PILOTA

Auzolanean lortutako helburua

Iera Agirre Ados Pilota klubeko pilotari eta ordezkariaren arabera, «guztiz arrakastatsua» izan da Binakako Txapelketa Nagusiaren hirugarren ekitaldia.

Ados klubeko zenbait pilotari, elkarrekin, binakako nagusiaren finalak amaitu berritan, joan den larunbatean, Antzuolan. EDUARDO AGIRRE
Ados klubeko zenbait pilotari, elkarrekin, binakako nagusiaren finalak amaitu berritan, joan den larunbatean, Antzuolan. EDUARDO AGIRRE
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 24a
05:05
Entzun

Egun batzuk pasatu dira, baina Ados Pilota klubeko ordezkariei ez zaie oraindik kendu binakako nagusiaren hirugarren ekitaldiak utzi dien aho zapore oso ona. Joan den larunbatean amaitu zen, lau hilabete pasatxoko lehia gogorraren ostean. Lehen eta promozio mailako finalak jokatu zituzten, Antzuolan (Gipuzkoa). Ainhoa Ruiz de Infantek eta Leire Galeanok jantzi zuten maila nagusiko txapela, eta Aizane Ibarrolak eta Nahia Bertizek promoziokoa.

Amaierari erreparatu dio lehenbizi Iera Agirre Adoseko pilotari eta ordezkariak (Leitza, Nafarroa, 1987). «Egun ederra izan zen: bete egin zen frontoia, eta bi finalak partida onak, luzeak, borrokatuak eta emozioz beterikoak izan ziren. Bikain amaiarazi genuen txapelketa».

Adosek bere ibilbideko txapelketarik luzeena antolatu du: lau hilabete pasatxo iraun du, 22 pilotari aritu dira, 58 partida jokatu dituzte, eta 36 frontoitan jardun dira. Inoiz ez zen egin halakorik emakumezkoen pilotan. Erronka handia zen halako txapelketa bat antolatzea, baina «oso pozik» daude, «sobran» bete baitute helburua. «Apustu handia egin genuen lau hilabeteko txapelketa antolatuta; arlo guztietan zen orain arteko garrantzitsuena. Baina balorazioa oso ona da. Batetik, helburu nagusia bete dugu: pilotariok asteburuero zuriz janzteko aukera izatea; eta, bestetik, lortu dugu udalek apustu egitea euren herrira emakumezkoen pilota eramateko. Hori gutxi ez, eta pilotariok oso ondo aritu gara, eta partida oso onak jokatu ditugu. Guztiz arrakastatsua izan da».

Zergatik horren apustu handia? Azkar eta sendo erantzun du. «Pilotariek merezi dutelako. Txapelketa luzeak jokatzea eta asteburuero aritzea eskatzen dute, eta guk argi genuen eskaera horri erantzun behar zitzaiola. Aldi berean, erakutsi nahi genuen emakumezkoak gai garela halako txapelketa luzea jokatzeko. Erakutsi dugu lau hilabete luzez oso ondo aritu gaitezkeela».

«Pilotariek txapelketak luzea jokatzea eta asteburuero aritzea eskatzen dute, eta guk argi genuen eskaera horri erantzun behar zitzaiola».

IERA AGIRRE Ados Pilota klubeko pilotaria eta ordezkaria

Apustuaren tamainakoa izan da egin beharreko lana. «Ikaragarri egin behar da lan halako txapelketa bat antolatzeko; jendeak jakin behar du zenbat kostatzen den. Gizonezkoetan errazagoa da pilotaleku bat hartzea eta hura betetzea. Guk, ordea, udalen beharra dugu nahitaez, eta 36ren laguntza lortzea oso lan neketsua da. Oso pozik gaude, baina horren atzean antolakuntza lan handia dago, eta Adoseko kideok egiten dugu dena». Zorionez, «gero eta gehiago» direla azpimarratu du. «Auzolan handia da hau; bakoitzak bere alea jartzen du. Horregatik funtzionatzen du horren ondo. Bestela, ezinezkoa litzateke hau aurrera eramatea».

Pilotariak erdigunean 

Hura eta Maite Ruiz de Larramendi aritzen dira gehien antolaketa lanetan. Egiteko handia da, baina jasotzen duten eskertzak indarra ematen die. «Denek esaten digute sekulako lana egiten dugula, eta sekulakoa dela horrek sortzen duena». Pilotariek eskertzen dute gehien. «Izugarri eskertzen digute nola zaintzen ditugun, eta haiekin dugun gertutasuna eta prestutasuna; gu pilotariak gara, eta badakigu pilotari batek zer behar duen. Adibidez, txapelketa honetan Axier Arteagak prestatzaile eta trebatzaile lanak egin ditu, eta hori sumatu egin da. Agerikoa da emakumezkoen pilota aurrerapausoak ematen ari dela». Komunikabideak izan nahi dituzte bidelagun. Haiei eskatu die «kasu gehiago» egiteko, ez bakarrik «oso noizean behin».

Adosek aurki beteko ditu lau urte. «Oso harro» daude emakumezkoen lehen pilota klub profesionala eratzeko egindako apustuagatik. «Bi helburu genituen: bata, profesionaltasuna bultzatzea, eta, egun, gure pilotari guztiek urte osoko lan kontratua dute. Kostatzen da horri eustea, baina gure asmoa ahalik eta baldintza onenak ematea da. Harrobiko lana ere sustatu nahi genuen, eta, egun, 40 haur daude gurekin entrenatzen. Oso pozik gaude».

Binakakoaren arrakastak indarra eman die lanean jarraitzeko. Horretan ari dira. Udaberri torneoa izango da hurrengo txapelketa. «Iaz bezala, pilota eta bertsoa uztartuko ditugu. Pilotariak jokatzeko irrikaz gaude». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.