Errusiako Munduko Kopa

Azkar igarri zion

Didier Deschamps ume zela ikusi zuen jokatzen Peio Sarratiak, hura inongo taldetan ez zebilela. Bidegile izan da orain Frantziaren entrenatzailea den lapurtarrarentzat.

Didier Deschamps, Peio Sarratia eta Bixente Lizarazu, Frantziak 2013an Uruguain jokatu zuenean. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bazebilen 11 urteko haur bat futbolean jokatzen Lapurdiko tokiren batean, eta, mutikoa ohartuko ez bazen ere, begi batzuk zeuzkan begira. Begiradak begiralearen buruan harridura piztu zuen segituan: «Zein ona den haur hau».

Peio Sarratia (Uztaritze, Lapurdi, 1948) zen begira ari zen entrenatzailea, orduko hartan Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hautatzailea zena, eta gerora Frantziako Futbol Federazioan harrobiarekin lan handia egindakoa. 11 urteko mutiko hura Didier Deschamps zen (Baiona, 1968), Frantziako selekzioko egungo hautatzailea.

«Euskal Herria barruan denez Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, eta Deschamps euskal herritarra izanik, erakutsi egin zidaten nola jokatzen zuen futbolean. Berehala liluratu ninduen. Esan zidan ez zebilela inongo klubetan». Handik gutxira fitxatu zuen Aviron Baionak, eta Sarratiak gertutik segitu zion jokalari hari. «Akitaniako selekziora eramaten nuen».

Deschampsen jokoa azkar sartzen zen edozein entrenatzaileren begietatik, eta Sarratiak ondo gogoan dauka zer esan zion Bordelen (Frantzia) bertako hautatzaileak: «Ari ginen jokatzen, eta Deschampsek pase zehatz bat egin zuen bi atzelariren artetik; orduan esan zidan profesionalen pasea izan zela. Ez daukat ahazteko esandako hori». Deschampsek 14 urte baino ez zeuzkan; Sarratiak gehitu du urtebete gehiago zeukatenekin jokatzen zuela selekzioan.

Deschampsek entrenatzaile ez ezik gidari ere izan zuen Sarratia, selekzioko entrenamenduetara autoan eramaten baitzuen, eta, joan-etorrian, pertsona ezagutzeko aukera ere izan zuen: «Atentzioa ematen zidan zein haur heldua zen zeukan adinerako. Hausnarketak egiten zituen edozein gairen inguruan, eta oso pertsona orekatua begitandu zitzaidan. Eskolan ere trebea zen».

Futbolean ez ezik, haur hura beste hainbat kiroletan ere ona zen, Sarratiak dioenez: «Atletismoan, lasterkaldietan marka onak zeuzkan, eta luzera jauzian ere trebea zen. Gezia zen denean, pilotan eta errugbian ere ondo moldatzen baitzen». Kirol bat hautatu behar, eta futbolera jo zuen. Pirinio Atlantikoko selekzioan nola jokatzen zuten gogoratu du Sarratiak: «Deschamps aurrelariaren atzetik jartzen nuen. Badakizu nor zen aurrelaria? Bixente Lizerazu. Txikia eta bizia zen, aurrean jokatzeko egokia, eta haren atzetik Deschamps jartzen nuen, atzetik aurrera trenak bezala denak aurretik eramaten zituena».

Deschampsen jokoak Frantziako talde handien arreta bereganatu zuen, eta, Sarratiak kontatzen duenez, Bordeleko Girondinsek fitxatzeko saialdia egin zuen: «Punta-puntako taldea zen orduan, eta presidentea Claude Bez zen, Frantziako futbolean indar handiko agintaria. Egun batean Gipuzkoaren edo Bizkaiaren aurka jokatu behar genuen departamenduko selekzioarekin, Baionan, eta han azaldu zen Bez, auto handi batean. Deschampsen bila etorria zen, eta ikusi nituen biak hizketan, baina honek ezezkoa esan zion, oraindik ere 14 urte zeuzkala». Gero, Bretainiara, Naonedera joan zen, urteen joanean aitortu duenez, «Frantziako futbol eskolarik onena zelako». Sarratiak dio bete-betean asmatu zuela: «Begira nolako ibilbidea egin zuen jokalari moduan».

Platiniren aholkua

Naonedera joan zenean, bien arteko harremana eten egin zen pixka batean, distantziagatik, baina berehala izan zuten elkarren berri, Sarratia Frantziako Futbol Federazioan lanean hasi zenean harrobiarekin: «Gazte mailan ikusten nuen jokatzen, eta behin esan nion Michel Platiniri begiratzeko Deschamps gaztea zein ona zen. Platinik erantzun zidan teknika gehiago landu beharko zuela, teknika gora eta teknika behera jardun zitzaidan. Orain esaten dut nik Deschampsek Urrezko Baloia ere irabaziko zuela teknika gehiago landu izan balu».

Munduko Kopa irabazi zuen 1998an Frantziarekin, jokalari gisa, eta etzi entrenatzaile gisa ere irabaziko du agian. Sarratiak dio jokalari zenean antzematen zitzaiola «entrenatzaile ona» ere izango zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.