Goi mailako kirolean, gauzak ziztu bizian joaten dira batzuetan. Atzo deuseza zena, punta-puntan ibil daiteke gaur. Duela gutxi tontorrean zegoena, amildegian behera eror daiteke berehalakoan. Ezer ez da betiko idatzita egoten, eta gauzak segundo batean alda daitezke.
Australiako errugbi selekzioaren ibilbideak argi erakusten du kirolak berezkoa duen etengabeko zalantza sorgin hori. Duela urtebete eskas, inor gutxik jokatuko zukeen zentimo bat Wallabies-en alde —hala deitzen diete Australiako selekzioko jokalariei—. Munduko Kopako finala jokatzeko atarian, berriz, batek baino gehiagok Zeelanda Berria mendean hartzeko gai ikusten ditu.
Goitik beherako aldaketa horrek badu erantzule nagusi bat: Michael Cheika hautatzailea (Sydney, Australia, 1967). 2014ko urrian, Australiako selekzioaren ardura hartu zuenean, kinka larrian zegoen taldea. 2011ko Munduko Kopaz geroztik burua altxatu ezinda zebilen —hirugarren izan zen Zeelanda Berrian jokatutako ekitaldian—. 2013an, lehoi britaniarren aurkako test partidetan jasotako porrotek postua galtzea ekarri zioten Robbie Deans hautatzaileari. Haren ordezkoak, Ewen McKenziek, berriz, urtebete eskas eman zuen postuan. Kirolez kanpoko arazoengatik, dimisioa eman zuen 2014ko urrian. Munduko Kopa hasteko urtebete falta zela, suhiltzaile lanak egitera etorri zen Cheika.
Taldea erabat hautsita topatu zuen. McKenzieren dimisioak, eta oinarrian izan ziren arazoek taldea zatitu zuten. Jokalarien artean giroa txarra zen, eta emaitzak ez ziren onak. 2014ko Rugby Championship lehiaketan, balantze kaskarra ukan zuen Australiak: bi partida irabazi zituen, bat berdindu eta hiru galdu, tartean Argentinaren aurkako bat.
Taldeko giroari zegokionez, Kurtley Beale taldetik at zegoen, selekzioko laguntzaile batekin izandako liskar bat zela tarteko. Hainbat jokalarik ere —Adam Ashley-Cooper, Quade Cooper, Israel Folau eta Ben Mowen, besteak beste— diziplina arazo batzuk izan zituzten, zelaietatik at. Panorama oso beltza topatu zuen Cheikak.
Gauzak horrela, berehala hasi zen lanean. Horretarako, denbora arras gutxi izan zuen. Taldearen ezagutza fite egitera behartu zuen hori: gabeziak identifikatu, eta haiek konpondu. «Azaroko partiden ondotik, aski argi ikusi nuen zer zen hobetu behar genuena. Ordutik, hori konpontzen entseatu naiz», adierazi zuen Cheikak Ingalaterraren aurka Munduko Kopako partida jokatu aurretik.
Diagnosi lan hori egiteko ezinbestekoa izan da errugbi kultura bikoitza izatea. Hego hemisferioko errugbiko eskolakoa da Cheika, baina Europako errugbia ere sakonetik ezagutzen du. Jokalari zela jadanik Australiatik Frantziara joan zen urte batzuk han jokatzera. Entrenatzaile postuan, berriz, Australian, Italia, Irlandan eta Frantzian aritu da. Aldi oro, arrakasta atzemandakoa da, gainera. Irlandako Leinster probintziarekin, lehenik, Zeltiar liga (2008an) eta Europako Heineken lopa (2009an) irabazi zituen. Parisko Stade Françaisen aritu ondotik, Australiako Waratahs taldearen buru izan zen, eta Super Rugby txapelketa irabazi zuen (2014an).
Wallabies-en burua hartu eta berehala, apustu argi batzuk egin ditu Cheikak. Horietan lehena, uztartzearena izan da. Historikoki, Australia beti moldatu izan da pattal uztartzeetan: «Australian, errugbia hirugarren kirola da kriketaren eta hango futbolaren gibeletik. Jendea erakartzeko, selekzioak joko ikusgarria egin behar izan du, eta uztartzearen gisako geldikako faseak bazterrean utzi ditu», azaldu du David Campese Australiako selekzioko jokalari izanak.
Cheikak, Europako esperientzian oinarrituz, argi ikusi duMunduko Kopan urrun joateko ezinbestekoa dela uztartze sendoa izatea. Fase hori lantzeko, Mario Ledesma fitxatu zuen 2014ko udazkenean. Argentinarraren lanak uzta bikaina eman du, eta Australiak Munduko Kopako uztartze sendoenetakoa lortu du. «Jokalariek lan anitz egin dute, eta harro nago haietaz», aitortu du heikak.
Apustu ausartak
Jokalariei dagokionez ere, apustu ausartak egin ditu: Europan erbesteratuak ziren, eta selekziotik kanpo gelditu ziren Mat Giteau eta Drew Mitchell deitu zituen, lehenik: «Haien postuan onenak badira, zergatik ez ditut deituko? Europan ari direlako ezin al dira selekziora etorri?». Haien ondoan, hautu erabakigarriak ere egin ditu: hirugarren lerroan David Pocock eta Michael Hooper, antzeko profila duten bi jokalari, batera zelairatzea, adibidez. «Antzeko jokalariak dira, baina baita munduko onenetakoak ere. Jokalari onenak elkarrekin jartzea ezin da txarra izan». Irekitzaile postuan ere, Bernard Foleyren alde egin du, Quade Cooperren kalterako. Denek ala denek, Cheikaren konfiantzari erantzun diote, eta Australia arrakastaren bidera itzuli dute.
Hautu guztietan asmatu du Cheikak, eta, oraingoz, ederki suspertu du Australiako selekzioaren ibilia: joan den abuztuan, Rugby Championship lehiaketa irabazi zuen —2011tik ez zuen lehiaketa hori irabazi—. Orain, Munduko Kopako finalera iritsi da, txapelketa bikaina eginda: jokatu dituen sei partidak irabazi ditu. Larunbatean Zeelanda Berriari irabazi eta urte bikaina borobiltzea baizik ez zaio falta orain.
Errugbia. Munduko Kopako finala
Australiaren salbatzailea
Lau urte zail pasatu ditu Australiak, baina Michael Cheikak taldearen gidaritza hartu duenetik bidea zuzendu du, eta Munduko Kopako finalean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu