Oroitzapen onak ekartzen dizkio Espainiako Kopak Nahikari Garciari (Urnieta, Gipuzkoa, 1997). Duela bost urte garaikurra lortu zuen Realarekin. Hark sartu zuen, gainera, gol erabakigarria. Orain, Athleticekin, bi urratsera du finala. Ilusioz dago.
Bartzelona izango duzue aurrean, San Mamesen jokatuko duzue, eta Kopako finalerdi bat duzue aurretik. Norgehiagoka berezi bat izateko osagai guztiak ditu gaurko partidak, ezta?
Bai, guztiz. Ziurrenik, zozketan aurkaririk indartsuena egokitu zitzaigun. Baina partida polita izango da, bai hura ikustera etortzen direnentzat, baita guretzat ere. Agertoki ederrean jokatuko dugu, eta gure maila erakusteko erronka ederra da. Kanporaketa zaleen babesarekin eta berotasunarekin hasteak beti laguntzen du. Ikusi zen Madrilen aurkako kanporaketan. Beste jokalari bat gehiago izan ziren, eta ez diot esateagatik. Indar handia eman ziguten sufritu behar izan genuen momentuetan, eta espero dugu Bartzelonaren kontra ere indar hori ematea.
Bartzelona azken denboraldietako talderik onena izan da. Badu pitzadurarik? Nondik egin diezaiokezue min?
Levantek berdindu egin zuen haien aurka Ligan, eta Txapeldunen Ligan ere ihes egin zien punturen batek. Horiek izan behar dute gure erreferentzia. Eta horiek kontuan hartuta, gure indarguneak eta esentzia baliatu. Baloia izatea gustatzen zaigu taldea gara, eta hortik abiatuta gure jokoa egin behar dugu. Ausartak izan behar dugu, eta beldurrik gabe jokatu. Aurretik esan esan, bezala proba garrantzitsua da, gure maila ikusteko, hazten jarraitzeko eta nora iritsi nahi dugun erakusteko. Kopan ibilbide polita egiten ari gara, eta horretan jarraitu nahi dugu. Asko sufritu dugu, baina gauza positibo asko ere ekarri dizkigu, ligarako ere baliagarrienak direnak. Denboraldi lehen partida etxetik urrun Granadaren aurkako kanporaketan irabazi genuen, taldeak estreinakoz irabazi zuen San Mames berrian... Mugarri asko gainditu ditugu.
Partidari erritmo bizia jartzen diotenean geraezinak dira, eta min handia egiten dute momentu gutxian. Neurketa zuen erritmoan jokatzea izan daiteke emaitza on bat lortzeko gakoetako bat?
Bai. Nik uste guk lasaitasunez jokatu behar dugula, pazientziaz. Ziur nago gure aukerak izango ditugula, eta horiek baliatu behar ditugu. Izan ere, kontziente gara partida ia perfektua egin beharko dugula emaitza on bat lortzeko. Baina ilusio horrekin gaude, eta denboraldi hasieratik izan dugun hazkunde horrekin jarraitzeko gogoarekin. Erakutsi dugu talde lehiakorra garela, eta asko ikasten ari garela. Talde oso gaztea dugu, eta nik beti esaten dut lehiatuz eta halako partidak jokatuz asko ikasten dela. Ligaren bigarren itzuli honetan askoz sendoago eta erregularrago ari gara, eta hori guretzat garrantzitsua da. Konfiantza ematen digu, eta bide horretan jarraitu behar dugu.
«Asteburuero lehiakor izateko gero eta gaitasun handiagoa daukagu. Erregularrago ari gara, eta konfiantzaz»
Erregulartasun eta sendotasun horretan hazi da taldea gehien denboraldia hasi zenetik?
