Bandera horiak lagunduta, modu zalantzagarrian lortu zuen atzo Nico Rosbergek (Mercedes) urteko bigarren pole-a, Monakoko Sari Nagusian. Lasterketa irabaziz gero, txapelketako burua berreskuratuko luke, Katalunian Lewis Hamilton taldekidearen mesedetan galdu zuena. Rosbergek nola edo hala eten nahi zuen Hamiltonen indar erakustaldia, eta ahalegin berezia egin zuen horretarako sailkatze saioan. Espero zen bezala, Mercedeseko bi gidarien arteko lehia izan zen pole-a lortzeko. Bi gidarien artean hamarren baten aldea baino gutxiago zegoen Q3ko azken itzulian sartuta, Rosbergen alde. Azken ahaleginean zebiltzan biak, eta lehen itzulietan alemaniarra azkarragoa izan zenez, haren esku zegoen pole-a, behin-behinean.
Aldapa behera dago Mirabeau bihurgunea, Casinoaren zuzengunearen amaieran. Gidari askok daki zer den inguru horretan errepidetik irtetea, itsu-itsu zerbaiten bila joanez gero, batez ere. Horixe gertatu zitzaion Rosbergi, ondo baitzekien bere denbora hobetu beharra zeukala Hamiltonen erasoaren jakitun. Lehen erreferentzia marran bere denbora hobetu ezinik zebilen, eta atzerapen hori gehiegizkoa da Monakon. Bihurgune bakarrean konpondu nahi izan zuen gaizki hasitako itzulia, eta kontrakoa gertatu zitzaion.
Hamiltonek segundo batzuk geroago hasi zuen itzulia, eta Rosbergen denbora hobetu zuen lehen erreferentzian. Aski zuen bere aurreko itzuliko partzialak berdintzea pole-a bereganatzeko, baina Rosbergek atzerako martxa jarri zuen pistara itzultzeko, bandera horiak eraginez. Hamiltonek eta handik igarotzen ari ziren gidari guztiek erritmoa baretu behar izan zuten, itzulia bertan behera utziz. Zortzi urte lehenago beste alemaniar batek, Michael Schumacherrek, pole-a defendatzeko La Rascassen egin zuen trikimailua etorri zitzaien askori gogora.
FIA, telemetriari begira
Arratsaldean telemetria datuak aztertu ostean, asmo txarrik gabeko mugimendua izan zela ondorioztatu zuen FIAk, eta emaitza bere horretan utzi. Gidari garbia da Rosberg, bai pistan eta baita hizkeran ere. Baina taldekidea norberaren ospea txikitzen ari denean, gauza pentsaezinak egin daitezke norbere burua defendatzeko, titulu bat jokoan dagoenean batez ere.
Zirkuitu berezietan lehiatzea da Mercedesen nagusitasunari aurre egiteko modu bakarra, eta horietako bat da Monako. Itsaspen aerodinamikoak garrantzi gutxiago dauka bertan, eta autoaren mekanikak indarra hartzen du. Daniel Ricciardo eta Sebastian Vettel (Red Bull) pixkanaka bigarren lerroaren jabe egiten ari dira, atzekoengandik urrunduz, eta aurrekoengana gerturatuz. Gutxitan egongo dira Monakon bezain gertu. Ricciardok aurrea hartu zion atzo, berriz ere, Vetteli.
Tarteak txikitu egiten dira, normalean, lasterketan, baina Mercedes autoek kontrako joera erakutsi dute aurten: aurkariak gertuago izaten dituzte larunbatetan igandeetan baino. Ricciardo lau hamarrenekora gelditu zen atzo, eta beste urte batzuetan tarte hori lasterketan murrizteko modukoa bazen ere, aurten biderkatu egiten da aldea igandeetan. Iaz, gainera, Rosbergek irabazi zuen Monakon, nahita erritmo makala jarrita, pneumatikoak gordetzeko asmoz. Ferrarik osatu zuen hirugarren lerroa, eta iazko antzeko egoera onartu beharko dutela ematen du: Red Bullen atzetik ibiltzea.
Azkarrena izan gabe
Nico Rosbergek lortu du 'pole'-a Monakoko Sari Nagusian, Lewis Hamilton taldekideari aurrea hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu