Avenidako izarrek dir-dir egin dute, eta Gernika Kopatik kaleratu

Arica Carterren eta Alexis Princen artean 46 puntu sartu dituzte. Bukaeran, aldea sei puntukoa baino ez izatea lortu du Gernikak, baina ez du asmatu erlojuaren aurka jokatzen.

Arica Carter (Avenida) eta Sofia da Silva (Genika) FEB
Arica Carter (Avenida) eta Sofia da Silva (Genika) FEB
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 22a
20:25
Entzun

Hiru urte zeramatzan Gernikak Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatzen, baina, laugarrenean, ezin izan du. Avenidak final-laurdenetan kaleratu du, eta lehen partidan esan behar izan dio agur lehiaketari. Bazituen garaipenean sinesteko arrazoiak. Izan ere, ligako talde handi guztiei irabazi die aurten Malosten; besteak beste, Avenidari. Baina kanpoko jaurtiketan izandako egun txarrak eta Arica Carterren (24 puntu eta 4 asistentzia) eta Alexis Princen jarioak (22 puntu eta 8 errebote) kondenatu egin ditu bizkaitarrak. 

Gernikak ondo hasi du neurketa. Defentsako lanerako bosteko aproposa kantxaratu du Lucas Fernandez prestatzaileak. Itziar Ariztimuño lider zutela, lan ona egin dute atzean gernikarrek, eta Avenidari kosta egin zaio neurketan sartzen. Baina Salamancako taldeak Arica Carter izan du iparrorratz, eta hark nahi zuen erritmoa ezarri du lehen laurdenaren bigarren erdian. Hala ere, defentsak nagusitu dira bi aldeetan. Trabatuta zegoen lehen laurdena, eta aldea puntu gutxikoa zen. Baina, laurden horretako azken bi jokaldietan, abantaila hartu dute espainiarrek. Hiruko bat sartu du Andrea Vilarok, eta kontraeraso bat egin Sika Konek, baloia ostu ondoren. 10-18 amaitu da lehen laurdena.

Bigarrenean, azeleragailua zapaldu du Avenidak. Presio ona egin du kantxa osoan, eta gernikarren erasoa atzeratzea lortu. Erritmo bizian jokatzea gustatzen zaio Gernikari, baina, presioarekin, Avenidak ondo aurre egin dio gernikarren indarguneari. Gainera, Gernikakoek kanpoko jaurtiketa erosoak huts egin dituzte, eta Avenidaren jokalari garrantzitsuak agertu dira. Carterren erritmoak, Alexis Princen saskiratzeek eta Koneren saski azpiko lanak abantaila nabarmena eman diote Avenidari (31-17). Hutsartea eskatuta, Fernandez zonakako defentsarekin ahalegindu da Avenidaren jarioa mozten, baina horrela ere ez du lortu. Princek berean jarraitu du, huts egin gabe —11 puntu sartu ditu zati bakoitzean—. 

Ariztimuño berriro kantxaratuta aldatu du partidaren norabidea Fernandezek. Atzean sendotasuna erakutsi, eta erritmoa bizitu du bilbotarrak. Gainera, barruko jokalariak pase egokiekin hornitu ditu erasoan, eta blokeo zuzena jokatuz, lauzpabost metroko jaurtiketekin min egitea lortu du Gernikak. Avenidaren hutsegite batzuk ere iritsi dira. Erasoko falta bat eta kirolez aurkako beste bat baliatu ditu talde bizkaitarrak pixkanaka-pixkanaka hurbiltzeko. 33-25 iritsi dira atsedenaldira.

Prince eta Carter, lotsagabe

Behetik gorakoa eginda, are gehiago hurbiltzeko nahiarekin itzuli da Gernika aldageletatik, baina errealitate gordinarekin egin du topo. Avenidari irabazteko, gauza asko behar dira. Zure lana ona izan dadila, lehendabizi. Baina ez hori bakarrik. Aurkarien izarrak ez agertzea ere behar izaten da, eta Princek eta Carterrek egun bikaina izan dute. Barneraldiak batetik, eta hirukoak bestetik; 46-31koa ezarri dute bien artean. Estatistika argigarria zen 25. minutuan. 31 puntu zeramatzaten Avenidako bi amerikarrek; hau da, Gernikak ordurako bilduak zeuzkan bezainbeste. Gernikak, baina, ez du amore eman. Ariztimuñok eta Sara Maderak bi hiruko sartu dituzte, eta 51-39 amaitu da hirugarren laurdena.

Azken laurdenean Stephannie Wattsek hauspotu nahi izan du erritmoa. Hiruko bat eta kontraeraso bat lortu ditu hamar segundo eskasean, eta hamar puntura hurbildu da Gernika. Avenida urduritu egin da, eta jokoan nabaritu zaie. Sofia da Silvak min handia egin die saski azpian, erasoan, eta defentsan ere ondo zaindu du errebotea. Bi minutu eskas falta zirenean, sei puntura hurbildu da Gernika, baina presaka jokatu nahi izan du, eta hiru baloi galdu ditu jarraian. Avenidak ondo kudeatu du aldea, eta 66-56 amaitu da neurketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.