Nik uste dut baietz. Asteburuero lehiakor izateko gero eta gaitasun handiagoa daukagu. Askoz erregularrago ari gara, bai jokoan, baita emaitzetan ere. Eta hori behar genuen. David [Aznar teknikaria] horren garrantzia azaltzen saiatu da hasieratik, eta lortzen ari gara. Asteburuero irabazteko gaitasun eta nahi hori daukagu.
Zu Aznarren aginduetara egon zinen Real Madrilen. Zer eman dio Athletici?
Jakin nuenean David Athleticekin fitxatu zuela, oso aukera ona iruditu zitzaidan bi aldeentzat. Uste dut Athleticek David bezalako entrenatzaile bat behar zuela, eta Davidek Athletic bezalako talde bat. Taldea gaztea da, eta hazkunde prozesu batean dago. Prozesu horretan gauza asko landu eta egokitu behar dira, eta David pertsona egokia da horretarako. Irakasteko gaitasun handia du, jakinda prozesu horretan ere emaitzak lortu behar direla. Lasaitasunez egiten du, baina etengabeko hobekuntza batekin.
Zuk ere, Real Madrilen nahi baino gutxiago jokatu ostean, irribarrea berreskuratu duzu Athleticekin fitxatu eta gero. Nola izan dira hilabete hauek?
Aipatu izan dut behar nuen zerbait zela. Real Madrilen asko disfrutatu nuen, eta esperientzia berri asko bizi izan nituen. Baina jokalarioi gustatzen zaiguna jokatzea da. Hemen hori berreskuratu dut, eta disfrutatzen ari naiz. Taldeari hazkunde prozesu horretan lagundu nahi diot. Niretzat, oso garrantzitsua da hori, asko betetzen nauen zerbait baita. Asko ikasten ere ari naiz. Oraindik gaztea naiz, eta asko dut lortzeko eta emateko. Hori da nire nahia. Hori guztia inguruan dudan jendearekin partekatzeak zoriontsu egiten nau. Oso pozik nago. Nahiz eta badakidan Nahikariren bertsiorik onena oraindik ere iristeko dagoela. Baina denboraldi hasieratik askoz hobeto sentitzen naiz.
Aznarrekin gertatu bezala, zuk Athletic behar zenuen, eta Athleticek, zu?
Bai. Harremana beti egon da, eta uste dut garairik egokienean, aproposenean, elkartu garela. Uste dut nire sentipenak berreskuratzeko talderik egokiena dela, eta nirekin eta etorri diren beste jokalariekin eskarmentua eman nahi izan diotela taldeari. Horretan gaude.
Gertu ikusten duzu zure bertsiorik onena?
Denek nahi ditugu berehalako emaitzak. Baina nik ere egokitzapen prozesu bat behar izan dut. Gainera, iritsi nintzenean min hartuta nengoen, eta bi urte neramatzan gutxi jokatzen. Prozesu bat izaten ari da, baina gero eta egokituago eta hobeto nago. Bidea dago egiteko, baina lan asko eginda eta pazientziarekin lortuko dugula uste dut. Gertu ikusten dut.
«Ikasi dut zein garrantzitsua den egunerokoa partekatzen duzun jende hori, eta amesten duzuna askotan ez dela espero bezain idilikoa»
Zer ikasi duzu Real Madrilen bizi izandakotik?
Gauza positibo asko atera ditut han bizi izandakotik. Inoiz espero ez nituen gauzak bizi izan nituen, bai onerako, baita txarrerako ere. Txapeldunen liga jokatzea, Real Madrilek dituen azpiegiturez gozatzea, etxetik kanpo bizitzea... Barne ezagutzarako izugarrizko esperientzia izan da. Baina ikasi dut ere zein garrantzitsua den egunerokoa partekatzen duzun jende hori, zein garrantzitsua den norekin irabazten eta galtzen duzun. Pertsona oso emozionala naiz, eta partekatzeko behar hori daukat. Hemen, alde horretatik, etxean bezala sentitzen naiz. Ikasi dut, era berean, amesten duguna askotan ez dela espero bezain idilikoa.