Auzia, azken txanparen zain

Hainbat auzipetuk onartu dute Betis saritu zutela, baina ez da argitu galtzeagatik pagatu zuten. Sisik esan du instrukzio epaileak eta Tebasek dirua eskaini ziotela hitz egin zezan

Osasuna auziko 11 auzipetuak, lehen bi lerroetan, epaiketako lehen egunean, urtarrilaren 20an. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da Osasuna auziaren epaiketa. Azken hilabetean denetik gertatu da, eta oraindik kontu ugari daude argitzeko.

AUZIAREN ABIAPUNTUA
Javier Tebasen lorratza


Epaiketako protagonista nagusietako bat izan da Javier Tebas LFPko presidentea.Hark bultzatuta hasi zen auzia. Izan ere, Angel Bizkai 24 urtez Osasunako kudeatzaile izan zenak 2015eko otsailean LFPren aurrean aitortu zuen Miguel Artxanko presidentearen bi denboraldietan sei partida erosi zituela Osasunak. Epaiketan, Tebasek onartu du presio egin ziola Bizkairi, hark ukatu arren: «Ohartarazi nion delitu ugari egon zitezkeela, datu garrantzitsuak genituela». Tebasek esan du Bizkaik aitorpena egin izan ez balu Osasuna «agian» ikertua izango zela.

Tebasen arabera, 2013-2014ko denboraldian Valladolideko presidente Carlos Suarezek ohartarazi zion Osasunak partidak eros zitzakeela. Suarezek Sisinio Gonzalez Sisi-ren bidez omen zekien hori —taldeko jokalari izan zen bost denboralditan—. LFPk detektibe talde bat kontratatu zuen Osasunako agintarien mugimenduak zelatatzeko, baina Txuma Peraltari jarraitu ordez, Jose Manuel Purroyren atzetik joan ziren. Haien hurrengo jomuga Sisi izan zen, Tebasen hitzetan: «Askotan, hori da zailtasuna: omertá isilpeko legea dagoela aldageletan, eta jokalariek ez dute hitz egin nahi».

Sisik, baina, bestelako bertsioa eman du. Lekuko giltzarria izan da. «Asko estimatzen dut Valladolid, baina ez nekien ezer, eta, jakin izan banu ere, ez niekeen ohartaraziko ezer, Osasunarekin bainuen kontratua». Sisiren arabera, Fermin Otamendi instrukzio epaileak egin zion eskaintza: «Esan zidan pertsona zintzoa nintzela, eta zigor posibleen aurrean nire kontratua babesteko prest zirela. Tebasi deitu zion. Ez nuen harekin hitz egin, baina esan nion ez zela beharrezkoa, ez nekielako ezer. Ulertu nuen hitz egin nezan ordaindu nahi zidatela». Akusazioa larria izan daiteke, epaileek legez debekatua baitute eskaintzarik egitea. Otamendiren aginduetara lan egin zuen Espainiako Poliziaren arduradun Iñaki Arbeak, LFPrentzat egiten du lan orain.

IRABAZTEAGATIK SARITZEA
Legezkotasuna airean


Epaiketan argitu beharko da legezkoa ote den partidak irabazteagatik saritzea. Izan ere, hainbat auzipetuk onartu dute Osasunak 400.000 euro ordaindu zizkiola Betisi, Valladolidi irabaz ziezaion. Tebasek berak gai horri buruzko iritzia aldatu duela aipatu du: «Gorenak doktrina aldatzen duenean bezala, orain uste dut delitua dela». Iritzia eman zuen beste bat garai hartako Betiseko entrenatzailea izan zen, Gabriel Calderon. «Erabat legezkoa izan beharko luke». Argi utzi zuen beste kontu bat dela galtzeagatik saritzea: «Nire jokalarietako batek halakorik egingo balu, hobe luke antzeztea lesioa duela, bestela publikoki salatuko bainuke».

