Asegarce iragana da, eta pilotariek eta pilotazaleek enpresaren deitura berrira egokitzen joan beharko dute: Baiko Pilota. Enpresa azpiegitura berria Bainet ekoiztetxearen inguruan zeuden kirol eta kirol kudeaketa enpresa guztiak batuko ditu: Asegarce-Bainet Sport, Custom Sport Bizkaia Bilboko pilotalekua kudeatzen duen enpresa eta AGR Karlos Argiñanoren motoziklismo taldea. Aurrerantzean, enpresa bereko adar ezberdinak dira, «dena bateratzen duen marka bat proiektuarekin jarraitzeko», laburbildu zuen atzo Joserra Garai Baiko Taldeko zuzendari nagusiak aurkezpenean. Enpresa arloaz gain, fundazio bat ere sortu dute; besteak beste, pala profesionala bere gain hartu—orain arte Innpala zena—, emakumezkoen pilota bultzatu, eta pilota elkarteekin harreman estuagoa izateko.
Garaik hartu zuen hitza aurkezpen ekitaldian; orain arte Bizkaia pilotalekuko kudeatzailea zena izango da Baikoren burua. Joxean Artze zenaren olerki bat erabili zuen metafora moduan, Baiko pilota «iturri zaharretik irteten den ur berriarekin» alderatuz. Izan ere, enpresa aldetik aldaketa handia izango da, baina jarduera gehienetan ez da aldaketa izugarririk izango. Hori bai, orain jarduera bakoitzak izen berria izango du: Baiko Pilotak hartuko du Asegarceren lekua, Baiko Eraginek Bizkaia pilotalekua eta beste kirol azpiegitura batzuen kudeaketa, Baiko Racing Teamek motoziklismo taldearena, Baiko Indarra fitness zentroen kudeaketan egongo da eta Baiko Fundazioa azkenik.
Asegarce da kirol arloan oihartzun handiena duen enpresa, eta, Garaik aurreratu zuenez, ez da iraultzarik egongo. «Unai Iglesias kudeatzaile berriaren sarrera izan da azken aldaketa. Ez da aldaketa handirik egongo; guztiak berdin jarraituko du. Pilotariei dagokienez, kontratuak subrogatu egingo dira, eta enpresa berriaren izenean egongo dira». Pilotazaleakez du aldaketa sumatuko, asteroko jardun eta programazioan ez baita aldaketarik egongo. Dena den, egia da enpresak aldaketa deigarri batzuk egin dituela azkenaldian: sarrerak Internet bidez bakarrik erosteko aukera, pilotariak aldagela ezberdinetan aldatzera behartzea, teknikariek pilotarien entrenamendu errutinen berri emateko duten telefono aplikazio bat, pilotari guztiek prestatzaile fisiko berarekin lan egitea; hain zuzen, Etor Mendiaren aginduetara. Enpresatik diotenez, horiek ez dute Baikoren sorrerarekin harreman zuzenik. Pilotari taldean ere ez da aldaketarik izango, 25 izango dira, eta kirol prestaketaren ardura teknikari berberek eramango dute: Ruben Belokik, Jose Angel Balanzak eta Pablo Berasaluzek.
Baikoren aurkezpena Bizkaia Bilboko pilotalekuan egin zen, eta pilotariek bertan estreinatu zituzten elastiko berriak. Bizkaiko pilotalekua publikoa da, eta Bizkaiko Aldundiak Custom Sporten esku utzi zuen kudeaketa 2011n, eta orain Bainet Eraginek hartuko du. Bide batez, Garaik jakinarazi zuenez, kudeaketa kontratua 2022ra arte luzatu dute, 2024ra arte luzatzeko aukerarekin. «Asmoa beste kirol azpiegitura batzuen kudeaketa hartzea da, baina oraindik goiz da esateko zeintzuk». Bizkaia pilotalekua kudeatzeko baldintzak antzekoak dira, dena den: urtean esku-huskako hamalau jaialdi profesional eta torneo bat antolatu behar izatea —tartean final bat-—, palako berrogei, eta trinketa eta emakume hainbat jaialdi. Baikok trukean 1,7 milioi euro jasoko ditu, eta leihatilako dirua aldundiarekin banatzen du. Aparkalekua ere Customek kudeatzen du.
Fundazioa, berrikuntza
Baiko Fundazioa da enpresa azpiegituraren berritasun handietako bat. «Gizartearekin genuen zor bat da, eta gizarteak eman diguna itzuli nahi diogu. Pilota modalitate txikiagoak bultzatu nahi ditugu, emakumeen pilota... eta harreman estuagoa izan afizionatu munduarekin eta herrietako klubekin. Eskatzen ziguten gauza bat zen. Orain arte harreman hori informala zen, eta orain egituratu egin nahi dugu». Garaik behin baino gehiagotan nabarmendu zuen emakumezkoen pilota jaialdiak antolatzeko asmoa. «Goiz da emakumezko talde bat izango dugun esateko. Emakumezkoen pilota bultzatu nahi dugu, eta asmo hori nola lortu artikulatu behar dugu. Iaz Bizkaia torneoa antolatu genuen, Custom Sporten bitartez, eta hori izan daiteke bidea». Pala profesionala oraingoz Innpalaren barnean jarraituko du, baina antolaketa aurki sartuko da fundazioaren barnean. «pala irabazteko asmoa duen jardun bat ez delako sartuko dugu fundazioan; ez du irabazirik. Helburua da palak bizirik irautea». Gaur egun Innpalan dauden hamar palistek jarraituko dute.
Beste bi adarrak Baiko Racing Team eta Baiko Indarra dira. Baiko Racing Teamekin, besteak beste, eta zuzendari nagusiak esan zuenez, «Euskal Herriko motoziklismo pilotu eta mekanikariei bultzada ematea da». Oraingoz, Europako Txapelketan lehiatzen da taldea, Moto 2 eta Moto 3 txapelketan. Moto 2n, taldearen pilotuak Edgar Pons eta Benny Solis dira, eta, Moto 3n, Gerard Riu eta Iñigo Iglesias errenteriarra. Azkenik, Baiko Indarrak fitness zentroen kudeaketan jarriko du arreta.
Azala aldatu du Asegarcek
Pilota enpresa, Custom Sport eta AGR motoziklismo taldea elkartu dituzte Bainet Taldea osatzeko. Eskupilota profesionalari dagokionez, ez da aldaketa handirik egongo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu