Axio Araña hil da, Ordiziako jokalari eta entrenatzaile ohia

Haren aginduetara igo zen Ordizia 2005ean Espainiako Ohorezko Mailara, eta hura zen entrenatzailea 2012ko eta 2013ko Espainiako Kopak irabazi zituenean.

Axio Araña Ordiziako jokalari eta entrenatzaile ohia. BERRIA
Axio Araña Ordiziako jokalari eta entrenatzaile ohia. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko martxoaren 7a
16:00
Entzun

Ordizia errugbi taldeko kide mitiko bat hil da, gaixotasun luze batek jota: Inazio Araña Axio jokalari eta entrenatzaile izana (Beasain, Gipuzkoa, 1961). Ia hogei urtez jokalari eta beste hogei urtez entrenatzaile izan zen Axio, klubaren arorik loriatsuenean. Hala, Ordiziako taldearen ikur bilakatu zen. Haren aginduetara igo zen taldea 2005ean Espainiako Ohorezko Mailara, eta hura zen entrenatzailea 2011n eta 2012an Ordizia ligako txapeldunorde izan zenean, eta 2012ko eta 2013ko Espainiako Kopak irabazi zituenean.

Ia kirol ibilbide osoa egin zuen Ordizian Axiok, bi etapatan salbu: bi urtez Atletico San Sebastian taldean jokatu zuen, eta, Ordizia utzi ondoren, La Unicako teknikari aritu zen hiru denboralditan. Hain zuzen, Ordizia onenean zela utzi zion hango entrenatzaile izateari: 2013an, taldeak Espainiako Kopa bigarrenez irabazi ostean. Gipuzkoako Foru Aldundiak haren lana saritu zuen 2012. urtean.

Sare sozialetan kaleratutako ohar baten bidez, Ordiziak «samina» adierazi du, eta nabarmendu Axio «klubaren bultzatzaile» izan zela: «Ordiziako errugbizaleok ez dugu ahaztuko Axio: haren ezpatak beti lagunduko gaitu». Teknikari ohia klubak izandako bilakaeraren «zutabeetako bat» dela azpimarratu du, eta taldea gorenean egotearen «eragile nagusietarikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.