Azeriak, piztia guzien gainetik

Afrikako Kopa bihartik otsailaren 6ra arte jokatuko da, Kamerunen. 24 selekziok parte hartuko dute; Edjogo-Owono futbol adituarentzat, Aljeria da faborito.

Riyad Mahrez, Manchester Cityko jokalari aljeriarra, haren selekzioarekin jokatutako partida batean. BERRIA.
Iñaki Berastegi.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Afrikako futbol selekzio gehienen ezizenek animaliaren batekin lotura dute; Gambiako selekzioa Eskorpioiak goitizenez ezaguna da, Tunisiako selekzioari Kartagoko Arranoak esan ohi zaio, eta Boli Kostako jokalariak Elefanteak dira, besteak beste. Dena den, badira bestelakoak ere. Esaterako, Egiptokoak Faraoiak dira, eta Zimbabwekoak, Borrokalariak. Fauna horrek talka egingo du bihartik aurrera Kamerunen jokatuko den Afrikako Kopan. 24 selekzio ariko dira, sei multzotan banatuta, eta hamasei sailkatuko dira final zortzirenak jokatzeko. Bi urtez behin jokatzen da Afrikako Kopa, baina pandemia dela eta, azken aldia ezin izan zen 2021ean egin.

Alberto Edjogo-Owono (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1984) Afrikako futbolean aditua izateaz gain, Ekuatore Gineako selekzioarekin bost neurketa jokatutakoa ere bada. Formatu berriarekin txapelketa «luzeegia» dela deritzo: «Afrika Koparen hastapenetan hiru selekziok jokatzen zuten txapelketa. Deskolonizazioaren ostean, herrialde berriak batzen hasi ziren, eta hamasei selekzioko txapelketa antolatzen hasi ziren. Orain 24 dira, eta horrek esan nahi du multzoen fasea jokatuko duten selekzioen bi herenek aurrera egingo duela. Multzo zailenetan selekzio indartsuei aukera ematen die akats bat edo beste egiteko». Urtarrilean jokatzeak eta bi urtez behin izateak errezelo handia eragiten du Europan, hilabetez talde askok hainbat jokalariren hutsunea izango dutelako. «Eztabaida hori Afrikan ez da existitzen, afrikarrentzat selekzioen futbola baita dagoen gauzarik handiena. Aldarrikapenerako tresnetako bat da futbola. Europarekin alderatuta, beste prisma batekin bizi dute», nabarmendu du.

Aljeriak irabazi zuen 2019an Egipton jokatutako txapelketa, finalean Senegal 1-0 menderatuta. Gaur-gaurkoz, Basamortuko Azeriak dira Edojo-Owonorentzat kopa irabazteko hautagai nagusiak: «Oso sasoiko daude. Azken 35 partidetatik ez dute bakar bat ere galdu. Djamel Belmadi hautatzailea Aljeriakoa da, Riyad Mahrezen gisako izar handi bat dauka, eta maila oneko beste hainbat jokalari: Feghouli, Bennacer, Bounedjah edo Brahimi. Kalitate handiko jokalariak izateaz gain, talde sendoa dute, eta Afrikako selekzioen arteko partidetan hori oso garrantzitsua da. Taldeak erotu eta partidak beti apurtzen dira. Joan etorriko jokora, fisikora, eraman ohi dira neurketak, baina Aljeria gai da patxadaz jokatu eta bere kalitatea nagusitzeko».

Azeriak baino koxkatxo bat beherago ikusten du kataluniarrak Senegal. «Terangako Lehoiek ez dute sekula Afrikako Kopa irabazi, eta erronka handi hori dute aurten ere. Azken edizioko finalean Kalidou Koulibalyren hutsunea asko nabaritu zuen. Napoliko atzelariarekin batera, Edouard Mendy Afrikako atezain onena eta munduko onenetako bat deialdian da, baita Sadio Mane Liverpooleko jokalari aparta ere. Duen taldearekin, eta txapelketa sekula irabazi ez duela jakinda, beste faborito nagusietako bat da».

Maroko ere ez du ahaztu nahi izan. «Vahid Halihodzicen taldea oso indartsu dago. Ez dauzka izar asko, baina talde sendoa da: sailkatze faseko norgehiagoka guztiak irabazi ditu. Ziyech ez badago ere, Achraf, Bounou edo En-Nesyri maila handiko jokalariak dira». Hala, Aljeria litzateke faborito nagusia, eta koxka bat beherago leudeke Senegal eta Maroko. Nigeria da aipatu nahi izan duen hurrengo selekzioa: «Erraldoi bat da, Afrikako herrialde populatuena, 200 milioi biztanlerekin. Gainera, presio handia duen herrialdea da, eta badirudi beti lehertzear dagoela. Selekzioari dagokionez, zelai erdi bikaina dauka, baina azken orduan Victor Osimhen taldeko aurrelari onena ez da txapelketan izango. Atezaina eta atzelariak ez dira punta-puntako jokalariak».

Bi multzo

Edjogo-Owonok beherago kokatuko lituzke Mohamed Salahren Egipto, Mali, Boli Kosta edo Kamerun. Hala eta guztiz ere, azken ordura arte taldeetan «aldaketak» egon daitezkeela ohartarazi du futbol adituak: «Batetik, koronabirus kasuak daudelako; bestetik, jokalariek diru kopuru bat jaso behar dute euren selekzioekin jokatzeagatik, baina ikusiko dugu egiazki diru hori kobratzen duten ala ez; eta, azkenik, izarrak diren jokalariek ez dute arazorik euren taldea hilabetez uzteko, baina maila apalagoa duten jokalarien egoera oso bestelakoa da».

Ikus daitekeen joko motari buruz, selekzioak, oro har, bi multzotan banatu behar direla dio kataluniarrak. «Afrika iparraldeko selekzioak teknikoak dira erabat, eta Afrika beltzekoak, berriz, azkarragoak eta indartsuagoak». Zein animalia nagusituko da? Azeriek dirudite indartsuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.