Osasuna Kopako finalean

Autobusak aterako dira Sevillarantz, gidariek akordioa lortu ostean

Sei urterako hitzarmena sinatu dute langileek. Ostiralerako eta larunbaterako deitua zuten grebara.

Astebururako greba egunak deitu zituzteneko elkarretaratzea. @CCOOCARLOG
Julen Otaegi Leonet.
2023ko maiatzaren 3a
17:32
Entzun

ANET Nafarroako Garraio Enpresen Elkarteak eta sindikatuek —CCOO, ELA, UGT eta LAB— lan hitzarmenaren akordioa adostu dute gaur. Hala, azkenean, 150 bat autobus irtengo dira maiatzaren 5ean eta 6an Nafarroatik Sevillarantz. Datorren ostiralerako eta larunbaterako deitua zuten grebara; hain justu, Espainiako Kopako finalerako, zeina Osasunaren eta Real Madrilen artekoa izango baita. Bidaiarien garraio sektoreko langileek testua bozkatu dute gaur arratsaldean egindako asanblean, eta onartu egin dute.

Lan hitzarmeneko negoziazioaren «blokeoa» salatzeko deitu zuten grebara, duela bi aste. Sindikatuek salatu dutenez, 2017tik daramate hitzarmenik gabe, eta azken bi urteak igaro dituzte negoziatzen. Azkenean, langileen «aldarrikapen gehienak» biltzen dituen testu bat ondu dute. 1.500tik gora langilek egiten dute lan bidaiarien garraio sektorean.

Sei urterako sinatu dute lan hitzarmena, 2021-2026 urteetarako. 2023rako soldata %10 igotzea adostu dute; 2024rako, %5,2; eta 2025erako eta 2026rako, %3 —guztira %21,2eko igoera—. Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, soldatak berrikusi ahal izango dira, «erosteko ahalmena galduko ez dela bermatzeko». Soldata alde batera utzita, akordioak lortu dira eremu funtzionalean, ordu osagarrietan, aldizkako finkoetan eta erretiro partzialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.