Unai Laso eta Peio Etxeberria prest dira igandeko lau eta erdiko finalerako (16:50, ETB1), baita partidako pilotak ere. Nortzuek jokatuko duten, horixe izango da, agian, finaleko berezitasunik handiena; Jokin Altunak ez baitu jokatuko. Azken zortzi finaletan izan da amezketarra, baina aurten ez da Bizkaia pilotalekuan izango (Bilbo), Lasok garaitu egin baitzuen finalerdian. Azkar batean hautatu dituzte gaur pilotak bai Peio Etxeberriak eta bai Lasok, eta azaldu dute gustura hartu dituztela. Peio Etxeberriak aukeratutakoek 104.8 eta 106,8 gramo pisatzen dute, eta Lasorenek, 105,3 eta 106,6 gramo. Final parekatua espero dute bi pilotariek.
Lasok nabarmendu du txapelketan erabili direnak baino «zertxobait baxuagoak» direla finalerako pilotak. Baina berehala gustatu zaizkio: «Ez dut asko pentsatu. Gustatzen bazaizkizu, onena hartzea da». Aurkariak hartutako pilotak ere gustatu zaizkio. Peio Etxeberriari, berriz, iruditu zaio orokorrean txapelketan izan dituzten piloten antzekoak direla, eta ez du uste ohi baino biziagoak direnik. Hala ere, Lasok berak onartu du berak hartutako pilotetako bat biziagoa dela, eta Etxeberriak ere hala nabaritu du. Zenoztarrari gehiago gustatu zaizkio berak hautatutakoak Lasorenak baino. Azaldu duenez, txapelketan izan dituzten pilotak orokorrean bizkorrak izan dira, baina ez du uste aurreko urteekin alderatuta ezberdintasun handirik dagoenik. Onartu du, dena den, partida batzuetan tarte handia egon dela tanto kopuruan. Ez du uste, ordea, materialagatik bakarrik izan denik.
Finalari begira, bi pilotariek adierazi dute sakeak garrantzia izango duela, baina baita errestoak ere. Peio Etxeberriak hausnarketa hau egin du: «Ikusi dugu tanto asko egiten ari direla sake onengatik, baina baita erantzunik ez dagoelako ere; horregatik ematen diet inportantzia biei». Esan du Bizkaia pilotalekua egokia dela jokatzen uzteko, «ez Eibarkoa bezala». Baina garrantzia kendu nahi izan dio bai frontoiari eta bai materialari: «Partida guztiak ezberdinak dira; frontoia aldatzen da, baina Bizkaia pilotalekua, adibidez, Labriten antzekoa da, jokatzen uzten duen frontoia baita. Ez da Eibarkoa bezala. Hura erasorako hobea da, eta defentsarako, okerragoa. Alde horretatik, ez diot buelta askorik ematen».
Zenoztarrak presioa kendu du dio bere buruari, eta nabarmendu du Laso dela txapela janzteko faboritoa: «Jokatu dituen final guztiengatik eta duen ibilbideagatik, faboritoa bera da. Ikusi genuen aurrekoan Jokini irabazi ziola. Baina faborito izateak ez du garrantzi handirik». Gainera, gaur egun duen pentsaerarekin, ez dio asko erreparatu Laso nola aritu den. «Bera den modukoa da, eta ni, naizen modukoa. Nire egoera inporta zait, zentratua egotea».
«Tentsio handiko partidak dira beti finalak, eta gehienbat nire jokoari erreparatuko diot, badakidalako Peiok berea oso ondo egingo duela»
UNAI LASOPilotaria
Bi finalistek beldur handiagoa diote norberak gaizki egin dezakeenari, aurkariak ondo egin dezakeenari baino. «Zeure onena ez emateak kezkatzen zaitu gehien. Tentsio handiko partidak dira beti finalak, eta gehienbat nire jokoari erreparatu behar diot, badakidalako Peiok berea oso ongi egiten duela», azaldu du Lasok. Ligaxkan 22-19 irabazi zion Peio Etxeberriak, eta onartu du partida horretan, amaieran batez ere, «pazientzia» falta izan zitzaiola, eta bereziki horregatik galdu zuela. Hala ere, ez dio aurkariari meritua kendu nahi izan.
Finalaren astea
Aste berezia izaten da pilotarientzat finalaren aurrekoa. Peio Etxeberriak azaldu bezala, bigarren txapelketa handia da lau eta erdikoa, buruz burukoaren ostean. Bada, biek azaldu dute lasaitzeko hartzen dutela aste hau: zertxobait entrenatu, aktibatu eta gertukoekin egon. Gaurko entrenamenduaren ostean, ostiralean egingo dute berriro, eta igandean, partidaren aurretik, aktibazio pixka bat egingo dute.
Peio Etxeberriak ostiralean fisikoa landuko du pixka bat; Lasok, berriz, takoak jarri eta pilota apur bat mugitzeko asmoa du. Lasai hartuko dute, igandean sasoi betean egoteko. Lasok, adibidez, astero egiten duen moduan, Bizkarreta-Gerendiainera (Nafarroa) joateko aprobetxatuko du, «amonarekin eta lagunekin egoteko». Azaldu du ondo etortzen zaiola finalaz ahazteko, nahiz eta barre artean esan duen denek hitz egiten diotela finalari buruz.
«Duela urtebete, oso lasai nengoen, aste oso lasaia izan zen. Baina, gero, igandean dena [urduritasuna] etorri zitzaidan gainera» PEIO ETXEBERRIAPilotaria
Urduri agertu da Peio Etxeberria, eta onartu du aurten iaz baino lehenago iritsi zaiola urduritasuna. «Duela urtebete, oso lasai nengoen, aste oso lasaia izan zen, eta uste nuen dena nuela kontrolpean. Gero, igandean, dena [urduritasuna] etorri zitzaidan batera». Aldiz, aurten, aurrez «urduri» sentitzen da, eta aukeraketa egitean are gehiago. Hala ere, ez du uste txarra denik orain hala sentitzea: «Tentsioa, lehenago edo geroago, sortzen da, eta iaz ateratzeko unean sortu zitzaidan».