PARTIDEN EROSKETA
Auzipetuen onarpena


Eta hori da epaiketako beste gakoetako bat: Betisi ordaindu ote zitzaion Osasunaren aurka galtzeagatik eta Espanyoli berdintzeagatik. Gainerako lekukoek ukatu egin dute irmo. Patxi Puñal garai hartako Osasunako kapitainak gogorarazi du «lehia bizia» izan zela azkenekoa: «Gureak eta biikusi genituen Betisi irabazteko». Javi Gracia orduko entrenatzaileak bi partida haiek modu berean laburbildu zituen: «Ziurrenik gehien prestatu ditudan bi partidak izan dira. Nire ibilbide profesionalean eta pertsonalean une gogorrena izan da nire lurraldeko taldearen entrenatzaile gisa Bigarren Mailara jaistea».

Lekukoen hitzez harago, delituaren zantzu argirik ez da izan, baina badira bi zertzelada interesgarri. Batetik, Angel Anso Iruñeko NH Hoteletako arduradun zenak Espanyoleko jokalari batzuei entzun zien dirua jaso zutela. «Ez zuten argitu norengandik jaso zuten dirua: Osasunak, Valladolidek edo nork eman zien». Bestetik, partida hartan apustuen %49k berdinketaren alde egin zuten, eta 250.000 euroko apustu bat egin zen. Ez zen jakin nork.

Poliziaren ikerketek ondorio argigarri batzuk atera zituzten, Betiseko eta Osasunako ordezkarien telefonoen datuetan oinarrituta. Madrilgo hotel batean bildu ziren Bizkai eta Peralta Osasunako zuzendaritzako kidea, Xavi Torres eta Antonio Amaya Betiseko jokalariekin, 2014ko maiatzaren 9an —guztiak daude auzipetuta—. Ordutik aurrera, telefono dei asko egin zituzten bi aldeek, eta, astebete geroago, Sevillan (Espainia) egin zen ordainketa. Poliziek «uste sendoa» dute Betiseko jokalariek dirua jaso zutela.

Frogen jakitun, akusatuetako batzuek onartu egin dute Sevillan egindako ordainketa. Makirriainek, adibidez, onartu du dirua garraiatu zuela Sevillaraino: «Ni hoteleko logelara igo nintzen, eta Bizkaik eta Peraltak ordubete inguru eman zuten kanpoan. Ez zidaten ezer argirik esan. Bilera bat zutela eta taldearentzat gestio batzuk egin behar zituztela».

KONTUEN FALTSUTZEA
Galdera asko;erantzunik ez


Epaiketan ondorioztatu da Osasunako kontuetatik 2,4 milioi euro atera zirela. Bizkairen ustez, gehiena partidak erosteko erabili zen, baina ezin izan da hori egiaztatu. Zuzendaritzako kide batzuei dirua beraientzat hartzea leporatu diete, baina haiek ukatu egin dute.

Beste kontu ilun batzuk daude. Lehen denboraldian, 900.000 euro atera izana justifikatzeko, Osasunak gezurrezko faktura bat izenpetu zuen Albert Nolla eta Cristina Valencia higiezinen arloko agenteekin: denboraldi hartako kontuen ikuskatzailea dirua jaso izanaren ohar batekin konformatu zen. Bigarren denboraldian, 1,4 milioi euro justifikatzeko, Flefield enpresarekin gezurrezko kontratu bat egin zen, eta ordurako Osasunaren lema zuen kudeaketa batzordea horren gaineko ardura izenpetzera behartu zuen ikuskatzaileak. Lehen urtean leun eta bigarrengoan oso zorrotz jokatu zuenez, atentzioa eman du haren jarrerak.

Ikusteko dago noren ardura diren. Ikerketan arabera, kontratuek Bizkairen sinadura elektronikoa dute, baina hark finantza arloko arduradunei bota die errua, bere ordenagailuaren pasahitza zutela esanez. Higiezin enpresako bi ordezkariak auzipetuta daude, baina Flefieldi buruz inork ez daki ezer. Enpresaren lege arduradunak, Iñigo Landak, adierazi du ez duela inongo loturarik: «Bezeroen irizpideei jarraituz lan egin dut Flefieldekin. Ez dugu haietako inorekin hitz egin, eta ez dakigu nor dagoen atzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.