman ziola. «Azken batean sentiarazi zidaten nigan eta nire lan egiteko moduan sinesten zutela, eta hori da nire taldekideei utzi nahi diedana: exijentzia eta beti gehiago nahi izate hori. Eta, noski, ez daitezela sekula falta irribarreak».

Oraindik goiz da hemendik aurrera zer egingo duen esateko. «Baina garbi dut futbolak eman didan exijentzia eta diziplina nirekin eramango ditudala hasiko dudan ibilbide berrian».

Eta nork egingo du hemendik aurrera animo oihu hori: «Jende on asko dago hemen, eta baten batek hartuko du lekukoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.