Azeria, beti azeri

Juan Mari Etxabek bigarren denboraldia du San Juango entrenatzaile lanetan, eta, iaz bezala, aurten ere irabazi egin du Euskotren Liga. Prestakuntza horretara bideratu, eta bete-betean asmatu du.

San Juango arraunlariak, uztailaren 26an, Getxoko bandera irabazi berritan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
San Juanek berriz irabazi du Euskotren Liga. Bigarren urtez jarraian. Eta bietan, entrenatzaile berarekin: Juan Mari Etxabe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) da taldearen arduraduna. Arraunlari bikaina izandakoa eta gizonezkoetan entrenatzaile lanetan aritua Castron, Santurtzin eta Urdaibain. Palmares loriatsua eta gizena dauka, eta azken bi urteetan are gehiago loditu du, Kontxako Bandera ere irabazi baitzuen iaz bere betiko taldeko emakumezkoak zuzenduz.

Balio handia izaten dute garaipen guztiek, baina San Juanek aurten Euskotren Ligan lorturikoak badu aparteko zerbait. Bi ezaugarrigatik: batetik, neguan, udaberrian eta uda hasieran ez zuen ematen halakorik lortzeko gai izango zenik, eta bestetik, isilpean eta erdi gordeta talde osoak Etxaberen aginduetara egindako lana da nabarmendu beharrekoa.

Etxabek berak azaldu dizkio BERRIAri nola hasi ziren prestatzen sasoia: «Iazko taldetik, arraunlari batzuk falta genituen, eta beste batzuk etorri ziren udazkenean. Iaz Euskotren Liga irabazteagatik, aurten sailkatuak ginen lehiaketa horretarako, eta horrek lasaitasun handia eman digu prestakuntzan». Hasieratik zuen garbi zein ziren helburuak: «Liga irabazi nahi genuen, baita Euskadiko Txapelketa ere, eta Kontxako Bandera da beste helburua». Aurreneko helburua betea dute, ez baina bigarrena: «Zumaiak irabazi zigun Euskadiko Txapelketa, baina beste gainontzean, oso gustura gaude egindako lanarekin».

Une oro oso garbi izan du helburuei garrantzia ematen, eta horren arabera bereizi ditu lehiaketa guztiak; eta baita bere arraunlariek egin beharreko lana ere. Bi adibide zehatz eman ditu: «Euskotren Ligako lehen lau estropadetatik bi irabazi genituen, eta beste biak Zumaiak irabazi zituen. Bagenekin hurrengo bi estropadak ia funtsezkoak izango zirela, Nojakoa eta Getxokoa. Bi egun horietarako, arraunlari multzo zehatz batekin egin nuen lan, eta bi estropada horietan ia ez nuen aldaketarik egin». Beste adibideak bi arraunlariren egoera fisikoarekin du lotura: «Lesionaturik egon dira bi, eta behar bezala zaindu ditugu Euskotren Ligan ondo egoteko, atseden-eta emanez».

Esperientzia handia dauka Etxabek, eta urteetan ikasitako guztia ari da jartzen taldearen baitan. Bete-betean asmatu zuen ligako bosgarren eta seigarren estropadak irabazteko aukeratu zuen estrategian. Biak irabazi zituen San Juanek, eta bi puntuko alde erabakigarriarekin heldu zen azkeneko bi estropadetara, Zarauzko bietara, hain zuzen. Eta bi horiek ere zehaztasunez prestatu zituen: «Emaitza ikusi da gero. Larunbatean, Zumaiari eustea genuen helburua, bagenekielako topera aterako zela. Banekien buruko lanak sekulako garrantzia izango zuela, eta guk gure lanari bakarrik begiratzeko eskatu nien arraunlariei. Ondo egin zuten lana. Baita igandean ere».

Nolabaiteko ezustea izan da San Juanek Euskotren Liga irabaztea, lehia ofiziala hasi aurretik eta hasi berritan Zumaia jotzen zelako faboritotzat dena irabazteko. Baina Etxabek bazekien bere taldea ere gai izango zela ondo lehiatzeko: «Neguan-eta egindako probetan, iazko denboretan genbiltzala ikusi nuen, eta neure buruari esan nion Zumaiak ere hor behar zuela, ez askoz gorago». Bete-betean asmatu du. Liga bat bere taldeak eraman du, eta bestea, Gipuzkoakoa, Zumaiak irabaziko du larunbatean, oker handirik ezean.

Zumaiaren balizko nagusitasun horren baitan eta erdi ezkutuan lana dotore eta fin egin eta gero, beste egoera bat azaldu da emakumezkoen lehian. Eta horren jakitun da Etxabe: «Badakit orain gu garela faborito Kontxako Bandera irabazteko». Segituan jarri ditu erne eta adi bere arraunlariak: «Atzo bertan —astelehenean— esan nien presioa guri jarriko digutela, eta hori kudeatzen jakin beharko dugula».

Hobetzeko tartearekin

Hasi da lanean Kontxara begira, eta bota du aurreikuspen bat: «Uste dut badugula gehiago hobetzeko tartea, eta horretara bideratuko ditugu ondorengo saioak». Entrenamendu horietan, orain arteko bidetik segitzekotan da: «Emaitzak ondo daude, eta onak izan behar dute, baina emaitzen gainetik lana dago, eta ederki ari gara». San Juanen emakumezkoen taldea beste urte batzuetarako egitasmoa izango delakoan dago. Azeriak hori esan badu, hor nonbait ibiliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.